Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Apirilak 9

2018ko apirilaren 9ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, APIRILAK 9, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, apirilak 9–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

-Zientzia eta Teknologiari buruzkoa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Babes sozialeko sistema publiko eta kalitatezko baten aldekoa. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkari Imanol Karrera Turrillo jaunak aurkeztu du. Herritarren legegintza-ekimena.

Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek txosten bat prestatuko dute ekimenak legezko baldintzak betetzen ote dituen jakiteko.

- Zeinaren bidez aldatzen baita 18/2017 Foru Legea, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituena. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, batzordean eztabaidatu dadin honako mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da osasun-zentroetan kirurgia txikiko praktika klinikoa ziurtatuko duen araudi bat presta dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxeen arteko koordinazio- eta lankidetza-sare bat sor dezan, horientzako erregelamendu organiko bat taxutu dezan eta Helduarora igarotzeko programak arautu ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da berdintasunari buruzko etorkizuneko legean nahiz hezkuntza- eta lan-legedian jaso dezan janzkera-askatasuna bermatuko dela eta ez dela sexuaren araberako uniformea eraman beharra ezarriko. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da PFEZaren berrikusketa bat igor dezan Legebiltzar honetara, foru erkidegoaren lehiakortasunaren susperraldia jasoko duena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Datu-kudeaketaren Behatokia sor dezan eta Nafarroako big data ustiatzeko politika bat gara eta normaliza dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “agenda nazionalista” lehenesteari utz diezaion eta ekimenak har ditzan eta neurriak proposa ditzan Nafarroak une hau baliatze aldera bere hazkuntza ekonomikoari eta bere autonomia fiskal eta finantzarioari begira daukan ahalmen osoa optimizatzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da berariazko jarduketa plan bat egin dezan eskola-porrotari aurre egiteko eta derrigorrezko irakaskuntzetako ikasleen igarotze-tasak areagotzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da % 0,7aren banaketa alda dezan eta Espainiako gainontzeko tokiekin berdindu dezan, Eliza Katolikoaren eta gizarte-intereseko beste xede batzuen laukitxoak markatzen diren kasuetan. Nafarroako Parlamentuko Parlamentu-talde Popularreko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Kontuen Ganberako lehendakariarena, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontratazioa, 2016-2017” txostena aurkez dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, azal dezan Osasun Departamentuak zer neurri hartuko dituen Kontuen Ganberaren “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontratazioa, 2016-2017” txostenean jasotako gomendioak betetzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, Foru Administrazioak software librerako migrazioa egiteko plana aurkez dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, azal dezan zer dela-eta ez diren abiarazi Egako eta Arga 4ko adarrean egiteke dauden obrak, eta azalpenak eman ditzan eremu osagarrietako udalez gaindiko eraginari buruzko proiektu sektorialari buruz, ur-emakidari buruz eta obrak hasteko aurreikusitako datari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, gazteen arteko indarkeria sexista areagotzeari dagokionez bere departamentuak egindakoa azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, nafar enpresaburuek ekonomiaren susperraldia dela-eta daukaten konfiantza zertan den azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariarena, kulturako zuzendari nagusiaren irteera azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Kulturako zuzendari nagusi berriarena, jarraituko dituen ildoak azal ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, azal dezan Nafarroako Gobernuak zer jarrera duen terrorismoaren historiari buruz Espainiako Gobernuak prestatu duen unitate didaktikoaren ezarpena dela-eta. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, enpresen etekinen fiskalitateari eta gainontzeko zerga-figurekiko orekari buruzko 9-18/PES-00050 galderaren erantzunean jasotako datuak balora ditzan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- UGT sindikatuaren ordezkaritza batekin, irakasleen kontratazio-zerrendak prestatzeko modua arautzen duen zirriborrorako ekarpenak egin ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Herrikoa Guraso-elkarteen Federazioarekin, eskola publikoaren egoerari buruzko iritzia eman dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- NUPeko Energia Berriztagarrien Katedraren zuzendariarekin, Osnabrück-eko Unibertsitateko Energia Berriztagarrien katedradunarekin eta APERNAko lehendakariarekin, argia-beroa-trafikoa ardatz sektorialeko mugikortasun jasangarria Nafarroan aplikatzeari buruz informa dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Kalitatezko irakaskuntza publiko baten aldeko Artikako bizilagunen ordezkaritza batekin, Artika-Berriobeitiko eskolatze-inguruabarrei eta zerbitzuetarako sarbideari buruz daukaten jarrera azal dezaten. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordearen irizpena.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren betetze-mailari buruzko galdera erretiratzea. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Eskaria, batzordean izapidetu daitezen LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea betetzeari buruzko galdera (9-18/POR-00081) eta 2018 eta 2019rako lan-eskaintza publikoan berdintasuneko emakume agente edo teknikari lanpostuak jasotzeko aurreikuspenei buruzko galdera (9-18/POR-00135). Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak foru parlamentarien informazio-eskariei erantzuten atzeratzeari edo ez erantzuteari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Nafarroan erlijioko ikastorduak murrizteko komenigarritasunari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Aparteko lan-eskaintza publikoan deitutako lanpostu-kopuruari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea zertan den honako erabaki hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da animalien babesari eta ongizateari buruzko egungo araudia berrikus eta egunera dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Iruñeko espetxeko presoek osasun laguntza publiko, unibertsal eta doakoa izateko eskubideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Enplegu sozial babestuko 2018ko deialdian kaltetutako toki entitateei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak Tafallako Errekoletoen komentuan 2018an eginen dituen inbertsioei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Adingabeei laguntzeko kontratuei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- “Corellako Arteak” izeneko natur monumentuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- N-232 errepidearen Errioxako tartean ibilgailu astunak ibiltzea debekatu izanak eragindako egoerari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 13/2018 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Juan Luis Beltrán Aguirre jauna Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari izendatzen duena.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontratazioa, 2016-2017” fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Azkoiengo Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari buruzko 2016ko fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zangozako Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txostena egin dezan Aracea Hirigintza-kudeaketako udal sozietatearen diruzaintzako egoerari eta zorrari buruz, sozietateak egindako jarduketei buruz eta Uharteko Udalak sozietate horren kudeaketan eta kontu-hartzailetzan egindako jarduketei buruz. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Zerbitzu juridikoen txostena ikusirik, Mahaiak erabaki du ez onartzea Espainian bortxaz desagerrarazitako haurren errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko lege proposamen bati buruz aurkeztutako eskari-idazkia, “Te Estamos Buscando” bortxaz desagerrarazitako haurren kasuen biktimen nazioarteko plataformako koordinatzaile nagusi María Mercedes Bueno Morales andreak aurkeztutakoa. Bestalde, proposamena talde parlamentario zein foru parlamentarien elkarteetako eledunei igorriko zaie.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Kontseiluaren 10/2018 Irizpena, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Lege proiektuak ordenamendu juridikoa betetzeari buruzkoa.

