Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Iraila 12

Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako ponentzia bat eratzea onetsi da

UPNren eskariz sortutako Batzorde Berezia ordezkatuko du eta Gobernuaren proiektu den Berdintasun Legea aberasteko helburua mantentzen du

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordeak aho batez onetsi du gaur ikerketa Ponentzia bat sortzea, “emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera” bideratutako proposamenak biltzeko asmoarekin.

 

Geroa Baik eskatuta, desagertutako Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta soldata arraila murriztera bideratutako txosten bat egiteko Batzorde Berezia da ponentzia honen jatorria, UPNk proposatutako ekimen hura pasa den irailaren 3an Mahaiak bertan behera uztea erabaki baitzuen talde guztien eskariari jarraiki.

 

Batzorde berezi hau apirilaren 24an osatu zen eta lehendakari gisa Virginia Aleman izendatu zuten (Geroa Bai), baina jarduteko modua zela eta ez zuen aurrera egin eta horregatik, formatu berria malguagoa izanik arazo hori gainditu nahi da, Nafarroako Gobernuaren Berdintasun Lege proiektua aberasteko jarduera plan bat osatuz.

 

Martxoaren 26an Parlamentuko Mahaian onetsitako arauekin bat, batzorde berezi honen helburua zen “emakumeen kalitatezko enplegua bultzatuko duten eta soldata arraila murriztuko duten proposamenak edukiko dituen txosten bat burutzea da, izan ere, Nafarroa baita emakume eta gizonezkoen artean soldata desberdintasun handiena duen erkidegoa”.

 

Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako diagnostikoa aipatzen zen, ondorioztatzen baitzuen emakumeek “gutxiago lan egiten dutela, baldintza okerragoetan eta soldata baxuagoarekin”. Horri gehitu behar zaio “etxearen eta familiaren zaintzari emakumeek gizonek baino ordu eta 44 minutu gehiago eskaintzen diotela”.

 

Bestalde, UGT eta CCOOk Nafarroan Emakumea eta Enpleguari buruz argitaratutako txostenak aipatzen ziren, non ohartarazten zen “hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren berreskurapenak ez duela eragin bera emakume eta gizonezkoengan, eta horrek enplegu desberdintasuna areagotzen duela”.

 

Beraz, emakumearen “independentzia falta eta ahultasun egoeraz” jabetuta, zehazten zen “enpleguaren desberdintasun arrailaz hitz egiten denean hezkuntza politikaz, enplegu politikaz, hazkunde ekonomikoaz, gizarteaz eta enplegu osasunaz hitz egin behar dela. Politika transbertsalak dira, eta honek Emakumea eta Enpleguari buruzko Batzorde Berezi bat eskatzen du halabeharrez, emakumeen kalitatezko enplegua sustatzeko proposamenak sortu eta ikertzeko”.

 

Ponentziak aditu eta eragile sozial desberdinen ekarpenak jasoko ditu, eta bere funtzioak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, jasotako informazioa txosten batean islatuz Ponentziaren sorreratik 6 hilabeteko epean (luzatzeko aukerarekin).

 

Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak biltzeko Ponentziako kideak izango dira Maribel García Malo (UPN), Virginia Alemán (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).

 

Ordezko gisa, Ana San Martín (UPN), Rafa Eraso (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Ainhoa Unzu (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) egongo dira.

 

Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) izan da batzordeko lehendakaria, eta bertaratu dira Ana San Martín, Óscar Arizcuren, Luis Zarraluqui, Mónica Doménech (UPN), Virginia Alemán, Patxi Leuza, Rafa Eraso (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga, Dabid Anaut (EH Bildu), Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Ainhoa Unzu, Nuria Medina (G.P. PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).