Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Abenduak 11

2017ko abenduaren 11ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, ABENDUAK 11, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur,astelehena, abenduak 11, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Parlamentuko zerbitzu juridikoei eskatzea urgentziazko txosten juridiko bat egin dezaten Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Lege proposamena dela eta. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Txostenak honako alderdi hauek aztertuko ditu:

 

1) Eskumenen ikuspuntutik eta beste batzuetatik izan daitezkeen arazoak Nafarroako Parlamentuak foru lege baten bidez Estatuko errege dekretu baten irismena arautzearen ondorioz (otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua). Horrekin lotuta, eskatzen da gai hori aztertzea segurtasun juridikoaren ikuspuntutik eta ordenamendu juridikoaren iturrien balizko hausturaren ikuspuntutik; izan ere, lege autonomiko baten bidez zehaztu nahi da Estatuaren araudia, zentzu jakin batean garatze aldera.

 

2) Foru legea baldintza jakin batzuetan indarrean sartu aurretik hasitako deialdiei aplikatzea ahalbidetzen duen xedapen iragankor bakarraren bidez ezarritako atzeraeraginaren zuzenbide-egokitasuna eta horrek izangaiei sor dakizkien arazoak.

 

3) Aztertzea zer ondorio izan ditzakeen berez erregelamendu bidez arautzekoa den gai bat lege bidez arautzeak, arauaren jurisdikzio-prozeduraren araubidea hausteari dagokionez eta horrek partikularrei beren eskubide eta interesak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aldezteari begira dakarkien kalteari dagokionez.

 

4) Nafarroako Foru Komunitatearen arautzeko eskumenen irismena eta mugak irakasleak funtzio publikoan sartzeko prozedurari dagokionez.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da zuzen dezan gidabaimenen aztertzaileen kopurua dela-eta dagoen konparaziozko bidegabekeriako egungo egoera. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

AGERRALDIAK:

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, azal dezan Nafarroako Gobernua zein urrats egiten ari den Siemens Gamesa enpresan kaleratzerik gerta ez dadin. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Orientaziorako Esparru-akordioa aztertu eta balora dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Nafarroako autoeskolen sektorearen egoerari buruz informa dezan. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Kontuen Ganberako lehendakariarena, azal dezan toki sektore publikoari buruzko 2015eko ekitaldiko fiskalizazio txostena. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Terapeuta Okupazionalen Elkargoko ordezkaritza batek informa dezan Nafarroako Gobernuak taxututako planak direla-eta elkargo horrek egin dituen ekarpenei buruz. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

- Figarolgo bizilagunen plataforma batek azal ditzan Figarolgo Kontzejuak “La Residencia” izeneko higiezinean egindako irregulartasunak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Eskaria, Kontuen Ganberako lehendakariak agerraldia egin dezan Nafarroako erakundeen zorraren zenbatekoa, horren justifikazioa eta horri aurre egiteko aukerak aztertzeko lantaldean, Enpresen Sektore Publikoaren 2012-2015 aldiko zorpetzearen bilakaerari eta 2001-2015 aldiko huts egindako abalei buruzko txostena azaltzeko.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Nafarroako Gobernuak bultzatutako ekimenei buruz, Elizondo-Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoaren etorkizuneko funtzionamendua bermatzeko Baztango Udalarekin akordio bat egiteko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Baliabide pertsonal espezializatu gehiago jartzeko Tuterako Torre Monreal Hezkuntza Bereziko Ikastetxeak egindako eskariari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Siemens Gamesa enpresari emandako diru-laguntzei eta laguntzei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Aranzazu Izurdiaga Osinaga andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Siemens Gamesa enpresak murriztapenen bat edo kenkariren bat aplikatu duen I+G+B arloan edo enplegu-sorkuntzan egindako inbertsioengatik. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Aranzazu Izurdiaga Osinaga andreak aurkeztu du.

- Ekintza bandalikoen bidez eraso egin zaien Nafarroako Foru Komunitatea iragartzeko panelei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.

- Nafarroan Hitzarmen Ekonomikoaren formula irmotasunez aldezteko eginen diren jarduketei buruzko galdera Osoko Bilkuran ahoz erantzuteko galdera gisa izapidetuko da. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Foruaren Hobekuntzan aitortzen diren eskumenak edukiko balitu trafikoko isunen kontzeptua dela-eta Nafarroari legokiokeen diru-bilketari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Etxebizitzen erosketarako hipoteka berrien sinatzeak % 13,1 behera egin izanari buruz Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu dituen datuak azaltzeko azterketei eta arrazoiei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio txosten bat egin dezan administrazioaren, hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren eta elkarteen eremuan euskara sustatzeko eta erabiltzeko Nafarroako udalek 2010-2017 aldian egindako gastuari buruz. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako toki sektore publikoari buruzko 2015eko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2017ko azaroaren 28koa, zeinaren bidez eskatzen baitu Europako Batzordeak erabaki bat har dezan Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna betetzeari buruz, “Altsasuko kasua” izenekoaren zigorren proportzionaltasunari dagokionez.

 

-Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu arbuiatu egiten dituela ETAko kideak izan edo banda terroristarekin lotuta egon ziren pertsonei egiten zaizkien omenaldiak. Geroa Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta I-Ek; UPNk lehenengo puntuaren alde eta bigarren puntuaren aurka bozkatu du; Nafarroako Alderdi Popularrak lehenengo puntuaren alde bozkatu du eta bigarrenean, berriz, abstenitu egin da. Azkenik, EH Bildu Nafarroa abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatu egiten dituela ETAko kideak izan edo banda terroristarekin lotuta egon ziren pertsonei egiten zaizkien omenaldiak, biktimen birbiktimizazioa baitakarte.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela Nafarroako Gobernuak jarraitzea oraintsuko memoria sustatzen, ETAk ekarri zuenaren baztertze intelektuala bultzatzen eta bakearen balioak sustatzen, betiere biktimei zor zaien babes eta errespetutik”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen baitu AEBk Israelen duten enbaxada Tel Avivtik Jerusalemera aldatzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPN eta PPN, berriz, abstenitu dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du AEBk Israelen duten enbaxada Tel Avivtik Jerusalemera aldatzea, horrek finkatu egiten baitu Israelgo Estatuak lurralde palestinar okupatuan duen legez kontrako presentzia, palestinar herriaren aurkako eraso bat delako eta eremu horretako bake eta egonkortasunaren aurkako atentatua delako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du AEBk zalantzan jartzea Jerusalemek Palestinako hiriburu gisa duen estatusa, aitortzen du palestinar herriak bere Estatua ezartzeko duen eskubidea eta babesten du okupazio tropak okupatutako lurralde guztietatik irtetea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak babesten ditu eraso hau dela-eta deituriko mobilizazioak eta berresten du Jerusalemek duen garrantzia Palestinan bake justu bat lortzeko funtsezko osagai gisa”.

 

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztua, zeinaren bidez politikariei eginiko eskratxeak kondenatzen baitziren. Proposamenaren alde bozkatu dute UPNk eta Nafarroako Alderdi Popularrak; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk e I-Ek aurka bozkatu dute eta Nafarroako Alderdi Sozialista abstenitu egin da.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak kondenatzen ditu politikariei eginiko eskratxeak, praktika horiek ez baitira egokiak errespetuaren, askatasunaren eta aniztasunaren balioetan oinarrituriko gizarte demokratiko batean”.