Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Ekainak 25

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak zalantzarik gabe gaitzesten du ijito-populazioarenganako diskriminazio eta arrazakeria egintza oro

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko ekainaren 25ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak zalantzarik gabe gaitzesten du ijito-populazioarenganako diskriminazio eta arrazakeria egintza oro. Nafarroako PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak zalantzarik gabe gaitzesten du ijito-populazioarenganako diskriminazio eta arrazakeria egintza oro, eta arbuiatu egiten ditu Italiako Barneko ministroak iragarri dituen neurriak, pertsonen duintasunaren aurkakoak direlako.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Italiako Gobernuak baliogabetu dezan ijitoen errolda bat egiteko erabakia, arrazan eta jatorri etnikoan oinarritutako diskriminazio zuzeneko egintza bat delako zalantzarik gabe, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 14. artikuluak debekatua.

 

3. Nafarroako Parlamentuak zinez kezkatuta dago EBko zenbait herrialdetan ijitoen aurkako jarrera gora egiten ari delako, besteak beste Italiako Gobernuaren gisako politiketan ikus daitekeenez. Politika horiek EBaren arau eta baloreekin bateraezinak dira, eta Ijitoen Herria gizarteratzeko eta haien giza eskubideak zeharo errespetatzen direla bermatzeko oztoporik handiena dira.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Kontseilu Europarrak eta Europako Batzordeak gainbegiratzea Europar Batasuneko estatuek diskriminazioaren aurkako borrokari eta zirkulazio askeari buruzko itunak eta zuzentarauak aplikatzen dituztela, horien koherentzia eta aplikazioa bermatzeko, bai eta hori horrela ez denean hartu beharreko neurriak hartzea ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Europako Batzordeak begiratzea eta sakon aztertzea Italiako Gobernuak iragarritako neurriak, egiaztatze ea EBaren itunekiko eta EBaren legediarekiko bateragarriak ote diren.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da autonomia erkidegoetako, estatuetako eta Europako administrazioek bat egitea Europako Parlamentuak egindako ohartarazpenarekin; alegia, ijitoen auziari aurre egiteko, beharrezkoa izanen da alde guztiek beste mentalitate bat izatea, tratamendu politiko berri, zorrotz eta kontsekuentea eskatuko duena, iraganeko akatsak ekidinen badira, manipulaziorik onartuko ez duena eta herritarrek eskubideak/betebeharrak bermatuko dituena, gizarte anitzago, askotarikoago eta inklusiboagoa baterantz joateko”.