Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 1

Espainiako Gobernua premiatzen da torturaren biktimak onartu eta erreparazioa eman diezaien

Ganberak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak onartzen ditu, Estatuaren opakutasuna salatzen du baita tratu txarren kasuak dokumentatzeko diru-laguntza deialdiari helegitea aurkeztu izana ere

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugueta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Ganberak “aintzat hartzen ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak, zeinetan Espainiako estatua kondenatzen baitu tortura-salaketak ez ikertzeagatik; bereziki, azken epaia, iragan otsailaren 13an ezagutu zena, zeinaren bidez egiaztatzen baita “tratu anker eta apalesgarria” eman zitzaiela Igor Portu eta Mattin Sarasolari, inkomunikazio-araubidean atxilotuta egon ziren bitartea”.

 

Horrenbestez, Espainiako Gobernua premiatzen da “onar dezan tortura eta tratu txarrak baliatu izana, eta hartu beharreko neurriak har ditzan torturaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko, eta torturarik berriz ez gertatzeko beharrezkoak diren mekanismoak ezar ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atal bat du, eta era berean, Parlamentuak “salatu egiten ditu gisa horretako gertakariak argitzeari begira Estatuko zenbait arlotatik jarri diren eta jartzen jarraitzen diren eragozpenak, helburu dutenak Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarren torturen eta tratu txarren errealitatea ezkutatzen jarraitzea”.

 

Halatan, Parlamentuak “errefusatu egiten du nafar herritarren aurkako tortura kasuak dokumentatze aldera unibertsitateko ikerkuntza-zentroei laguntzak emateko deialdien aurka Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak aurkeztutako errekurtsoa”.

 

Era berean, hirugarren atalean Ganberak dio “nafar herritarrek pairatutako tortura-kasu guztiak dokumentatu eta argitara ekarri beharra dagoela, bere elkartasuna adierazten die, eta pertsona horiei aitortu egiten die egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea. Hortaz, Nafarroako Gobernua premiatzen du helburu hori lortzeko lanean jarrai dezan”. ATal hau PSNren aldeko botoarekin ere onartu da, PPN eta UPNk aurka bozkatu dute.

 

UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, azkenean atzera bota dutena, zeinaren bidez “Ganberaren kezka adierazten zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak direla eta, tortura eta tratu ankerren salaketak era egokian ez ikertzeagatik Espainia zigortzen zutenak”.

 

Era berean, UPNren testuak Espainiako Gobernua premiatzen zuen “Torturaren eta tratu txarren Konbentzioan hitzartutakoa, Konstituzioko 15. artikulua, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta atxilotuen eskubideen babeserako gainerako araudi europarrean ezartzen denaren behaketa zehatza bermatzeko hartu beharreko neurriak berehala ezar ditzan. Neurri hauei gehitu beharko litzaieke Gobernuak 2011ko martxoaren 25ean CEPT-en txostenaren inguruan eman zuen erantzunean gehitutako neurriak. Era berean, Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen da Espainian ematen diren salaketa guztien inguruko ikerketa azkar eta zehatz bat egiteko neurriak har ditzan”.

 

Zuzenketak bukaeran “terrorismoaren aurkako borrokaren esparruan gertatu diren tratu txarren kasu guztien kondena adierazten zuen, baita Ganberaren kaltetuenganako eta euren familiarenganako elkartasuna eta egia eta aitortzarako eskubidea, justizia eta erreparazioa, ikerketa zehatz eta inpartzialen esparruan”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, ekimenaren sustatzailek lehen bi puntuak gehitzeko adostasuna adierazi dute, baina eledunak zuzenketa atzera botatzea erabaki du, EH Bilduk eta Geroa Baik Berriozarko Udalean eztabaidatu eta bozkatutako mozio batean edukitako jarreragatik.

 

Iñaki Iriartek azaldu duenez, “Geroa Bai ez zen bertan egon eta EH Bilduk atentatu terroristen kondenaren mozioaren aurka bozkatu zuen, hain zuzen ere, euren bizilagun Francisco Casanovarena, ETAk eraila; mozioak martxoaren 11n bere oroimeneko dolu-xingola ezartzea eskatzen zuen”.

 

Koldo Martínezek bere aldetik, jakinarazi du UPNko parlamentarioak Berriozarko Geroa Baiko zinegotziari buruz egin duen baieztapena “faltsua dela.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak “urteetan zehar ezkutatutako praktika baten egia eta aitortzan aurrera egiteko pausu eraginkorrak ematea eskatzen du”, Giza Eskubideen Europar Auzitegiak kaleratutako azken epaia dela eta berriz ere pilpilean dagoen gaia baita. “Epai honek frogatutzat ematen du Igor Portu eta Mattin Sarasola herritar nafarrek tratu anker apalesgarria jasan zutela –bost epai azken urteetan-“ Guardia Zibilak atxilotu zituenean.

 

Testuinguru horretan, azken hilabeteetan emandako pausuak aurrerapausotzat hartzen dira eta Euskal Kriminologia Institutuaren txostena, 1960-2014 urteen bitartean EAEko herritarrek jasandako tortura eta tratu ankerren ingurukoa nabarmentzen da, Paco Etxeberria forensearen taldeak egindakoa, argitara ematen baitu praxis horrek Zuzenbide Estatu batean duen egokitzapen falta.

 

Zentzu horretan, Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren jarrera gaitzesten da, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako giza eskubideen urraketak dokumentatzeko laguntza-deialdiari helegitea jarri baitie, alegatuz ezin dela halako dokumentazio-lanik egin errekurtso bat aurkeztuta dagoelako Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legearen aurka.

 

Sustatzaileen esanetan, “jokabide honek berriro ere jartzen du agerian Estatuaren zenbait botere interesatuta daudela errealitate horrek argirik ikus ez dezan, nahiz eta nazioarteko zenbait instantziak –esaterako, Tortura saihesteko Europako Batzordeak, Amnesty Internationalek, NBEak edo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak– interpelazio zuzen eta kondena ugari egin Espainiako estatuari, bai torturaren praktika ez ikertzeagatik, bai tortura prebenitzeko tresnarik ez ezartzeagatik eta hartara torturak gertatzea ahalbidetzeagatik”.

 

www.parlamentodenavarra.es

  • Mozioaren argitalpena (NPAO, 23. zk, 2018-02-23koa)