Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Apirilak 16

2018ko apirilaren 16ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, APIRILAK 16, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, apirilak 16–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak erabaki du epe bat irekitzea zuzenketak aurkezteko Kanabis-erabiltzaileak arautzen dituen Foru Lege proposamenari, apirilaren 12ko Osoko Bilkurak aintzat hartu baitzen.

- Bizitza digitalari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Autonomia Pertsonalaren Sustapen Zerbitzua garatzeko berariazko araudia presta dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua premiatzen da Bucéfalo elkartearekiko lankidetza-hitzarmen bat egin dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da albiste faltsuak identifikatzeko prestakuntza ezar dezan Nafarroako hezkuntza-curriculumean eta xede horrekin berarekin herritarrentzako informazio-kanpainak egin ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da berandu sartutako ikasleak eta hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxeen baliabide materialen eta giza baliabideen arloko premiak ase ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da bidaia-bekak emateko araudi bat ezar dezan, nafar gazteek aukera izan dezaten Europar Batasuna, hura osatzen duten herrialdeak eta pertsonak deskubritzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren idazkia, gazteen arteko indarkeria sexista areagotzeari dagokionez Eskubide Sozialetako Departamentuak egindakoa azaltze aldera Eskubide Sozialetako kontseilariak egin beharreko agerraldiari buruzkoa.

- Osasuneko kontseilariarena, Nafarroako Ospitaleguneko burutzen izendapenak deuseztatzen dituen epaia dela-eta Gobernuak hartuko dituen erabakiei buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, azal dezan Gobernuak non jarri nahi duen Foruzaingoaren polizia-etxe nagusia eta horretarako zer epe darabilen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, 2016ko ekitaldiko PFEZaren kanpainaren balantzea egin dezan eta kanpainari buruz egindako azterlan soziometrikoa azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, oinarrizko osasun-laguntzari buruzko 2017tik 2019ra bitarteko estrategia azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, azal dezan irakasle-lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen foru aginduaren proiektua. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, Nafarroan egunotan izandako uholdeei buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Kalitatezko irakaskuntza publiko baten aldeko Artikako bizilagunen ordezkaritza batekin, Artika-Berriobeitiko eskolatze-inguruabarrei eta zerbitzuetarako sarbideari buruz daukaten jarrera azal dezaten. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Osasuna Magna kirol klubeko zuzendaritzako kideekin, beren premiei eta eskariei buruz informa dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Belateko tuneleko obrek ukitutako udaletako alkateekin, mendateko errepide zaharrean eta bertako herrietan izanen diren arazoei buruz informa dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Lizarrako Remontival ikastetxeko hezkuntza-erkidegoaren ordezkaritza batekin, azal ditzan ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren berezitasunak, eskola-garraioaren egoera eta hezkuntza bereziko gelaren ezaugarriak. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- AFAPNA sindikatuarekin, azal dezan irakasle-lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak prestatzeari begira egiten dituen proposamenak eta bitarteko irakasleen egoera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Parlamentuko Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledunaren aldaketa Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko ikerketa batzordean, hemendik aurrera Javier García Jiménez izanen baita.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak eginen dituen Batzorde berezirako ordezkariak izendatu izana: Maribel García Malo (UPN), Virginia Alemán Arrastio (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga Osinaga (EH Bildu Nafarroa), Tere Sáez Barrao (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina Santos (PSN), Ana Beltrán Villalba (PPN) eta José Miguel Nuin Moreno (I-E).

 

AHOZKO GALDERAK:

- Etxebizitzari buruzko lege berria egiteko epeei eta aurreikuspenei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- NUPen 2019-2020 ikasturterako Medikuntzako gradua ezartzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan erregularizatu beharreko lanpostuei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Uholdeek eragindako kalteak ekidite edo arintze aldera Nafarroako Gobernuak eginen dituen jarduketei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 22ko 259E/2017 Ebazpenari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak finantzaketa publikoarekin onartutako onkologiako farmako berriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.

