Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsaila 16

Ez da onartu transplanteen arloan gardentasuna bermatzeko eskatzen zuen mozioa

Europako araudiari jarraitzeko eskatzen zen, neurri handi batean osasungintza pribatuarekiko itunen bitartez gauzatzen den sistema batean herritarrek duten konfiantza ez kaltetzeko

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, UPN, Geroa Bai, PSN eta PPN taldeen aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aldeko botoekin, atzera bota du mozio bat, zeinaren bidez proposatzen baitzen Nafarroako Gobernua premiatzea “arautu dezan Foru Komunitateko transplanteetarako organo-emate, -erauzte eta -garraioaren antolaketa, 1723/2012 Errege Dekretua eta gaiari buruzko Europako araudia betez, horrela bermatze aldera gaixo askorentzat hain onuragarria den tratamendu horren segurtasuna, kalitatea, eraginkortasuna, efizientzia eta gardentasuna”.

 

Horretarako, 1/2013 Foru Legean “egin beharreko aldaketak” egiteko eskatzen zen.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatutako mozioak azpimarratzen zuen Nafarroa aitzindaria izan dela organo-emateetan eta -transplanteetan, baina hau nabarmentzen zuen: “Gardentasun handiagoaren falta igartzen dugu administrazio-mailan, are beharrezkoagoa dena transplante horietako asko osasungintza pribatuarekiko itunen bidez egiten delako”.

 

Horretarako, organo-, ehun- eta odol-ematearen atzean dagoen elkartasun-katea ez kaltetzeko, egintza boluntario eta altruista bat baita, dei egiten zen Nafarroako araudia egokitu dadin abenduaren 28ko 1723/2012 Errege Dekretuaren arabera. Arau horrek transposizioa egin zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko uztailaren 7ko 2010/45/UE Zuzentarauarena, Transplanterako giza organoen kalitate eta segurtasun arauei buruzkoarena”.



www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (19. NPAO, 2017-01-27koa)