Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 5

2018ko otsailaren 5eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, OTSAILAK 5, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, otsailak 5–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Nafarroako arreta soziosanitarioko sistema integratua arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

Foru lege proposamena aintzat hartzeari buruzko eztabaida 2018ko otsailaren 15eko Osoko Bilkuran eginen da.

- Autonomia erkidegoei baimena ematen diena atzerriko hizkuntzaren betekizuna ezar dezaten maisu-maistren kidegoan sartzeko, eta haur hezkuntzako espezialitatea esperientziaren bidez lortu ahal izanen dela ezartzen duena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

INTERPELAZIOAK:

- Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza publikoko sistemaren antolamenduari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Larrialdiko eta emergentziako osasun-garraioaren berrantolamenduari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Nafarroako hezkuntza-sistemaren barruan hezkuntza bereziaren arloan garatzen den politika orokorrari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin hurrengo mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da seme-alabak beren kargura dituzten familiei laguntzeko politika publikoak aplika ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du ETAren terrorismoa “Euskal Herriaren opresio historikoaren” adierazpide gisa zuritzeko asmoa, eta Etxarri Aranatzi Sufrimenduaren Mapa dela-eta emandako diru-laguntza kentzea eskatzen du. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntza plan berezi bat taxutu eta abian jar dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko arduradunarena, azal dezan zer dela-eta sartu den maila handiagoko araudia urratzen duen hurbiltasun linealaren irizpidea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 26ko 629/2017 Ebazpenean, eta horrek zer ondorio izanen duen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, azal dezan zer egoera sortu duen eta zer neurri hartuko dituen maila handiagoko araudia urratzen duen hurbiltasun linealaren irizpidea jaso izanaren ondorioz Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 26ko 629/2017 Ebazpenean. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Iruñeko merkataritzaren egoera balora dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearena, unibertsitatearen urte anitzeko finantzaketarako hitzarmenaz informa dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Belateko eta Almandozko tunelen egoera eta beharrizanak eta haiek ixtean eginen diren jarduketak eta epeak azal ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, hondakinen bilketa berezituari buruz informa dezan, bai eta bilketa mota horrek azken urteotan izandako bilakaerari buruz ere. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Hope Cancer! ekimenaren sustatzaileekin, azal dezaten nola ikusten dituzten gaixotasun horren oraina eta etorkizun hurbila, bai eta gaixotasun horren aurkako tratamenduak ere. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- UNRWA-Nazio Batuen Erakundeak Palestinako errefuxiatuentzat Espainian duen Agentziaren zuzendari exekutibo Raquel Martí Lezana andrearekin, UNRWAren egoera nahiz Palestinako populazio errefuxiatuaren egoera azal ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

  • Wallmapu-Euskalherria elkartearekin, maputxeen herriaren egoera azal dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Tuterako Hiria udal kiroldegira. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako erakundeen zorraren zenbatekoa, horren justifikazioa eta horri aurre egiteko aukerak aztertzeko Lantaldearen erabakia, bere lanak bukatzeko epea 2018ko azaroaren 13ra arte luzatzekoa.

- Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek eskatuta, Mahaiak erabaki du Batzordeari helaraztea Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ibarren egoera sozioekonomikoa aztertzeko lantaldearen lanak bukatzeko epea 2018ko maiatzaren 15era arte luzatzeko eskaria.

 

AHOZKO GALDERAK:

-Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 26ko 629/2017 Ebazpenak hurbiltasun linealaren irizpideari dagokionez maila handiagoko araudia urratzeari eta hori dela-eta hartuko diren neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- SISNAn deribazioak kontabilizatzeko irizpidea aldatzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Koldo Martínez Urionabarrenetxea jaunak aurkeztu du.

- Tuterako Reina Sofia ospitaleko dermatologia arloko zenbait atentzio enpresa pribatu batera kanporatzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak Nafarroa Behereko herritarrekiko harremanetan sakontzeko xedez abiarazi nahi dituen ekimenei buruzkoa. Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako erakundeak ECOFINen zuzenean agertzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Estatuaren errepideetan inbertitzeko plan bereziaz baliatze aldera, eta Europako errepide sarean sartutako Nafarroako errepideetan inbertitzeko, Juncker Planaren finantzaketa lortze aldera Nafarroako Gobernua egiten ari den zuzemenei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Udalarekin ados ez egoteagatik mehatxatutako Iruñeko merkatariak defendatze aldera Nafarroako Gobernuak hartu beharreko neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Belateko eta Almandozko tunelak egokitzeko obren kontratazioari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku dagoen eta hobekuntza-planak ekarriko dituen autoebaluazio-tresnari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea zertan diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako mailetan erlijioaren irakaskuntzaren irakastorduen zama murriztera aldera egin beharreko aldaketak. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Foruzaingoaren Iruñeko, Altsasuko, Elizondoko, Zangozako eta Tuterako polizia-etxeen garbiketa-zerbitzuaren esleipenari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Eskola-aurreinskripzioko kanpainari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoan Medikuntzako gradua ezartzeari buruzkoa. Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko foru parlamentari Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

