Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroak 20

2017ko azaroaren 20ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, AZAROAK 20, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, azaroak 20–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartutako gaiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak txosten bat eskatu diete legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, jakiteko Irakasleen kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendei buruzko Foru Lege proposamenak betetzen ote dituen Herritarren legegintzako ekimena arautzen duen Foru Legean aurreikusitako onargarritasun baldintzak. Juan Carlos Laboreo Vielak (AFAPNA) aurkeztu du.

- Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legea indargabetzen duena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da alda dezan 290/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Urrezko Dominaren kontzesioa arautzen duena. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Eskaria, Batzordean eztabaidatu dadin honako mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da beharrezkoak diren neurriak abian jar ditzan, gure erkidegoan bizi diren Venezuelako erretiratu eta pentsiodunek oinarrizko soldata soziala eta gizarte-laguntzen zerbitzu eta sistema autonomikoak eskuratu ahal izateko, beren herrialdeko pentsiorik ez badute jasotzen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrena ospa dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroatik kanpora joan behar izan duten gazteen itzultzerako eta laneratzerako pizgarriak emateko plan bat egin dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Erretiratzea Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztutako mozioa. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroaren armarria jar dezan Nafarroako Jauregiaren fatxada nagusian, Foruaren Hobekuntzak ezartzen duenaren araberakoa.

 

AGERRALDIAK:

- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ordezkaritza batekin, honako hauek aurkez ditzan: laneko jazarpeneko kasuetan arreta emateko programak eta protokoloak, 2016an eta 2017an izandako kasuen kopuruaren erregistroa eta erregistratutako datuen balorazioa eta ondorioak. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Euskarazko eta gaztelaniazko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako maisu-maistren Batzarraren ordezkaritza batekin, 2018ko ikasturterako lan publikoaren eskaintza dela-eta egin duten proposamena azal dezaten. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Iruñeko Erruki Etxeko langileen plantillako Enpresa Batzordearen ordezkaritza batekin, negoziazio kolektiboko prozesuaren egoera azal dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- ANAFE-CITE-ko plantillaren ordezkaritza batekin, enpresaren berehalako ixtea dela-eta egun dagoen egoera azal dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Nafarroako Ospitaleguneko Ama-haurren Arlora. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

7.1 Eskaria, CADTM-Comité pour l’abolition des dettes illégitimes erakundeko kide Eric Toussaint jaunak agerraldia egin dezan, Nafarroako erakundeen zorraren zenbatekoa, horren justifikazioa eta horri aurre egiteko aukerak aztertzeko lantaldeak xede duen aztergaiaren arloan ekonomilari aditua den aldetik. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute. (9-16/PON-00001).

 

AHOZKO GALDERAK:

- Euskarazko eta gaztelaniazko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako maisu-maistren Batzarrak 2018ko ikasturterako lan publikoaren eskaintza dela-eta aurkeztu duen proposamenari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Foruzaingoaren atzera-egiteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Vespa velutina espezie exotiko inbaditzailea dela-eta Nafarroako Gobernuak 2015etik gaur arte egin dituen jarduketei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.

- Sarrigurengo institutu berriari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Kutxa Fundazioak kudeatutako funtsen erabilerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Azagrako Ikastetxe Publikoan 25 ikasletik gora dituzten bi ikasgela bikoizteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak erabaki du Kontuen Ganberari igortzea, azter ditzan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak 2017ko irailean sartu baitziren erregistroan.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Galiziako Xuntako lehendakariaren idazkia, eskerrak ematekoa Nafarroako Parlamentuak onetsitako adierazpen instituzionalagatik. Haren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi zizkien galiziarrei, pairatzen ari ziren sute-bolada zela-eta.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Euskadiko lehendakariaren idazkia, Eledunen Batzarrak 2017ko azaroaren 6an onetsitako adierazpen instituzionalari buruzkoa.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak indarkeria deuseztatzeko lan egiten jarraitzea, hura pairatzen duen emakume bakar bat dagoen bitartean. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpena UPN, PSN, PPN eta I-Eren botoekin onetsi da; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos Ahal Dugu abstenitu egin dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak indarkeria deuseztatzeko lan egiten jarraitzea, hura pairatzen duen emakume bakar bat dagoen bitartean, bai eta horien seme-alabei lehentasunezko arreta ematea ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldezten du Nafarroako Gobernuak entzutea eman diezaien sexu-esplotazioa edota indarkeria pairatzen duten emakumeen alde lan egiten duten talde eta elkarteei, eta indarrean dagoen legedia aplika dadin, genero-berdintasunaren balioen aurka doazen irudi sexistak deuseztatzeko.