- Lanbide Heziketako 15 ziklo berriak 2018-2019 ikasturterako abian jartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Heldu den ikasturtean Lanbide Heziketako toki gehiago eskaintzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Lanbide Heziketan 2018-2019 ikasturterako 15 ziklo gehiago ezartzeko arrazoiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tuterako AP 68ko lotunetik Valle del Ebro BHIko biribilgunera bitarte 121 C errepideko zoruak duen egoerari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- 2017-2018 ikasturtetik 2020-2021 ikasturtera bitarteko eskola-garraioaren lizitazioari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Lanbide Heziketako maila ertaina edo/eta goi maila eta oinarrizko lanbide heziketa ezarrita daukaten ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek eskatutako zikloei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuaren betetze egoerari buruzko txostena, 2018ko lehen hiruhilekoa.

- Mahaiak aldarrikatu egin du Nafarroako Parlamentuak Euskararen Nafar Kontseilurako hautatu beharreko kide izateko Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako hautagaia, Ana Luján Martínez andrea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Bortxaz Desagerrarazitako Haurren Nazioarteko Plataformaren idazkia, Espainian bortxaz desagerrarazitako haurren errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko lege proposamen bati buruz aurkeztutako eskari-idazkia onartu ez eta artxibatu izanari buruzkoa.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu helburu sozialetara bideratutako funtsak handitzeko “Y tú qué marcas” kanpainarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren lehenengo puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoarekin onetsi da, eta UPNk eta PPNk, berriz, aurkako botoa eman dute. 2. puntua UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN I-E eta PPN ren aldeko botoarekin onetsi da; EH Bildu-Nafarroa abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du helburu sozialetara bideratutako funtsak handitzeko “Y tú qué marcas” kanpainarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du Errenta Aitorpeneko 0,7aren laukitxoaren bidez bildutako kopuruak ez dituela Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partidak ordezkatu behar; aldiz, legeak exijitzen duen 0,7 helburua betetzeko osagarri izan beharko luke”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren proiektua. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN eta PPNk, aurka.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorren proiektua.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren proiektuak errotu egiten duela krisi urteetan areagotutako desberdintasuna, uko egiten diola herritarren zati handi baten txirotzea ekarri duten erreformei buelta emateari, eta uko egiten diola enpleguaren kalitatea, zerbitzu publikoen eta eskubide sozialen blindajea eta eredu ekonomiko berri bat bermatzeko neurriak bultzatzeari.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du PPren Gobernuak aurkeztu duen Estatuaren 2018rako aurrekontu orokorren proiektuak kalte larria dakarkiela Nafarroako Foru Komunitateari eta, horregatik, erabateko gaitzespena adierazten du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gonbidatzen ditu Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoak Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka bozkatzera".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Boro LHri eta beren jarduna mugatuta duten hedabideetako profesional guztiei. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren lehenengo puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoarekin onetsi da; UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute. Bigarren puntua aho batez onetsi da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Boro LHri eta prentsa eta informaziorako eskubide konstituzionalak baliatzeagatik beren jarduna mugatuta, kriminalizatuta ez denean, ikusten duten hedabideetako profesional guztiei; espero dugu prozesu justua izan dezaten, berme guztiekin, eta ikertzea 2014ko martxoaren 29ko poliziaren jardun larria eta izan daitezkeen ardurak argitzea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du kazetaritza kritikoarekin eta adierazpen eta informazio askatasunaren balio konstituzionalekin, demokraziaren oinarri baitira eta iritzi publiko aske bat osatzeko funtsezkoak”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat eginen bailuke Altsasun erasotutako bi guardia zibilak eta haien bikotekideak babesteko deitutako elkarretaratzearekin. PPNk aurkeztu du.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak kontra bozkatu dute; UPNk eta PPNk alde; PSNk 1. puntuaren alde bozkatu du, eta 2. puntuan abstenitu da.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Altsasun erasotutako bi guardia zibilak eta haien bikotekideak babesteko deitutako elkarretaratzearekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak herritarrak animatzen ditu elkarretaratze horretan parte har dezaten”.