Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Ekainak 5

Esparru legal positiboa labore transgenikoak murrizteko

Hizlari desberdinek euren esperientziak eskaini dituzte Amigos de la Tierra eta Transgenikorik Gabeko Lurraldea Plataformak antolatutako hitzaldian

“Labore transgenikoen murrizketarako esparru legala” hitzaldia ospatu da gaur Nafarroako Parlamentuan, eta Carlos Alonso ingurumen abokatua eta Lynn Boylan, Europako Ezker Berdea Talde Konfederaleko europarlamentari irlandarra izan ditu protagonistatzat, nahiz eta Esther Monterok, Transgenikorik Gabeko Lurraldea Plataformako kideak, Teresa Rodriguezek, Amigos de la Tierrako kideak eta Isabel Elizalde Landa Garapeneko kontseilariak ere parte hartu duten. Hitzaldia Parlamentu Irekia ekimenaren baitan ospatu da, eta Amigos de la Tierra eta Transgenikorik Gabeko Lurraldea Plataformak antolatu dute.

 

Maiorga Ramirez, Parlamentuko Mahaiko Idazkaria izan da jardunaldia ireki duena, eta “deialdi honen eta horrelako eztabaidak instituzioetan emateak duen garrantzia” azpimarratu du, “ingurumenaren hobetzea eta pertsonen bizi kalitatea hobetzea baita” euren zeregina.

 

Esther Montero, Transgenikorik Gabeko Lurraldea Plataformako kidea izan da hitzaldia gidatu duena, eta egungo esparru legala eta Espainiar estatuan labore transgenikoek bizi duten egoera laburtu du. Azaldu du 2015 urteaz geroztik aukera berriak daudela, izan ere, Europar Batasunak labore transgenikoen tokiko dimentsioa aitortzen du eta beraz, Autonomi Erkidegoek labore transgenikoak murritz ditzakete. Azaldu du Europar Batasuneko 17 herrialdek labore mota hauek debekatu dituztela, eta Nafarroako Parlamentua gonbidatu du pausu bera eman dezan.

 

Teresa Rodriguezek, Amigos de la Tierrako kideak, labore transgenikoek dituzten ondorio negatiboak azaldu ditu, esanez “irabaziak handitzeko diseinatzen direla, nekazaritza bioaniztasuna errespetatu gabe”. Foru Erkidegoan oinarrituz, azaldu du Nafarroako 47 udalerrik euren burua “transgenikorik gabeko” udalerritzat aitortu dutela, eta Gobernua osatzen duten lau indarrak animatu ditu eredu hau babes dezaten, elikagai burujabetza eta justizia sozialean oinarritutako eredua.

 

Carlos Alonso ingurumen abokatuak azken urteetako eremu legalari buruzko laburpen bat egin du, esparru honetako arau garrantzitsuenak birpasatuz, eta egungo egoera azpimarratu du, 2015ean Europar Batasunak direktiba bat sinatu baitzuen Foru Erkidegoek labore mota hau debekatu eta murriztu ahal izateko. Panorama positiboa dela adierazi du, esparru legala eta borondatea baitaude.

 

Isabel Elizaldek, Landa Garapeneko kontseilariak, eztabaida irekien garrantzia azpimarratu du “ikuspegi desberdinak ezagutu eta elkarbanatzeko”. Elizaldek Foru Gobernuak esparru honetan eman dituen aurrera pausuak azaldu ditu, “benetako landa garapen baten aldeko apustua eginez, herri eta bailaretakoa”:

 

Nekazariak erdigunean jartzearen aldeko apustua egin du kontseilariak, eta adierazi du momentu honetan, trantsizio garai honetan, oso garrantzitsua dela sektorearenganako hurbiltasuna izatea.

 

Lynn Boylanek, Europako Ezker Berdea Talde Konfederaleko europarlamentari irlandarrak, labore transgenikoen aurkako argudio ugari aipatu ditu, bereziki bio aniztasunean daukan eragin negatiboa azpimarratuz. Esan du “irtenbide transgenikoek lurrari bizitza oro kentzen diotela eta dependentzia ziklo bat hasi, belar-pozoi bereziekin eta hazi bereziekin”.

 

Europako esparru legalean oinarrituz, adierazi du “Europar Batasuneko barne merkatu arauek zaildu egiten dutela transgenikoak herrialdetara sar daitezen ekiditea, baina egun hori geldiarazteko aukera badago, debekatuz”.

 

Boylanek dio Nafarroako Parlamentuak murrizketa hauek egiteko eskumena duela, eta pausu hau berehala emateko deia luzatu du, habitatak babestu eta manten daitezen.

 

Hitzartzeak amaitu direnean, bertaratu diren pertsonen eta hizlarien arteko eztabaidari paso eman zaio.

 

Hitzaldira bertaratu diren parlamentarien artean, Dabid Anaut (EH Bildu), Tere Saez (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) egon dira.