Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 24

Bizitza Digitalari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Pertsona guztiek interneten egindako ekintzak arautzea du helburu, gure identitatearen trataera eta erabilera finkatzeko, ahaztua izateko eskubidea eta borondatea barne

Parlamentuko Osoko Bilkurak Bizitza Digitalari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du, UPN, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin.

 

PSN talde parlamentarioak sustatutako Lege proposamenaren helburua bizitza digitala arautzea da, hau da, pertsona batek interneten egindako ekintza eta jarduera guztiak, bizitzaren fase guztiak hartuz, jaiotzatik hasi eta hil eta ondorenera arte. Horretarako, identitatearen trataera eta erabileraren inguruko eskubide eta betebeharrak zehazten ditu, ahaztua izateko eskubidea eta borondate digitalaren eskubidea barne.

 

Ahaztua izateko eskubidea da muga jartzea pertsonei buruzko informazioaren zabalpen unibertsalari, informazioa zaharkituta dagoenean edo jada garrantzirik edo interes publikorik ez duenean, jatorrizko argitalpena zilegi izanda ere. Baldin eta Interneteko bilatzaileek eta espazioek ez badiote erantzuten pertsona batek aurkeztutako ezeztatze-eskaerari edo eduki jakin baten aurka aurkeztutako eskaerari, Bizitza Digitalaren Kontseilua izango da eskaeraren egokitasunaz ebatzi ondoren, Interneteko bilatzaile eta espazioei beste eskaera bat eginen diena. Erantzuten ez badute, Administrazioak berak eskaera hori bera eginen lioke organo judizial eskudunari.

 

Honekin lotuta, “Habeas Data” delakoa aitortzen da, gizabanakoak bere datuen eta bere informazio pertsonalaren gainean kontrola izateko eskubidea, bere bizitza pribatuko injerentzia oro baztertuko dela bermatzekoa.

 

Borondate digitalari dagokionez, betearazteaz arduratuko den pertsona testamentuan edo borondate digitalen erregistro elektronikoan aipatu beharko da. Borondate digitalen erregistro elektronikoa sortuko da, Justiziaren arloko departamentu eskudunaren pean egonen da, eta Gardentasunaren Kontseiluak gainbegiratuko du. Erregistro bikoitza eta eduki desberdina izanez gero, testamentuan agertzen dena nagusituko da.

 

Haurren eta gazteen bizitza digitalaren erabilerari dagokionez, lehentasun gisa ezartzen da euskarri digitalean egiten den edozein jazarpen (ciberbulling) ekiditeko borroka, eta horretarako, beste ideia batzuen artean, zehazten da 14 urtetik beherako pertsonak ezin direla sareen erabiltzaile izan, soilik berehalako mezularitza sistemetan eta beti ere sare internoak badira eta guraso edo tutoren zaintzapean.

 

Lege proposamenak arraila digitalaren aurka egiten du, eta enpresak behartzen ditu langileekin adostutako deskonexio digital baten ekintza politika bat idaz dezaten, lan eremuan komunikazio teknologien erabilera arautzeko, oporretarako eta aisialdirako denbora errespeta dadin bermatzeko.

 

Adineko pertsonak bizitza digitalera hurbiltzeko, Nafarroako Gobernuak interneten espazio bat sustatu beharko du adin horretako pertsonei zuzenduta, informazio guztia moldatuta eta irisgarria izanik.

 

Testuinguru honetan, desgaitasuna dutenengana ere zabaldu ahal izateko, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen, oztopo fisiko eta zentzumenezkoen ingurukoen moldaketa teknologikoa egiteko deia luzatzen da.

 

Legea, euskarri digitalen erabilera biztanleria guztiari zabaldu eta normalizatzeko helburua duena, NAOn argitaratu eta urtebetera sartuko litzateke indarrean.