Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 27

Espainiako Gobernua Adingabearen babes juridikoaren legea eta adingabeei buruzko beste arau batzuk alda ditzan premiatzen duen ebazpena

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean onetsia. 2018ko martxoaren 27an

1.- Espainiako Gobernua premiatzen da Adingabearen babes juridikoaren legea (12.4 artikulua) alda dezan, bermatze aldera inongo haur edo neraberi ez zaiola ezarriko, haren adina egiaztatzen duen dokumentazioa edukiz gero, adina zehazteko prozedurarik, Atzerritartasun Legearekin eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin bat.

 

2.- Gobernu Zentrala premiatzen da Atzerritarrei buruzko Erregelamendua (190. artikulua) alda dezan, bermatze aldera adina zehazteko prozeduran prestakuntza berezia duen abokatu baten laguntza egotea bidaiderik gabeko adingabeentzat, Espainiako lurraldera iristen diren unetik.

 

3.- Espainiako Gobernua premiatzen da bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrekiko jarduketa jakin batzuen gaineko protokolo-esparrua indargabetu dezan, eta protokolo berri bat presta dezan, zeinak koordinatuko baititu administrazio guztien jarduketak, adingabeen eskubideak bermatuz, legedi nazionalarekin eta Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat.

 

4.- Espainiako Gobernua premiatzen da zorrotz bete ditzan Espainiara iristen diren haur guztien erreseina eta erregistroa, haien adinaz eta daramaten dokumentazioaz zalantzarik ote dagoen kontuan hartu gabe.

 

5.- Espainiako Gobernua premiatzen da berma dezan administrazioek beraien gain hartzea, ex lege, babesgabetasun egoeran dauden adingabe guztien tutoretza, nazionalitatea kontuan hartu gabe.

 

6.- Espainiako Gobernua premiatzen da Atzerritartasun Legea eta Atzerritartasun Legearen Erregelamendua alda ditzan, bizileku-baimena automatikoki emateko adingabearen babesgabetasuna deklaratzen den unetik. Bermatzea baimena ematen zaiela 16 urtetik goitikoei, lan-merkatura iristeko espainiarren baldintza beretan.

 

7.- Espainiako Gobernua premiatzen da sustatu dezan Melilla eta Ceuta hirietan dauden bidaiderik gabeko adingabe guztiak penintsula eramatea, betiere haien interes gorenaren araberakoa bada eta haiei entzutea eman ondoren, autonomia erkidegoei dagokion diru-esleipenarekin batera, haien eskubideak eta bizi-baldintza materialak bermatzeko.

 

8.- Espainiako Gobernua premiatzen da adingabe horien garapenerako jarraipen- eta laguntza-programak susta ditzan behin adinez nagusi egiten direnean, horren barne dela osasun laguntzara, gazte bermeko programetara eta enplegurako prestakuntzara iristearen bermea.

 

9.- Espainiako Gobernua premiatzen da indartu ditzan birkokatzeko politikak, asiloa eskatzen duten adingabeetatik gure administrazioek artatu ahal dituzten guztiak Espainian hartzeko. Xede horrekin, gobernuak dei eginen die autonomia-erkidegoei eta ahalegin politiko eta diplomatiko guztiak eginen ditu prozesua azkartzeko.

 

10.- Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da hurrengorako:

 

a) "26/2015 Legea eta lagundu gabeko adingabe atzerritarren inguruko protokoloa berrikus ditzan, hitzarmenak ezarritakoa betetzen dutela ziurtatzeko”.

 

b) “Lurralde guztian zehar haur hauei babes juridiko eraginkor bat ziurtatzea, eta ez itzultzearen printzipioa ezartzen dela bermatzea, bai eta haurraren interesa izan dadila lehentasuna, eta interes hau profesionalen orientazio eta aholkularitzatik pasa dadila”.

 

c) “Estatuko lurralde guztietarako adinaren zehaztapenerako protokolo uniforme bat garatzea, giza eskubideak errespetatuko dituena eta soilik zalantzazko egoeretan erabiliko dena, dokumentazioa edo beste ebidentziak aintzat hartu ondoren”.

 

d) “Haurren beharrei moldaturiko harrera zentroak ezartzea, eta euren eskubideen edozein urraketa sakonki aztertuko duena eta salaketa tresna eraginkorrak dituena”.

 

e) “Haurren berehalako itzulerari amaiera ematea, araudi nazional eta internazionalekin bat datozen prozedurak ziurtatuz”.

 

f) “Informazio bilketa hobetu, lagundu gabeko haurren, pertsonen trata biktima diren haurren eta babes internazionala eskatzen duten haurren babeserako zerbitzuen lana errazteko”.

 

g) “Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Ordezkariekin kooperazioa indartu gomendio hauek ezartzeko”.

 

Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztua.

 

1, 2, 3, 4, 6, 7, 8 eta 9 eta 10 a, b, e puntuak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsi dira.

 

5. puntua eta 10 c, d, f eta g UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren aurkakoarekin onetsi dira.