Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 6

Atzera bota dute Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa gurasotasun positiboa landu zezan oinarrizko egoitza-harreran, zailtasunean eta gatazkan dauden adingabeen kasuan

Zerbitzuen eta prestazioen arloko familia politikak finkatzeko lan egin den arren, tokien gehiegizko okupazioa dagoela argudiatzen zen

Eskubide Sozialetako Batzordeak mozio bat atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “familiei lagun egitera, gurasotasun positiboa landuz egoitza-harrera espezializatuan, oinarrizko egoitza-harreran eta autonomia-prozesuan dauden adingabeen kasuan, bai eta zailtasunean eta gatazkan dauden adingabeen kasuan ere”.

 

Baztertutako ebazpenak bigarren atal bat zeukan, zeinaren bidez Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “babesgabetasunean dauden adingabeentzako eguneko zentro bat sor zezan, komunitatean erabat integratua, adingabeei giro egituratu bat eskaintzeko, egunaren zati handi batean eginez psikologia-, gizarte- eta hezkuntza-arloko jarduerak. Horrek adingabeei ahalbidetuko lieke beren familiaren ohiko etxean bizitzen jarraitzea”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “adingabeen harrera-baliabideak ebalua zitzan (oinarrizko egoitza, espezializatua eta autonomiadun adingabeen programa), aldi baterako baliabide bat izan zitezen, eta ez destinoko leku bat. Eta, hala, prebentzio-neurri batzuk ezartzea, ekiditeko adingabeak behaketa eta harrera zentroetan edo egoitza-harreretan sartzea”. Azken atal honetan PSN abstenitu egin da. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa mantendu dute eta UPN eta PPNk ere aldekoa mantendu dute.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak zioen zerbitzu eta prestazioen arloko familia politikak finkatzeko egindako jarduketak egin arren, gero eta adingabe gehiago daudela gatazka sozialean, eta horrek tokien gehiegizko okupazioa dakarrela.

 

Zentzu horretan, adierazten zen “babes sistema bermatzeko eta gizarte ongizatea mantentzeko, prebentzioko neurriak erabili behar direla. Izan ere, babesgabetasunaren arrazoia da guraso-ahalaren gabezia edo erabilera akastuna, alegia, adingabeen inguruneak ez du bermatzen haien babesa”.

 

Bakartxo Ruiz (EH Bildu) lehendakari izan duen saiora Mónica Doménech, Luis Zarraluqui, Carmen Segura, Cristina Altuna (UPN), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (G.P. PSN), Ana Beltrán (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) bertaratu dira.