Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 16

Euskararen Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu du Parlamentuak

Aldaketaren bidez eremu mistoan sartuko lirateke Abaigar, Ameskoabarrena, Antzin, Artazu, Cabredo, Mendigorria, Murieta, Oibar, Villatuerta, Zirauki, Zuñiga eta, hala eskatzen badu, Noain

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 5.1.b) artikulua aldatzeko Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako lege proposamenak planteatzen du “eremu mistoan sartzea gaur egun eremu ez euskaldunean dauden hamaika udalerri”, hartara “araua errealitate soziolinguistikoak izan duen bilakaerara egokitzeko, dagoen eskari sozialari erantzunez; izan ere, udalerri horietako udalbatzek eskari horren isla diren zenbait erabaki onetsi dute”.

 

Zehazki, honako udalerri hauek eremu mistoan sartzea proposatzen du testuak: Abaigar, Aibar, Ameskoabarrena, Antzin, Artazu, Cabredo, Mendigorria, Murieta, Villatuerta, Zirauki eta Zuñiga.

 

Gainera, Noain-Elortzibarko udalerria ere eremu mistoan “automatikoki” sartzea aurreikusten da, “baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia”.

 

Zioen azalpenean gogora ekartzen da Legea 2010eko otsailaren 18an aldatu zela azkenekoz. Orduan Parlamentuko Osoko Bilkurak eremu mistoa Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain-Elortzibarrera hedatzeko aukera onetsi zuen, UPNk kontrako botoa emanda, eta lau udalerri horietatik azkenak bakarrik egin zion uko, udalbatzak hala erabakita (gehiengo osoz onartu behar zen).

 

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Legearen 5.1.b) artikulua aldatzeko Foru Lege proposamenaren artikulu bakarrak hau dio:

 

«b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abaigar, Abartzuza, Aibar, Ameskoabarrena, Agoitz, Antsoain, Antzin, Aranguren, Artzibar, Artazu, Atarrabia, Atetz, Barañain, Belaskoain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Burgi, Burlata, Cabredo, Deierri, Eguesibar, Erronkari, Espartza, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar, Garde, Gares, Gesalatz, Goñi, Gorza, Iruña, Itza, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Lezaun, Lizarra, Lizoain, Mendigorria, Murieta, Odieta, Olaibar, Ollo, Oltza, Orkoien, Orontze, Orotz-Betelu, Otsagabia, Sartze, Txulapain, Uharte, Urzainki, Uztarroze, Villatuerta, Zabaltza, Zirauki, Ziritza, Zizur Nagusia eta Zuñiga.

 

Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da Noain-Elortzibarko udalera, baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia. Erabakiak eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da»

 

Parlamentuak aintzat hartu ondoren, Foru Araubide Batzordean eztabaidatuko da Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 5.1.b) artikulua aldatzeko Foru Lege proposamena.