 

Horretarako, komenigarritzat jotzen da Gobernuak araudia aplika dezan, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen III. Tituluko –Prebentzioa eta sentsibilizazioa– 19. artikulua, prostituzioaren publizitatearen aurka eta emakumearen irudirako iraingarria den publizitatearen aurka egiteko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du komenigarria dela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-kanpainak egitea berdintasunaren balioak sustatzeko eta emakumeenganako indarkeria prebenitzeko, etapa guztiak kontuan hartuta, baina batez ere gaztediari zuzenduta.

 

4. Nafarroako Parlamentuak egokitzat jotzen du Nafarroako Gobernuak administrazio guztiei exigitzea beharrezkoak diren dirua eta baliabideak berdintasun politikarekin jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa baita genero-indarkeriaren alorrean”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara udalek onetsi duten genero-indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionalarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek; PPN, berriz, abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du honen eranskin gisa doan adierazpen instituzionalarekin, zeina Nafarroako zenbait udalek onetsi baitute heldu den azaroaren 25ean izanen den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako NBEren Nazioarteko Egunaren karietara, genero-indarkeriaren aurkako udalen kanpainaren barruan, eta bat egiten du aipatu kanpainarekin.

 

Eranskina: 2017ko azaroaren 25eko adierazpen instituzionala

 

Hemezortzi urte igaro dira Nazio Batuen Batzar Nagusiak bere egin zuenetik aldarrikapen feminista, egun bat ezartzekoa emakumeen aurkako indarkeria ikusgai jartzeko eta mundu mailan arbuiatzeko. Horren xedea zen bai gobernuak eta erakunde publikoak bai nazioarteko erakundeak eta gizarte zibila hausnarketara eta konpromisoak hartzera bultzatzea.

 

Hemezortzi urte hauetan, azaroaren 25ero, arreta jarri dugu indarkeria matxistaren egiturazko izaeran; izan ere, patriarkatuaren oinarri diren emakume-menderakuntzako harreman asimetrikoen adierazpenetako bat da. Azaroaren 25ero ikusgai jarri nahi izan ditugu munduko bazter guztietan emakumeek eta neskek, emakume edo neska izate hutsagatik, aurre egin behar dioten indarkeriaren modu eta adierazpen anitzak, sakondu dugu indarkeria hori gauzatzen den eremu bakoitzaren identifikazioan eta baliabideak eta neurri berariazkoak exigitu ditugu indarkeria hori deuseztatzeko.

 

2017an, duela gutxi amaitu denean Europar Batasunak pertsona errefuxiatuak birkokatzeko ezarritako epea, ezinbestekoa zaigu arreta jartzea emakume eta neskato errefuxiatuek pairatzen duten berariazko indarkerian. Indarkeria horrek lotura du gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sortzen eta birsortzen dituen egitura patriarkalarekin berarekin, baina, gainera, are larriagoa da neskato eta emakume errefuxiatuek bizi dutena bezalako ahuldade handiko egoeretan. Generogatiko desberdintasunak dira gure garaiko giza eskubideen urraketa iraunkorrenetako bat, eta, hori horrela, gerra eta gatazka armatuen testuinguruan dituen ondorioak onartezinak dira nazioarteko komunitatearentzat.

