Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Abuztuak 3

2018ko abuztuaren 3ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, OSTIRALA, 10:00etan EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –ostirala, abuztuak 3–, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bipil errefusatzen baitu Konstituzio Auzitegiaren erabakia, deuseztatzen duena 16/2015 Foru Legea, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-Eko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute; UPN eta PPNk aurka; PSNk 1. puntuaren aurka bozkatu du eta 2. puntuan abstenitu da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bipil errefuxatzen du Konstituzio Auzitegiaren erabakia, 16/2015 Foru Legea deuseztatzen duena. Berriz ere Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako gehiengo sozialaren borondatearen aurka dago eta eragozten digu erabaki egokiak hartzea Nafarroak biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko duen ahalmena gauzatzea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak salatzen du epai horrek babesgabetasunean uzten dituela eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak, eta konpromisoa hartzen du haiek dituzten eskubideak defendatzeko eta haiei zor zaien errekonozimendua eta erreparazioa gauzatzeko posible diren bide guztiak aztertzeko. Halaber, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio konpromiso hori bera har dezan eta horretarako behar diren neurriak xeda ditzan".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baitu Tuterako festetan emakumezko adingabe batek pairaturiko sexu-erasoa. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu Tuterako azken festetan salatutako gertakariak, eta elkartasun nahiz aldekotasuna adierazten dizkie sexu-erasoen biktima diren emakume guztiei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere kezka adierazten du, bereziki jai-giroetan gertatzen diren jarrera eta jokabide matxistengatik, eta berretsi egiten du bere konpromiso publikoa, gizarte patriarkal eta matxista bat sendotzen duten desberdinkeria eta diskriminazio oro amaiaraztekoa. Ildo horretan, onartezintzat jotzen du festak zigorgabetasun-gune bihurtu ahal izatea, non emakumeak laidotzen dituzten jarrerak sustatzen diren.

 

3. Nafarroako Parlamentuak onartezintzat jotzen du jarrera matxista horiek oraindik ere gertatzen jarraitzea, eta adierazten du bere borondatea dela errotik desagerraraztea indarkeria sexista oro, zeina emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunaren eta patriarkatu menderatzaile bat egotearen ondorio baita.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak berdintasunaren eta genero-indarkeriaren arloko legedi indardun guztia betetzen eta hedatzen jarraitzea, horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleituz eta behar diren tresna guztiak taxutuz berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, non gizonek eta emakumeek beren bizitzen alderdi guztiak askatasunez eta berdintasunez bizi ahalko baitituzte, eta gizartearen zati batek bestearekiko menderakuntzazko eta nagusikeriazko jarrerarik izateko tokirik izanen ez den.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako udalek kasuko programak, protokoloak eta lege-tresnak indartzen segi dezaten, sexu-eraso edo -indarkeria oro desagerrarazteko, agerikoenetik lausoeneraino".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu zenbait pertsonak berriki, zenbait herritako festetan, pairatu dituzten irain, eraso eta adierazpen- nahiz zirkulazio-askatasunen aurkako egintza guztiak. Geroa Bai eta I-Ek aurkeztu dute.

 

UPN, Geroa Bai, PSN , PPN eta I-Ek alde bozkatu dute; EH Bilduk 1. eta 2. puntuen alde bozkatu du eta 3.ean abstenitu da. Podemos-Ahal Duguk 1. eta 2. puntuen alde eta 3.aren aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak berresten du bere uste osoa dela ezen, demokrazian, tolerantziaren eta elkarrekiko errespetuaren bidez bakarrik lor daitekeela beharrezkoa den bizikidetasun-giroa, beren aniztasun eta askotarikotasun ideologikoarekin gure erkidegoa osatzen duten pertsonen artean.

 

2. Nafarroako Parlamentua konprometitzen da bere zeregin politikoaren bitarteko eta helburu gisa balio demokratikoak defendatzen segitzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu gure erkidegoan zenbait pertsonak berriki pairatu dituzten irain, eraso eta oinarrizko eskubide diren adierazpen- nahiz zirkulazio-askatasunen aurkako egintza guztiak".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu Alderdi Popularreko buruzagiek San Fermin festetan pairaturiko irain eta eraso guztiak. PPN foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, PPN eta PSNk alde bozkatu dute eta I-E abstenitu da. Geroa Baik 1. puntuaren aurka bozkatu du, 2. abstenitu da eta 3.aren alde bozkatu du. EH Bilduk 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu du eta 3.aren alde. Podemos-Ahal Duguk 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu du eta 3.ean abstenitu da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu Alderdi Popularreko buruzagiek San Fermin festetan pairaturiko irain eta erasoak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du adierazpen- nahiz zirkulazio-askatasunen oinarrizko eskubideen aurkako erasoa, ehunka pertsonak eskubide horiek urratu baitzituzten PPko agintariek hedabideetan deklarazioak egiten ari ziren bitartean.

