Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 19

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak sakoneko atsekabea adierazten baitu Ekai Lersundi Ondarroako gazte transexualaren heriotza tragikoa dela eta

Mahaia eta Eledunen Batzarrean onartua. 2018ko otsailaren 19an

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak sakoneko atsekabea adierazten baitu Ekai Lersundi Ondarroako gazte transexualaren heriotza tragikoa dela eta. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta I-Ek aldeko botoa eman dute. PPNk 1. eta 3. puntuen alde bozkatu du eta 2. puntuan abstenitu da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak sakoneko atsekabea du Ekai Lersundi Ondarroako gazte transexualaren heriotza tragikoa dela eta, eta elkartasuna adierazten die haren senide eta lagunei. Halaber, adierazten du horrelako egoerei aurrea hartu behar zaiela, halako moduz non haurrak eta nerabeak askatasunez garatu eta autodeterminatu ahalko diren beren sexu- eta genero-identitatea direla-eta, eta horretarako behar diren bitartekoak bermatu behar zaizkiela esparru sozialetan eta osasun- zein hezkuntza-esparruetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearekiko eta haren betetze oso eta efektiboarekiko. Horri dagokionez, edozein jarduketa edo adierazpen lgtbfobiko errefusatzen du, bereziki hezkuntzaren esparrukoak, nola baitira Nafarroako Unibertsitatearen esparruari buruz ezagutu direnak.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio legearen 30.2 artikulua laster gara dezan, halako moduz non batera sustatuko dituen LGTBI+ kolektiboaren diskriminazio-eza babesteko neurriak eta unibertsitate-inguruneko sentsibilizazioa, horretarako Nafarroako unibertsitate guztien arteko protokolo bat eginez”.