Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Urriak 11

Garoñako zentral nuklearraren bizitza ez luzatzera eta energia aurreztea lehenestearen alde egin dezan, kontsumoa murriztuz eta iturri ekologiko berriztagarriak erabiliz, premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak “Estatuko Gobernua eta haren Industria, Energia eta Turismo Ministerioa Garoñako zentral nuklearraren bizitza luza ez dezan premiatzen” duen ebazpena onetsi du gaur.

Ebazpenaren paragrafo hori UPN, SN, Nabai, Bildu-Nafarroa eta I-E parlamentu-taldeek onetsi dute, PP parlamentu-taldeak kontra bozkatu du.

Halaber, ebazpenak Nafarroako Gobernua premiatzen du “apustu garbia egin dezan energia aurreztea lehenestearen alde, kontsumoa murriztuz eta era guztietako iturri ekologiko berriztagarriak erabiliz; era horretan, energia-sistema iraungarriagoa eta solidarioagoa izan dadin”.

Ebazpenaren bigarren paragrafo hori, UPN eta SN taldeen zuzenketa baten bidez aldatu dena, ahobatez onetsi da.

Bildu-Nafarroa taldearen parlamentu-kideek aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean, proposamena honela justifikatzen da: “Garoñako zentral nuklearra Espainiako Estatuko zaharrena da 2006az geroztik. 1971ko martxoaren 2an jarri zen abian, eta berrogei urteko bizitza baliagarria izateko diseinatu zen. Epea, hortaz, iazko martxoan bukatu zen.

Bere jardueran zehar behin eta berriz izandako akatsek erakusten dute zentralak segurtasun-arazo handiak dituela, eta horri gehitu behar zaio pitzadura-arazoak dituela, korrosioaren eraginez.

Zentralaren funtzionamendua luzatzeak arrisku onartezina dakar ingurumenari, segurtasunari eta osasun publikoari begira, eta arriskuan jartzen da, istripu bat gertatuz gero, haren eragin-eremuan bizi diren milioika pertsonaren bizitza. Arrisku horretaz ohartuta, azken urteotan Euskal Herriko, Arabako eta Gasteizko gizarteak behin eta berriz eskatu du, modu masiboan, zentrala berehala ixtea.
Erakundeek ere –gobernu autonomikoa, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala– sarritan azaldu dute zein den beren jarrera azken hamar urteotan, Estatuko Gobernuari zentrala itxi dezan eskatu baitiote.

Frogatuta dago ez dagoela justifikatuta Garoñako zentral nuklearra ustiatzeko lizentziaren luzapena, zentralaren energia-ekarpena luzaz betetzen baita energia berriztagarriko sistemen bitartez.
Hala eta guztiz ere, Espainiako Estatuko gobernuak azken urteotan tematu dira zentralaren bizitza luzatzen, arriskuan jarrita ingurumena nahiz milioika herritarren osasuna. Erabaki horren atzean soilik egon daiteke Espainiako Estatuko Gobernuak bat egitea zentralaren jabe diren konpainia elektrikoen irabazizko interesekin.

Urgentea eta premiazkoa da ekonomia ekologizatzea. Gure lurraldea iraungarria izanen bada, ezin dugu muturreko arrisku egoeretan jarri –hori besterik ez da Garoñaren jarduera luzatzea– , apustu garbi, zalantzagabe eta atzeraezina egin beharra dago energia-iturri berriztagarri eta ekologikoen alde, eta egungo energia-kontsumoaren maila birplanteatu behar dugu.

www.parlamentodenavarra.es
Mozioaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012ko irailaren 7koa)