- PATEN BOX izenekoak eta likidazio-oinarri negatiboak direla-eta abenduaren 21eko Osoko Bilkuran onetsitako bi in voce zuzenketei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Amatasun/aitatasun baimenen kasuan PFEZetik salbuesteko irizpideari buruzkoa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko José Miguel Nuin Moreno jaunak aurkeztu du.

- Paueko Parlamentuarekiko eta erakundeekiko protokolo- eta lan-harreman instituzionalei buruzkoa. Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Atzerrian bizi eta hainbat zentrotan antolatuta dauden nafarrei buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Tafallaren hegoaldeko saihesbidearen proiekzioari eta eraikuntzari buruzkoa. Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Garraioak osasunean eta ingurumenean duen eragina aztertzeko Europako Elkartearekin Nafarroako Gobernuak zuzenean nahiz zeharka izandako harremanei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- SODENAk Davalor Salud-ekin hitzartutako diru-ekarpenei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- HItzordu mediko batera joateko eguna, lekua eta ordua herritarrei jakinarazteko prozesuei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Zabortegietan harea-lohiak, labe-zaborrak, galdategiko harea, granailatzeko hautsa, labeko erregogorrak eta abar tratatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Klima-aldaketaren Nafarroako ibilbide-orria.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketei buruz Kontuen Ganberak egindako txostena (aldaketak otsailaren 1ean sartu ziren erregistroan).

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Kontuen Ganberako lehendakariaren ebazpena, 2018ko otsailaren 1ekoa, 2018ko lan-programan sartzen duena “Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen 15/2016 Foru Legearen aplikazioari buruzko fiskalizazio-txostena”.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren eleduna eta eledunaren ondokoa aldatze aldera Couso eta Velasco jaunek eta Carrillo eta Pérez andreek aurkeztutako komunikazioa.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute, halaber, Legebiltzarreko Zerbitzuen txosten juridikoa, egungo eledunak egindako alegazioak ikusita, lau parlamentarik eledun-aldaketa egite aldera sinatutako idazkiaren balioari buruzkoa, taldeen antolamendu-autonomiari buruzkoa eta taldeen barne-erregelamenduak Parlamentuari atxikitzeari buruzkoa, jakiteko ea zuzenbide parlamentarioaren iturri diren, ea eledunen izendapena arautu dezaketen eta ea eleduna izendatzea karguan jardutearen oinarrizko muina den.

 

Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostenetik honako ondorio hau heldu da:

 

“1. Alderdi politikoak eta talde parlamentarioak errealitate ezberdinak dira juridikoki. Taldeen barne-bizitza arautzen duen printzipioa beren autonomia da, gure Erregelamenduaren 35.4 artikuluan berariaz jasota ageri denez: “Talde parlamentarioek autonomia izanen dute beren antolamendua eta barne jarduketa ezartzeko”.

 

2. Taldeen barne-erregelamenduak ez dira ordenamendu parlamentarioaren barruan sartzen; izan ere, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak ezin du halakorik exigitu, eta gainera ez dute arauen publizitate-printzipioa betetzen, ez eta segurtasun juridikoaren printzipioa ere, zeinak Konstituzioaren 9.3 artikuluari jarraikiz zuzenbide-estatu batean exigitu behar baitira. Legebiltzarreko zuzendaritza-organoek ez dituzte arau horiek ez ezagutzen ez balioztatzen ere; beraz, barne-arau horiek nekez lotets ditzakete Legebiltzarreko zuzendaritza-organoak eta nekez alega daitezke horien aitzinean.

 

3. Gure Erregelamenduak ez du berariaz arautzen nola egin behar den talde parlamentario baten eledunaren aldaketa; halere, hori ez da oztopo, araudi konparatuaren, talde parlamentarien autonomia-printzipioaren eta gure aurrekari parlamentarioen arabera, gehiengoaren araua aplika dadin, 2017ko irailaren 21ean egin genuen txostenean jada adierazi genuen bezala.

