Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Martxoak 26

Adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere erabateko kezka eta arbuioa adierazten baititu Jordi Turrull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadellen espetxeratu dituztelako

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia.2018ko martxoaren 26an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere erabateko kezka eta arbuioa adierazten baititu Jordi Turrull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadellen espetxeratu dituztelako. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka eta arbuioa adierazten ditu Jordi Turull, Josep Rull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadell espetxeratu dituztelako, eta bere babesa eta elkartasuna helarazten dizkie.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta Estatuko botereak premiatzen ditu beren errepresio-estrategia albo batera utz dezaten eta elkarrizketaren nahiz errespetuaren bidea jorra dezaten – Kataluniako erakunde sozialen eta instituzioen ordezkarien eskubide zibil eta politikoekikoa–, egoera hau bideratzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bost minutuko elkarretaratze bat egitea gaur, martxoak 26 –astelehena–, 12:30ean, Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzeko, askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa eta elkarrizketan oinarritutako irtenbide baten aldeko eta elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua adierazte aldera, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.