 

Azken bi urteetan, Europara iristen diren neskato eta emakume errefuxiatuen portzentajea areagotzen joan da, eta haien baldintzek eta errealitateak, gure begietatik gero eta hurbilago egonda, presenteago egon beharko lukete administrazio guzti-guztien agenda politikoetan. Badakigu neskatxa edo emakume izateak esponentzialki biderkatzen duela ahuldade maila, bai jatorrian, bai bidean, bai helmugan; eta, militarizazio testuinguruetan, menderatze patriarkalaren sistema indartu egiten dela eta desberdintasunak are sakonago egiten dituela. Neskato eta emakume errefuxiatuak zenbait egoera pairatzeko arriskuan suertatzen dira, hala nola sexu-indarkeriako egoerak, osasun- eta hezkuntza-baliabideak bezalako oinarrizko zerbitzuen ukazioa, bazterkeria sozialera kondenatuak izatea, beharturiko ezkontzak, haurdunaldi goiztiarrak, sexu- edo lan-esplotazioa helburu duten trata-sareen eskuetan erortzeko arriskua eta abar.

 

Errealitate horren aurrean, beharrezkoa eta premiazkoa da neskatoei eta emakumeei aukera berak eskaini eta ziurtatzeko betebehar legezko, politiko eta etikoari erantzutea, edozein dela ere haien jatorria edo egoera.

 

Hori guztia dela eta, toki entitateok kolektiboki ADIERAZTEN DUGU

GURE ARBUIOA, emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

GURE KONPROMISOA, administrazio publiko garen aldetik, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka.

 

GURE ESKAKIZUNA, bete dadin Europar Batasunean asiloa eskatu duten emakume errefuxiatuen egoeraren gaineko Ebazpena, iragan martxoaren 8an bozkatu zena. Ebazpen horrek dioenez, beharrezkoa da genero indarkeriaren aurkako estrategia integratuak aplikatzea eta emakumeak banan-banan inskribatu eta dokumentatzea haien segurtasuna eta autonomia bermatze aldera, bai eta jazarpentzat eta EBn asiloa emateko baleko arrazoitzat hartzea sexu- eta genero-indarkeria, emakumeen genitalen ebaketa, trata, behartutako ezkontzak, ohore-krimenak eta estatuek babestutako sexu-diskriminazioa, eta giza baliabide eta baliabide material egokiak jartzea haien eskura.

 

GURE ELKARTASUNA, erasoak pairatu dituzten edo erailak izan diren emakumeekin eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoekin.

 

HERRITAR GUZTIAK GONBIDATZEN DITUGU jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.

 

Horrela bakarrik lortuko dugu aurrerapausoak ematea gizarte jasangarri, demokratiko, zuzen eta berdinzaleagoetarantz eta solidarioagoak eta bizitzeko egokiagoak diren komunitateak eraikitzerantz”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten baitu Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak aitortutako eskubideak sustatu, bermatu eta babestearekin. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du, honako hauetarako:

 

1. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak aitortutako eskubideak sustatu, bermatu eta babesteko.

 

2. 2016ko maiatzaren 2an hartutako konpromisoak garatzeko, egun horretan sinatu baitzen Haurren aldeko Nafarroako Aliantza.

 

3. Garapen Jasangarriaren arloko Helburuen 2030 Agenda garatzea, guztion etorkizuna babesteko.

 

4. Haurren eta nerabeen iritzia aintzat hartzeko, haiengan eragin zuzena edo zeharkakoa duen orotan, haurren parte-hartzea sustatuz”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bide Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten baitie Siemens Gamesako langileei. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die Siemens Gamesako langileei.

 

2. Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela Siemens Gamesa enpresak Nafarroan dituen lantegietan enplegua mantentzea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du Nafarroako Gobernuak konponbidea bilatzeko aukera guztiak agortu behar dituela lanpostu guztiak mantentze aldera, eta bere eskumenen mugapean dauden erraztasun guztiak eman behar dituela.