 

4. Kasu honetan, Parlamentuaren Erregelamenduan exigitutako baldintza formalak betetzen ote diren egiaztatzera mugatzen da Mahaiaren eginkizuna, eta eledunen izendapena jasotzat ematen du besterik gabe, horren ondorioak deklaratibo hutsak baitira. Legebiltzarraren Mahaia ezin da taldeen barne-erregelamenduetan jasotakoa aztertzen hasi, barne-erregelamendu horiek ez direlako lotesleak Parlamentuaren zuzendaritza-organoentzat, gogoeta juridikoetan adierazi dugun bezala”.

 

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du Parlamentuaren Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten bat egin dezaten Eledunen Batzarrak 2018ko urtarrilaren 29an eskatutako txosten juridikoaren norainokoa zabaltzeko eskariari buruz (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren eleduna eta eledunaren ondokoa aldatze aldera Couso eta Velasco jaunek eta Carrillo eta Pérez andreek egindako eskaria).

 

- Mahaiak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa SMPren administrazio kontseilurako Nafarroako Parlamentuak proposatu beharreko hiru kideak hautatzeko arauak onetsi ditu.

 

Onetsitako arauekin bat, taldeek hiru pertsonez osatutako hautagaitzak aurkezten ahalko dituzte 2018ko otsailaren 26ra bitarte (hautagaitzaren bi pertsona sexu batekoak izanen dira eta hirugarrena beste sexukoa). Kontseiluko hiru kideak 2018ko martxoaren 1eko Osoko Bilkurak hautatuko ditu.

 

Osoko Bilkurak isilpeko bozketa bidez hautatuko ditu Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa SMPren administrazio kontseiluko hiru kideak. Txartelen bidez eginen da bozketa, eta foru parlamentari bakoitzak izen bakarra jartzen ahalko du txartelean.

 

Boto gehien eskuratu dituzten hiru hautagaiak hautatuko dira. Genero-zuzenketako irizpide bat aplikatuko du, halako moduz non, sexu bereko bi pertsona suertatzen badira hautatuak, bestea boto gehien eskuratu dituen beste sexuko hautagaia izanen baita.

 

Berdinketarik baldin badago eta horrek proposamenean eragiten baldin badu, boto kopuru berbera lortu dutenen arteko beste bozketa baten bidez ebatziko da berdinketa. Berdinketak bere horretan segitzen baldin badu, hurrenez hurreneko bozketak eginen dira boto kopuru berbera duten hautagaien artean, berdinketa desegin arte, arestiko apartatuan ezarritakoari kalterik egin gabe.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromisoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak, eta abstenitu egin dira Unión del Pueblo Navarro eta Nafarroako Alderdi Popularra.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromisoa; bereziki gogoan hartu nahi ditugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bere 70. urteurrena baita, eta Giza Eskubideen Defendatzaileen Adierazpena, bere 20. urteurrena baita.

 

2. Halaber, defendatzaileen eta erakunde sozialen babesean eta aitortzan guztiok erantzukizuna eta egitekoa dauzkagula uste baitugu, Nafarroako Parlamentuak dei berezia egiten die erakunde publikoei, babes horretan bere erantzukizun guztiak bete ditzaten.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu defendatzaileen lanaren aurka bereziki zenbait sektore ekonomikok eta politikok darabiltzaten kriminalizazio-prozesuak. Pertsona horiek, beren jarduketa baketsuengatik eta bizitzaren defendatzaileak diren aldetik, Parlamentu honen errekonozimendua eta babesa dauzkate.

 

4. Nafarroako Parlamentuak orobat aintzatesten du Giza Eskubideen Defendatzaileen Alde Baterako Babes Programek gaur arte egindako lan handia, zeina beti egin baita nazioarteko lankidetza eta elkartasunaren esparruko erakunde sozialen eta erakundeen arteko lankidetza etengabean, eta Nafarroako Gobernua premiatzen dugu gure lurraldean gisa bereko programak taxutzen jarrai dezan, babes hori sendotzeko xedez.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Arartekoari eta Espainiako Gobernuari helaraziko die adierazpen instituzional hau, eta horiei guztiei eskatzen die beharrezkoak diren tresnak eta prozedurak abiaraz ditzaten, defendatzaileek munduko edozein herrialdetan giza eskubide guztiak askatasunez baliatu ditzaten.