- Eledunen Batzarrak erabaki du ez onartzea Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako eskaera, Parlamentuko zerbitzu juridikoei txosten bat eta Nafarroako Kontseiluari irizpen bat eskatzekoa Kontratu Publikoei buruzko Foru Lege proiektua dela-eta. Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Arartekoaren Erakundearen 2017ko txostena.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere ateak nafar guztientzat irekita izateko borondatea agertzen baitu, edozein direla ere haien sinesmen eta ideiak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNk alde bozkatu dute; EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere ateak irekita izateko borondatea agertzen du, nafar guztiak, edozein direla ere haien sinesmen eta ideiak, bai eta katolikoak ere, denon ordezkari den erakundearen egoitzan babestuta senti daitezen”.

 

PPNk aurkeztutako adierazpen-proposamenak baztertu diren beste bi puntu bat zeuzkan. Puntu horien aurkako botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, UPNk eta PPNk.

 

Onartu ez diren puntuen testua hau da:

 

“Nafarroako Parlamentuak babesten du Aralarko San Migelen bisita instituzionala berreskuratzea.

 

Nafarroako Parlamentuak jakinarazten dio Aralarko San Migel santutegiko kapilauari bere nahia dela irudia Iruñean dagoen egunetakoren batean Parlamentura bisita instituzionala egitea”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesten baitu “Altsasu Gurasoak” taldeko familiek deitutako manifestazioa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN, PSN eta PPNk aurka.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak babesten du “Altsasu Gurasoak” taldean bildutako familia ukituek eta "Altsasukoak Aske Herri Plataforma" babes-plataformak deitutako manifestazioa eta dei egiten die Nafarroako herritarrei bertan parte har dezaten. Manifestazioa heldu den apirilaren 14an, larunbata, 17:30ean eginen da Iruñean “JUSTIZIA. EZ DA TERRORISMOA” lelopean, giza eskubideekiko, askatasunekiko eta berme demokratikoekiko konpromisoa agertzeko xedez”.