 

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere nahia dela edozein pertsonak modua izan dezan, duen ideologia duela ere, askatasun eta lasaitasunez une oro Iruñera joateko, hiriburuko edozein tokitara, San Fermin festetan zehar nahiz haietatik kanpo".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatzen baitu Israelgo erregimenak Gazan egin duen azken sarraskia. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek; UPN eta PPNk aurka bozkatu dute, eta PSN abstenitu da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du Israelgo erregimenak Gazan egin duen azken sarraskia; aldeztu egiten ditu Palestinako populazio zibilak sustatutako "BDZ- Boikota, Desinbertsioak eta Zehapenak”‑ nazioarteko kanpainak bultzatutako ekimen desberdinak, eta gainerako nafar erakundeak premiatzen ditu hori bera egin dezaten".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere aldekotasuna adierazten baitie bertako zerbitzu juridikoei. PPNk aurkeztu du.

 

Aldeko botoa eman dute UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta PPNk; Geroa, bai, EH Bildu eta I-E, berriz, abstenitu dira.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bere aldekotasuna adierazten die bertako zerbitzu juridikoei, Legelari Nagusiari eta Parlamentu honetako gainerako legelariei, talde guztiei laguntzearen beren jarrera profesionalarengatik".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu aldeztu egiten dituela erkidego anitz eta askotarikoak sortzera bideraturiko gazteen eta auzokideen autokudeaketa- eta autoantolaketa-proiektuak. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek; UPN eta PPNk, berriz, aurkako botoa eman dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak adierazten du aldeztu egiten dituela erkidego anitz eta askotarikoak sortzera bideraturiko gazteen eta auzokideen autokudeaketa- eta autoantolaketa-proiektuak".

 

Adierazpen instituzionalerako proposamenak beste bi puntu zeuzkan, biak ere atzera bota direnak UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNren botoekin. EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk bi puntuen alde egin dute; I-E, azkenik, bietan abstenitu da. Baztertu diren puntuek honako hau diote:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du ez dagoela ados Nafarroako Gobernua akusazio partikular moduan aurkeztearekin Maravillas Gaztetxearen aurka irekitako prozeduran.

 

2. Nafarroako Parlamentua ez dago ados foru exekutiboak eraikina utzarazteko egin duen eskaera judizialarekin”.

 

- Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere doluminak adierazten baitizkie Corellan hildako bi langileen senitarteko eta lagunei. EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek. UPN eta PPNk lehenengo puntuaren alde egin dute eta 2. eta 3.ean abstenitu dira. PSNk 1. eta 2. puntuen alde egin du eta 3.ean abstenitu da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bere doluminak adierazten dizkie hildako bi langileen senitarteko, lagun eta hurbilekoei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten du enpresa-azpikontratazioak lan-istripu ugariren iturburu izaten segitzea, eta, ildo horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen du kontrol eraginkorra egin dezan kontratazio publikoan adjudikazio-hartzaile suertatzen diren enpresek garatu eta bete beharrekoak diren Lan Arriskuen Prebentziorako Planen gainean.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekintza zehatzak abiaraz ditzan lan-ikuskaritzaren arloko eskumenak bereganatzeko, hartara posible izan dadin laneko segurtasuna bermatzea, bai eta gure erkidegoan langile guztientzat lan-baldintza duinak ziurtatzea ere".

 

BESTELAKO GAIAK:

- Eledunen Batzarrak onetsi du Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren izen-aldaketa; hemendik aurrera Podemos-Ahal Dugu Orain Bai izena hartuko du. Izen-aldaketaren aldeko botoa eman dute Podemos-Ahal Duguko ordezkariak eta PPNko ordezkariak. PSNko ordezkariak aurka bozkatu du. UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira.

Carlos Cousok aurkeztutako errekurtsoaren lehenengo puntuari dagokionez, Eledunen Batzarrak baztertu du “interes pertsonalak egotea Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza andreak emandako aurkako botoan, hain zuzen ere Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren izen-aldaketari buruz Mahaian 2018ko ekainaren 28an izandako bozketan. Horri buruz, lehendakariaren jarreraren alde egiten da, errekurtso horretan eskatzen zen abstentzioaren betebeharra baztertuta.

- Mahaiak erabaki du Idoia Tajadura Tejada Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia kargutik kentzea. Aldeko botoa eman dute lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza andreak, lehen lehendakariorde Unai Hualde jaunak eta lehen idazkari Maiorga Ramírez jaunak; aurkako botoa, berriz, bigarren lehendakariorde Alberto Catalán jaunak eta bigarren idazkari Maribel García Malo andreak.

Archivos adjuntos

Archivo adjunto12-2-2018 cousos-gª malo.jpg