Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Martxoak 9

Euskarari buruzko Foru Lege berri bat egiteko Batzorde Berezia osatu da

Dabid Anaut (EH Bildu) lehendakaritzat hautatu ostean, apirilean bilkurak hasi aurretik lan plangintza adosteko epe bat ireki da

Gaur osatu da Euskarari buruzko Foru Lege berri bat egiteko Batzorde Berezia, pasa den urriaren 27ko Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan EH Bilduren ekimen baten bidez onetsia. Helburua araudi berri baten erregulazioa ikertzea da, “herritar guztien eskubideak bermatuko dituena, lurraldeko errealitate soiolinguistiko desberdinak aintzat hartuz eta hauetara egokituz”. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu zuten, I-E abstenitu egin zen eta parlamentario erregionalista bat ez zegoenez, proposamena aurrera atera zen (24 alde, 23 aurka) Geroa Bai eta podemos-Ahal Duguren babesarekin.

 

Ainhoa Aznarez izan da Batzorde honen eraketa bilkurako lehendakaria, eta Batzordearen lehendakaritzat Dabid Anaut (EH Bildu) hautatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Anaut izendatu ondoren, Batzorde Bereziak Lehendakariaren esku utzi du lan plangintzaren zirriborroa egitea, apirilaren hasieran bilkurekin hasi aurretik aurkeztu beharko du, Aste Santuko oporrak baino lehen.

 

Dabid Anautek azaldu bezala, talde guztien ekarpenei irekita daude, eta ideia da gai honetan adituak direnen agerraldiak proposatzea edo Foru Komunitatean euskararen ahots garrantzitsuak ekartzea (mugimendu sozialak, sindikatuak, erakunde espezializatuak), hortik aurerra, “Nafarroan euskararen estatus legalaren ikerketan eta analisian sakontzeko eta esparru desberdinetan daukan eragina ikusteko, funtzio publikoa eta hezkuntza barne”.

 

Dabid Anaut (EH Bildu) lehendakari duen Batzorde Berezia Carlos García Adanero (UPN), Koldo Martínez (Geroa Bai), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) parlamentarioek osatzen dute.

 

Ordezko gisa, Virginia Aleman (Geroa Bai), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Javier Garcia (PPN) daude.

 

Otsailaren 28an Parlamentuko Mahaian onetsitako arauekin bat, Euskarari buruzko foru lege berri bat egiteko batzorde bereziak “honako printzipio inspiratzaile edo oinarrizkoak izanen dituen lege bat taxutzeko xedea du: Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, zonifikazio linguistikoa gainditzea eta euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtzea, lurraldeko errealitate soziolinguistiko desberdinetatik abiatuz eta haiei egokituz”.

 

Batzordearen (talde edo elkarte parlamentarioetako bat) erabaki guztiak boto ponderatuaren sistemaren bitartez hartuko ditu, beraz eledun bakoitzak, bere taldea edo foru parlamentarien elkartea zenbat foru parlamentarik osatzen duten, horrenbeste boto edukiko ditu batzordean.

 

Batzordeak laguntza eta lankidetza eskatzen ahalko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta, Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bidez, egoki jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak lantaldera etor daitezen eskatu ahalko du, edo beharrezkoak diren txostenak egin daitezen. Orobat eskatzen ahalko du arlo horretako beste pertsona eta aditu batzuk ere etor daitezen.

 

Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Halarik ere, hedabideen ordezkariak, nortasuna behar bezala egiaztatuta, batzordeetara joaten ahalko dira, bilkura horiek isilpekoak direnean izan ezik. Hedabideak joan daitezkeen bilkurak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmititzen ahalko dira.

 

Batzordeen bilkurak isilpekoak izanen dira bere kideen gehiengo osoak hala erabakitzen duenean, kasuko batzordeburuak, bi talde parlamentariok edo batzordeko kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko izaerako bilkura bat bukatu ondoren, batzordeburuak hartu diren erabakien berri ematen ahalko die hedabideei.

 

Batzordea agindutako lana bukatzean iraungiko da eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.