Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Irailak 20

Errepide-sarea hobetzeko talka-plan bat egin zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa atzera bota dute

Aurrekontu-kreditu osagarri bat eskatzen zen errepide-sarearen hondatzea ekiditeko, eta garraio azpiegiturak zokoratzeak dakarren arriskuaz ohartarazten zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta PSN, UPN eta PPNren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “aurrekontu-kreditu osagarri bat igor zezan Parlamentura, foru erkidegoko errepide-sarea hobetzeko talka-plan bat egiteko xedez”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “azpiegiturekin zerikusirik daukan oro zokoratuta dagoela” azaltzen zuen, trenbide-azpiegiturei eta errepideei dagokienez, eta ohartarazten zuen “inbertsio ezak errepide-sarea hondatzera eraman dezakeela, ez baitago aurreikusita inbertsio garrantzitsurik gai honetan”.

 

Testuinguru horretan, zehazten zen “une honetan, erkidegoan herrilanetako inbertsiorik handiena Abiadura Handiko Trenaren obretan egiten ari dena dela”, eta eoera hau “UPNk Sustapen Ministerioaren bidez Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren ondorio” dela aipatzen zen, “Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuarekin hitzarmenik sinatu nahi ezean”.