Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Iraila 11

2017ko irailaren 11ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, IRAILAK 11, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, irailak 11–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Eledunen Batzarrak Arantza Izurdiaga Osinaga eta Laura Pérez Ruano izendatu ditu, eta Mahaiak Sergio Sayas López, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren legedia aldatzeko Lege proposamena Diputatuen Kongresuan defendatzeko.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroan amiantoa kentzeko garatu beharreko prozesuari buruzko plan zuzendari bat aurkez dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Etzegaraten N-1ean bidesariak ezartzea. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da familien parte-hartzea babestu eta hobetu ditzan, beren seme-alaben hezkuntzari eragiten dioten erabakietan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da alda dezan unibertsitatekoez bestelako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeari buruzko araubidea. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da animalien babesari eta ongizateari buruzko egungo araudia berrikus eta egunera dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da gida bat ezar dezan, arauek eta legeek haurtzaroarengan daukaten inpaktua ebaluatzeko sistema errazteko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, Rozalejoko Markesaren jauregiaren okupazioaren aitzinean Foruzaingoak izandako jokabidea azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, profesionalak lortzeko kanpaina azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, Nafarroan pairatzen ari garen lehortea dela-eta Nekazaritzako Batzorde Aholku-emaileak hartutako neurriei buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kontratazio-zerrendaren gardentasun ezari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Coral Herrera Gómez andrearekin, “maitasuna” kontzeptuak pertsona gazteen arteko indarkeria matxistak prebenitzearekin daukan zerikusia azal dezan eta prebentzio neurriak mahai gainean jar ditzan, erromantizismoa patriarkatua betikotzeko kultur tresna gisa aztertzeko. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Kultur Kudeatzaileen Elkartearen ordezkariekin, sektorearen egoerari buruz egiten dituzten analisia eta proposamenak azal ditzaten. Geroa Bai talde parlamentarioko Consuelo Satrústegui Marturet andreak aurkeztu du.

- COVITE elkartearekin, Nafarroan indarkeriazko erradikalizazioari eta terroristarenganako kultuaren arriskuei buruz hitz egin dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- AFAPNA sindikatuaren ordezkariekin, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kontratazio-zerrendaren gardentasun eza dela-eta egin duten salaketa azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- SOS Arrazakeria elkartearen ordezkariekin, Espainiako estatuak mugetan darabiltzan kontrol-politiken ondorioak azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bakerako Lankidetza Batzarraren eta Nigerko ONUMUJERES elkartearen ordezkariekin, Nigerren landa-emakumeen parte-hartzea eta ahalduntzea hobetze aldera ezarritako ekintzen esperientzia eta ONUMUJERESek herrialdeko gatazka-egoeretan –lekuz aldatu eta Diffan errefuxiatutako emakumeak– egindako lana azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bisita Tuterako Huertas Mayores ikastetxera, Castejóngo institutu berrira eta Cintruénigoko institutua handitzeko obretara. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Bisita Lizasoko baserri-eskolara. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Bisita Vianako Mondelez enpresaren instalazioetara. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Bisita Rozalejoko Markesaren Jauregira. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Eskaria, galdera idatzi gisa izapidetu dadin Nafarroako Gobernuak bizilagun-erkidegoetan energia alorreko trantsizioari laguntzeko eginen dituen urratsei buruzko eta energia berriztagarrietako murrizketa berriaren aitzineko jarrerari buruzko galdera. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.

- Lokalizazioari eta deslokalizazioari dagokienez 2017ko bigarren seihilekoan Nafarroan izandako enpresa-mugimenduari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Familiek beren seme-alaben hezkuntzari eragiten dioten erabakietan parte hartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Sunbillan ikastetxe publiko berri bat eraikitzeko egin diren jarduketei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Espainiako Itzulirako laguntza ekonomikorik ez emateko eta bertan publizitaterik ez jartzeko arrazoiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Hizkuntzak Ikasteko Programari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak Prestazio Handiko Trenarekin duen konpromisoari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Irakasleak aldi baterako kontratatzeko lanpostu-esleipenean izandako akatsei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tutoretza, zaintza edo harrera egoeran dauden adingabeei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Hurrengo bilkura batean onesteko gelditu dira Nafarroako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida antolatzeko arauak, bilkuraren data ezarri arte.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren 2017ko irailaren 6ko Erabakia, Esako urtegia handitzeko obren segurtasunaren arloko zenbait alderdiri buruzkoa.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioan egindako aldaketa; horren arabera, Inmaculada Jurío Macaya izanen da eledunaren ondoko, eta Guzmán Garmendia Pérez, berriz, eledunaren bigarren ondoko.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi egin dute iritzi publikoari buruzko barometroaren inkestarako NUPek prestatutako behin betiko galdetegia.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Erriberaren egoera ekonomikoari, hezkuntzazkoari eta sozialari buruzko Osoko Bilkura berezi eta monografikoa egitea urriaren 6an, PPNk proposatutakoari jarraikiz.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak gehiengo parlamentarioa baliatzea estatuko, autonomia erkidegoko eta Europako legedian jasotako bermeak ez betetzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da, Geroa Bai 2. puntuaren aldeko botoa eta 1. puntuaren aurkako botoa eman du, eta EH Bildu Nafarroak 1. puntuaren aurkako botoa eman du eta abstenitu egin da 2. puntuan.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Kataluniako Parlamentuak, bai eta edozein parlamentuk ere, gehiengo parlamentarioa baliatzea estatuko, autonomia erkidegoko eta Europako legedian jasotako bermeak ez betetzeko, horiek baitira zuzenbideko estatu demokratiko ororen oinarria.

