Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroa 9

Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa ezarrita duten ikastetxe publikoen beharrizanak asetzeko mozio bat baztertu da

PSNk eta PPNk soilik babestu dute UPNren asmoa, hau da, Departamentuak programa nola egokitu duen gaitzestea, programa hedatzeko zailtasunak jartzea leporatuta

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “onar dezan ez direla egokiak izan Ingelesez Ikasteko Programa ezarrita duten ikastetxe publikoetako irakasleen gaitasunari eta ikasleen eskola-emaitzei buruzko bere ekintzak eta adierazpenak, eta errealitatetik urruti zeudela, aipatu ikastetxeetako ikasleei Lehen Hezkuntza bukatutakoan egindako ebaluazioek frogatu duten bezala”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan, Hezkuntza Departamentuari “Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa ezarrita duten ikastetxe publikoen beharrizanak” asetzeko eskatzen zitzaion.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean, Hezkuntza Departamentuari galdegiten zitzaion indargabetu zezala “abenduaren 30eko 147/2016 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzat, eta ikastetxe jakin batzuk baimentzen baitira horiek irakasteko eta araudi bat ezartzeko, adosturikoa bakoitzaren errealitatetik gertuen dagoen Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa ezarrita duten ikastetxeetako irakasle, zuzendaritza talde eta familiekin”.

 

UPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean Gobernuaren eta Hezkuntza Departamentuaren jokabidea gaitzesten zen, “zalantzan jartzen baita irakasleek programa emateko duten gaitasuna”, nahiz eta “Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei eginiko ebaluazio proben emaitzek agerrarazi duten ikasleen ingelesezko gaitasunak ezin hobeak direla”.

 

Horregatik, “irakasleek eta zuzendaritza taldeek eginiko lan ona” gorabehera, argudiatzen zen ez zela ulertzen 147/2016 Foru Agindua: “Ingelesez Ikasteko Programa ikastetxe bakoitzaren errealitateari egokitzeko aitzakian, aukera ematen da asteko ingeles-orduak murrizteko, programa utzi nahi duten ikastetxeentzat irteera azkar bat ezartzen da eta programa ezartzeko zailtasunak jartzen dira”.

 

Proposatzaileak gogorarazten zuen, azkenik, Ingelesez Ikasteko Programaren ekimenak oso harrera ona izan duela hezkuntza-erkidegoaren aldetik, sare publikoan batez ere, hizkuntzen irakaskuntza arauturako sarbidea eskaintzen baitu ikasleak “non bizi diren ere eta haien familien erosahalmena zein den ere; horrek, aldi berean, matrikularen jaitsiera nabarmena pairatzen ari ziren zenbait ikastetxeri irauteko bidea eman die”.