 

6. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako erakunde publiko guztiei eskatzen die beharrezkoak diren zehapen-prozedura guztiak ere taxutu ditzaten, pertsona horien aurka hirugarrenek (enpresek, erakundeek, talde paramilitarrek, eta abar) egin litzaketen giza eskubideen urraketen aitzinean. Orobat eskatzen dugu, bide horretan berean, bere harremanak –bereziki merkataritza- eta finantza-harremanak– baldintzatu ditzaten, Giza Eskubideen Defendatzaileen Adierazpenean Nazio Batuek aitortutako eskubideak aintzat hartzen ez dituzten edo urratzen dituzten estatuei dagokienez.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baititu Defentsa Ministerioak Bardeako tiro poligonoan programatutako su errealeko maniobra militarrak, eta bertan behera utz daitezen exijitzen du. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Defentsa Ministerioak Bardeako tiro poligonoan otsailaren 7rako, 8rako eta 9rako programatutako su errealeko maniobra militarrak, eta bertan behera utz daitezen exijitzen du.

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die Bardean otsailaren 7rako, 8rako eta 9rako programatutako su errealeko maniobra militarren aurka deitzen diren mobilizazio-deialdiei.

3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du bere nahia dela Defentsa Ministerioak urgentziaz desegin dezan Bardeako tiro-poligonoa.

4. Adierazpen hau Nafarroako Gobernuari, Defentsa Ministerioari eta Bardeako Komunitateari igorriko zaie”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela-eta.

 

Adierazpenaren lehendabiziko bost puntuak Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak proposatu ditu, eta seigarrena eta zazpigarrena, berriz, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere erakutsi nahi du minbiziaren aurka borrokatzeko bere konpromisoa, eta bat egiten du Minbiziaren Nazioarteko Egunaren kanpainarekin.

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak lan egitea Nafarroako gizartean aztura osasungarriak sustatzeko eta arriskuak ekiditeko (esate baterako, tabakoa, alkohola eta obesitatea, bai eta substantzia kantzerigenoen eraginpean jartzea lanean edo ingurumenean).

3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsona guztiek izanen dutela sarbidea –eraginkorra eta berdintasun-baldintzatan– minbiziaren baheketa programetan, eta minbizia duten pertsonek sarbide eraginkorra izanen dutela tratamendu eraginkor eta berritzaileetan.

4. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsonek artatze-eskubidea dutela, erdigunean jarriko dituena minbizia duten pertsonak eta haien beharrizanak –kalitatezko asistentzia eta zainketa aringarri integralak barne, bizitzaren azken prozesuan–.

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak behar adinako finantzaketa bermatzea ikerkuntzarako eta profesionalei arlo horretan prestakuntza emateko.

6. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Espainiako Gobernuari ikerkuntza onkologikoaren aldeko estatu-itun bat bultza dezan.

7. Nafarroako Parlamentuak bere egiten ditu oraintsu egindako ikerketak, zeinek agerian uzten baitute ezberdintasun sozioekonomikoak erabakigarriak direla munduan minbizia duten gaixoen biziraupenari begira, eta ezberdintasun hori desagertzeko neurri publikoak sustatzearen alde egiten du”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du emakumeen genitalen ebaketa, jarduketa kultural kaltegarria baita. Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“ 1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatu egiten duela emakumeen genitalen ebaketa, jarduketa kultural kaltegarria baita, eta emakume eta neskatoen giza eskubideen urraketa dela uste du, alegia, sexuen arteko desberdintasunaren adierazpen bat, emakumeak gizonen azpian uzten dituen sexu-genero sistema mantendu eta indartzera bideratua.

2. Nafarroako Parlamentuak bere egiten du emakumeen genitalen ebaketa prebenitu, atzeman eta desagerrarazteko konpromisoa, erakunde espezializatuekin elkarlanean, bai eta praktika hori desagerrarazteko egun diren lege-tresnak –nazioartekoak, estatukoak zein autonomia erkidegoetakoak– ezagutu eta sustatzekoa eta, halaber, Nafarroan gai horretan lanean ari diren entitate espezializatuei babesa ematekoa ere”.

- AEK-Euskaraz Kooperatiba Elkartea enpresako arduradunek Hizkuntza kudeaketa hobetzeko Planaren behin betiko diagnostikoa eta zirriborroa aurkeztu dizkiete Nafarroako Parlamentuko Mahaiari eta Eledunen Batzarrari, Nafarroako Parlamentuaren Euskara Planaren karietara. Mahaiak, hurrengo bilkuran, hartu beharreko erabakia hartuko du enpresak proposatutako jarduketa planari dagokionez.