 

4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Foru Komunitatean enplegua sortzearen eta jada dagoenari eustearen aldeko apustua egiten duela, herritarren kezka nagusia eta oraingo zein etorkizuneko garapenerako eragilea baita.

 

5. Ebazpen hau Siemens Gamesako zuzendaritzari igorriko zaio":

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Arartekoaren erakundea babesten baitu. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Arartekoaren erakundea babesten du, egungo titular Javier Eneriz Olaechea jaunak ordezkatzen duena, eta aitortzen du haren lana beharrezkoa dela eta objektibotasunez, independentziaz eta herritarren zerbitzurako jarduten duela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du Arartekoak eginiko lana; izan ere, erakundea sortu zenetik baliagarria izan da Nafarroako Administrazio Publikoen jarduna ikuskatzeko eta herritarrei Nafarroako erakunde publikoekin dituzten harremanetan laguntzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak haren lan eta jarduketekiko errespeturik erabatekoena adierazten du”.

 

Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Arartekoak aurkeztutako idazki bat, zeinaren bidez adierazten baitu “erakunde honen arbuioa eta ondoeza, foru parlamentari batek iragan azaroaren 14an Hezkuntza Batzordean Nafarroako Arartekoari buruz erabilitako adierazpideengatik”. Bere idazkian, Nafarroako Arartekoak PSNko foru parlamentari Carlos Gimenok Hezkuntza Batzordean eginiko mintzaldi bat aipatzen du, irakasleen oposizioetarako zerrenda bakarraren gainean Arartekoak eginiko txosten bati buruzkoa.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berresten baitu Altsasuko herrian eta Nafarroa osoan bakearekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren lehen puntua ahoz batez onetsi da. UPNk, PSNk eta PPNk bigarren eta hirugarren puntuen aurka bozkatu dute. Gainerako eragile parlamentarioek, aldiz, horien alde bozkatu dute.

 

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berresten du Altsasuko herrian eta Nafarroa osoan bakearekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa, urtebete igaro delarik aipatu herrian izandako gertakari tamalgarrietatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du oso kezkatuta dagoela kasu horren inguruko gertakariekin, izaten ari den proportzionaltasun faltagatik, horixe baita ondokoetan adierazten dena:

 

Espetxe-zigor eskariak, 375 urte egiten dutenak, zeinen ondorioz Europako Batzordeko Eskubide eta Askatasunen alorreko arduradunak adierazi baitu beretzat gordetzen duela egokitzat jotzen dituen egintzak abian jartzeko eskubidea, tratatuen zaindari den aldetik.

 

Hiru gazteren prebentziozko espetxealdia, eta defentsak aurkeztutako froga gehienak atzera bota izana, horrek gazte horientzat ekar dezakeen berme falta eta babesgabetasunarekin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Altsasu kasuko organo judizial eskudunek proportzionaltasunez jokatzea eta erabat errespetatzea gazte horiek benetako babes judizialerako eta berme guztiak dituen prozesu baterako duten eskubidea”.

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du txosten juridiko bat eskatzea legebiltzarreko zerbitzuei, Hezkuntza Departamentuak duen betebeharrari buruzkoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketarako urte anitzeko plana ezartzeari dagokionez unibertsitate horrekin lortutako akordioari buruz daukan dokumentazioa igortzekoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak eskatu du.

 

- Mahaiak erabaki du 2018ko urtarriletik aurrera posta elektronikoaren bidez igortzea Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuren deialdiak, papera ez erabiltzearren.

 

- Mahaiak erabaki du, lana bizitza pertsonal eta familiarrarekin bateratzeko ordutegi egokiagoa ezartze aldera, 2018ko urtarriletik aurrera jarduera parlamentarioak izanen duen ordutegia onestea. Hala, goizeko bilkurak 09:15ean hasi eta 14:00etan bukatuko dira; eta, arratsaldez, 15:15ean hasi eta 17:30ean bukatuko dira. Legebiltzarraren egoitzan izaten den parlamentuz kanpoko jarduera astearteetan izanen da.

 

Iruñean, 2017ko azaroaren 20an