Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Urtarrilak 16

Espainiako Gobernua premiatzen da “egungo egoera bidegabea zuzen dezan eta gutxienez zortzi gida-baimen aztertzaile postu esleitu ditzan”

Nafarroako autoeskolen sektoreak 2015etik aztertzaileen grebaren ondorioz pairatzen dituen kalteak aipatu dituzte, itxuraz konponbiderik gabeko greba dela eta

Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onartu du gaur aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “zuzen dezan gida-baimenen aztertzaileen kopurua dela-eta dagoen konparaziozko bidegabekeriako egungo egoera, halako moduan non Nafarroako Foru Komunitateari gutxienez ere zortzi aztertzaile-postu esleituko baitizkio pasa den abenduan egindako lan eskaintza publiko irekiari begira jada publikoki iragarri direnetatik”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, zeinaren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da “egin beharreko izapide guztiak azkartu ditzan, lan eskaintza publiko hori lehenbailehen egite aldera; bien bitartean, aztertzaile ibiltarien eta zerbitzu eginkizunetakoen plantillatik gaurko egoera konpontzeko behar adina aztertzaile esleitu eta Nafarroan modu iraunkorrean egonen direla ziurtatuko du, harik eta aipatutako lan eskaintza publikoko lanpostuak betetzen dituzten pertsonek ordezkatzen dituzten arte”.

 

Zioen azalpenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpena Nafarroako autoeskolen defentsaren aldekoa da, izan ere, 2015etik itxuraz konponbiderik gabe luzatzen ari den aztertzaileen grebaren ondorioz “bideragarritasun egoera zailean baitaude, atzerapenek eta ikasleriaren artean sortutako ziurgabetasunak eragindako matrikulazio beherakada dela eta”.

 

Testuinguru honetan eta autoeskoletako administrari eta irakasleen kaleratzeak direla eta, ebazpenaren bultzatzaileek Trafikoko Zuzendaritza Orokorra premiatzen dute “ irtenbide iragankor” bat bilatu dezan lan eskaintza publikoa burutu bitartean, Nafarroako langileria, kasu honetan, beste erkidego batzuetan baino %25 txikiagoa baita.

 

Jokin Castiellak (Geroa Bai) zuzendutako bilkuran, hurrengo parlamentariak egon dira: Carlos García Adanero, Luis Zarraluqui, Iñaki Iriarte, Maribel García Malo (UPN), Virginia Alemán, Rafael Eraso (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Carlos Couso, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Beltrán (PPN) y José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).