 

2.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, elkarrizketa da, ezberdinen arteko errespetua dakarren aldetik, gure demokraziak oinarri duen funtsezko tresna, zeinean denok senti baikaitezke ordezkaturik eta akordioetara irits baikaitezke.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Martzillako Marqués de Villena BHI zoriondu nahi baitu, Gori Erriberan erreferentziako ikastetxe publiko gisa 50 urte bete dituelako. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Martzillako Marqués de Villena BHI zoriondu nahi du, Gori Erriberan erreferentziako ikastetxe publiko gisa 50 urte bete dituelako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du urtea joan urtea etorri ikastetxeari hazten eta aintzat hartua izaten lagundu dioten irakasle guztiei, eta zorionak eman nahi dizkie horregatik.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Marqués de Villena BHIko hezkuntza-erkidego osoarekiko bere konpromisoa adierazi nahi du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak ikastetxearen zuzendaritzari eta bertan parte hartzen duten udalei helarazi nahi die adierazpen instituzional hau”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Alderdi Popularraren Gobernuaren jarrera, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea eragoztekoa. Podemos- Ahal Dugu talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Alderdi Popularraren Gobernuaren jarrera, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea eragoztekoa”.

 

Aurkeztutako proposamenak beste puntu batzuk ere bazituen, baina ez dira onetsi:

 

2. puntua. “Nafarroako Parlamentuaren ustez, Katalunian urriaren 1erako deitutako erreferendumak ez ditu ziurtatzen funtsezko berme formalak, eta horretaz gain urratu egiten ditu funtsezko zenbait eskubide demokratiko, boto-aukeren artetik baztertu egiten baititu aukera politiko legitimoak (Estatu Federala)”.

 

Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

3. puntua. “Nafarroako Parlamentua ez dator bat Kataluniako Parlamentuaren gehiengo parlamentariak Erreferendumaren Legea onesteko prozeduran izandako jokabidearekin, urratu egiten dituelako Legebiltzarreko taldeen eta parlamentarioen oinarrizko eskubide parlamentarioak”.

 

Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, Geroa Baik eta EH Bildu Nafarroak, berriz, aurkakoa.

 

4. puntua. “Nafarroako Parlamentua Katalunian dagoen gatazka politikoa berme legal eta demokratikoen bidez konpontzearen alde dago, Kataluniako herriak askatasunez erabaki ahal izan dezan nazio gisa izan beharreko etorkizuna”.

 

Geroa Bai, G.P. Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk aurkakoa; eta EH Bildu Nafarroa, berriz, abstenitu egin da.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenbide-estatua urratu izana. PPNk aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenbide-estatua urratu izana eta demokrazia laidotu izana.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Espainiako Konstituzioarekin eta nazio-subiranotasunarekin daukan konpromisoa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazi nahi die Espainiako Gobernuarren jokabideari, legezkotasuna betetzeagatik mehatxatutako funtzionarioei eta Justiziari”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errespetatu eta aintzatetsi egiten baitu Kataluniako herriak eta bere erakundeek etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko daukaten eskubidea. EH Bildu Nafarroak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da, Geroa Baik 1. eta 2. puntuen aldeko botoa eta 3. puntuaren aurkako botoa eman du, eta EH Bildu Nafarroak eta I-Ek aldeko botoa eman dute.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errespetatu eta aintzatetsi egiten du Kataluniako herriak eta bere erakundeek etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko daukaten eskubidea, bai eta gehiengo sozial eta politikoak adierazitakoari bide emateko egoki iritzitako neurriak hartzeko eskubidea ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak printzipio demokratiko oinarrizkoenen aldeko bere konpromisoa adierazten du, eta uste du proposamen politikoen eztabaida eta bozketa ezin direla arrazoi izan Legebiltzar bateko Mahaiko kideen aurkako prozesu judizial bat abiarazteko; kasu honetan, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen aurkakoa; izan ere, hor datza Kataluniako herriaren subiranotasuna.

 

3. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratikoa eta Kataluniako erakundeen aurka hartutako neurriak. Halaber, salatu egiten du Estatuko zenbait botere erabiltzea, esaterako Fiskaltza edo Konstituzio Auzitegia, bere helburu politiko propioetarako”.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, zeinaren bidez baietsi egiten baita Estatuaren Abokatutzak Nafarroako Parlamentuaren Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren 2017ko apirilaren 3ko erabakiaren aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Haren bidez, Bigarren Errepublikaren oroitzapenetan apirilaren 14an Legebiltzarraren egoitzaren fatxadan hiru koloreko bandera jartzea erabaki zen. Epaiak baliogabetu egiten du erabaki hura, eta ondoriorik gabe uzten du erabakia, ordenamendu juridikoaren aurkakoa izateagatik.

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute kasazio errekurtsorik ez aurkeztea. Errekurtsorik ez jartzearen aldeko botoa eman dute UPNk, Geroa Baik, PSNk eta PPNk, eta errekurtsoa jartzearen aldekoa, berriz, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek.