Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 24

Ez da aintzat hartu jaiotza-tasa sustatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen Foru Lege proposamena

UPN soilik babestu du PPNren proposamena, “2012an indargabetutako laguntzak berreskuratzeko asmoa zuena”, eta Gobernuak dio “gehienak ezarrita edo prozesuan daudela”

Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin UPN eta PPNren aldekoekin jaiotza-tasa sustatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen Foru Lege proposamena aintzat hartzea.

 

PPNk sustatutako proposamenaren helburua zen “2012an krisi ekonomikoaren eraginez indargabetutako amatasun laguntza zuzenak berreskuratzea, jaiotza-tasa sustatzeko, lana eta familia bateragarri egitea sustatzeko eta emakume langileentzako eta familia ugarientzako laguntzak bultatzeko”.

 

Testuinguru horretan, hiru urte baino gutxiagoko seme-alaba bakoitzeko urtean 1.200 euroko laguntzak aurreikusten ziren, baldin eta beren gain edo besteren kontura lanaldi osoko jardueraren bat egiten bazuten eta jarduera horrengatik Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda bazeuden. Gainera, Nafarroan erroldatuta egotea eta zerga-egoitza Nafarroan izatea ziurtatu behar da.

 

Laguntza hiru urtez emanen zen, jaiotzatik zenbatzen hasita. Adopzio edo familia-harrera kasuan, adopzioaren ebazpen judizialaren datatik edo harrera iraunkorraren ebazpen administratibo edo judizialaren datatik hasita emanen zen laguntza, harik eta adingabeak hiru urte bete arte.

 

Familia ugarien kasuan, 18 urtera bitarteko seme-alaba bakoitzeko urteko 360 euroko laguntza ekonomikoa emanen zitzaien hiru seme-alaba edo gehiagoko familiei, hirugarren seme-alabatik aitzina eta hori barne, “baldin eta horien errenta ez bada erregelamendu bidez ezarritakoa baino handiagoa”.

 

Nafarroako Gobernuak 2019rako nahiz hurrengo urteetarako Nafarroako Aurrekontu Orokorrean kasuko aurrekontu-partida izendatuko luke lege honetan jasotako laguntza-eskabide guztiei aurre egiteko.

 

Ana Beltránek (PPN) azaldu duenez, jaiotza-tasa sustatzeko eta lan eta enplegu bizitza bateratzeko laguntzak "oso urriak" dira, eta beharrezkoa ikusten du "gehiago garatuko dituzten politikak sustatzea".

 

Bere iritziz, jaiotza-tasa sustatzeko laguntzak "zuzenak izan behar dira, ez errenta kenkarien bidez. Ordua da familiei krisiaren bitartean egin zuten esfortzua itzultzeko". Beltranek amaitzeko esan du Nafarroako Gobernuaren argudioak "sektarioak eta hutsalak" direla.

 

Nuria Medinak (PSN), ziurtatu du Legea akats kontzeptual batetik abiatzen dela, izan ere, jaiotza-tasa sustatzea ugalketa sustatzean mugatzen baitu, eta honi ikuspegi sinplista deritzo, ez baitu kontutan hartzen pertsona bakoitzak bere bizitza antolatzeko eta zenbat seme-alaba eduki nahi dituen erabakitzeko eskubidea".

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek arrazoi estrategikoak azaldu dituzte, izan ere, "Nafarroan Familiari, Haurrei eta Nerabeei laguntzeko 2018-23 II. Plan Integralean ezarrita daude neurri hauek (hiru urte baino gutxiago dituzten seme-alabak dituzten emakumeentzako zerga kenkariak, familia ugarientzako zerbitzu osagarriak eta familia ugari ziurtagririarentzat gizarte zerbitzuak eta prestazioak) edo eta prozesuan".

 

Gobernua osatzen duten alderdiek diote PPNk aurkeztutako Foru Lege proposamenak familia ikuspegi "zaharkitu eta zurruna" eskaintzen duela, "egun elkarbizitza egiturek bizi duten aldaketa prozesutik" oso urrun dagoena, "hortaz, ez da eraginkorra, baita prestazio ekonomikoei dagokienean ere, ez baitira eraginkorrak bere horretan".