Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 1

Espainiako Gobernua torturaren biktimak onartu eta erreparazioa eman diezaien premiatzen duen ebazpena

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko martxoaren 1ean

1.- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak, zeinetan Espainiako estatua kondenatzen baitu tortura-salaketak ez ikertzeagatik; bereziki, azken epaia, iragan otsailaren 13an ezagutu zena, zeinaren bidez egiaztatzen baita “tratu anker eta apalesgarria” eman zitzaiela Igor Portu eta Mattin Sarasolari, inkomunikazio-araubidean atxilotuta egon ziren bitartean.

 

Horrenbestez, Espainiako Gobernua premiatzen dugu onar dezan tortura eta tratu txarrak baliatu izana, eta hartu beharreko neurriak har ditzan torturaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko, eta torturarik berriz ez gertatzeko beharrezkoak diren mekanismoak ezar ditzan.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak salatu egiten ditu gisa horretako gertakariak argitzeari begira Estatuko zenbait arlotatik jarri diren eta jartzen jarraitzen diren eragozpenak, helburu dutenak Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarren torturen eta tratu txarren errealitatea ezkutatzen jarraitzea.

 

Halatan, errefusatu egiten du nafar herritarren aurkako tortura kasuak dokumentatze aldera unibertsitateko ikerkuntza-zentroei laguntzak emateko deialdien aurka Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak aurkeztutako errekurtsoa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak dio nafar herritarrek pairatutako tortura-kasu guztiak dokumentatu eta argitara ekarri beharra dagoela, bere elkartasuna adierazten die, eta pertsona horiei aitortu egiten die egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea. Hortaz, Nafarroako Gobernua premiatzen du helburu hori lortzeko lanean jarrai dezan.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztua.

 

1. eta 2. puntuak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsi dira.

 

3. puntua Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsi da.