Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 29

1936ko errepresioaren biktimei buruzko foru legearen aldaketa onetsi da

Haur-lapurreten biktimek ere erakunde-babesa jasoko dute identitaterako eskubidea erabili ahal izateko eta adopzio faltsuan emandako senitartekoak bilatzeko

Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek aldeko botoa eman dute eta PPN abstenitu egin da.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako foru lege horren xedea da haur-lapurreten biktimei ere errekonozimendua, ordain morala eta erakunde-babesa ematea, beharrezkoak baitituzte identitaterako eskubidea erabili ahal izateko eta emakumea izateko eredu bakarraren eta ama izateko modu bakarraren inposizioan oinarrituta frankismoak ezarritako generoko errepresioaren itzalpean bidegabeki eta legez kontra kendu zizkietensenitartekoak bilatzeko.

 

Memoria historikoaren esparruan detektatutako hutsak zuzentze aldera, legeak Nafarroako Gobernuari konpromisoa ezartzen dio diktadura frankistaren errepresioak eragindako haur-lapurreten biktimei laguntzeko, bai senitartekoei, bai beren identitate biologikoa bilatzen dutenei.

 

Ildo horretan salatzen da erakunde erlijiosoen, ospitaleen eta sendagileen laguntzarekinberen haurrak lapurtu zitzaizkiela emakume pobreei edo politikoki nabarmendutako emakumeei, adopzio faltsuan emateko, engainu, ezkutatze eta bazterketa bidez.

 

Gertatutakoa gizartean eta auzitegietan salatu duten elkarte eta norbanakoek egindako lanaren balioa goraipatu ondoren, haur lapurtuen zentsua egitea proiektatzen da, horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Dokumentu Funtsarekin hitzarmen bat eginda, adopzio irregularreko kasuak argitzen saiatzeko eta baimenik eman ez zuten ama biologikoak identifikatzeko.

 

Horretarako, 1936ko uztailaren 18tik 1978ko urtarrilaren 1era bitartean Nafarroan izan ziren jaiotzei buruzko historia medikoak, adopzio-liburuak edo adingabeen babesari buruzko espedienteak zaintzen dituzten erakunde publiko nahiz pribatu guztien lankidetza eskatuko da. 1979tik 1990era bitartean izan diren haur-lapurreten biktimak ere lege horren onurei atxiki ahalko zaizkie, baldin eta lapurreta arau horretan ezarritako kasuen araberakoa izan bada.

 

Nolanahi ere, haur lapurtuen zentsutik, interesdunei kopia emanen zaie beraiei buruzko dokumentazioarena. Zentsua ez da publikoa izanen (datu estatistikoak baizik ez dira argitara emanen). Eta eskatzen duten ikertzaile akreditatuei zentsua egiteari buruzko informazio guztiak emanen zaizkie, baldin eta horien idatzizko konpromisoa baldin badago izaera pertsonaleko datuak ez zabaltzeari buruz; eta konpromiso hori urratzen badute, lege-erantzukizunak izanen dituzte.

 

Bestalde, Foru Komunitatean lurpetik ateratako gorpuzkien hezur laginak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren ardurapean kontserbatzen dituen DNA bankuak haur-lapurretak pairatutako pertsonen laginak ere jasoko ditu. Eskaera egin eta hiru hilabeteko epean egin beharko dira laginen analisiak.

 

Baldin eta argitze eta bilaketa prozesuan lurperalekuren bat ireki beharra suertatzen bada, 33/2013 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusten den bezala, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du kostua; horretarako kontu-sail ekonomiko bat izanen du, frankismoaren biktimen gorpuak hobietatik ateratzeko kontu-sailetik independentea, urtero eginen duen lan planaren barnean. Atal horretan jasorik utzi da haur-lapurretaren biktimek eta 1936ko errepresioaren biktimek eskubide berak izanen dituztela baldin eta argitze- eta bilaketa-lanetan hobiren bat ireki behar bada.

 

Legeak Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa ere aipatzen du. Organo horretan ordezkaritza izanen dute Parlamentuak, administrazio publikoek eta gaiarekin lotura duten elkarteek, bai eta historiako, auzitegi-medikuntzako eta arkeologiako gaiekin zerikusia duten entitate akademiko eta profesionalek ere.

 

Arauan Nafarroako Gobernuari agintzen zaio ekitaldi instituzional bat egin dezala Foru Komunitatean haur-lapurreta masiboaren biktima izandako 200 bat pertsonen eskakizunen alde. Errepresio frankistaren alderdi hori bereziki grinatu zen familia ugariekin edota gabezia kultural edo ekonomikoak zituztenekin, gehitzen da.

 

Azkenik, Estatuari eskatzen zaio behar diren lege aldaketak egin ditzala horrelako delituak gizateriaren aurkakoen kategorian sartzeko (delitu preskribaezinak izateko), fiskaltza espezializatu bat eta DNA banku bat sor ditzala eta ikerketa lanak nahiz artxiboetarako sarbidea erraz ditzala.

 

Esparru horretan, aitortu egiten da haur-lapurretaren biktima izan diren pertsonek gertatua argitzeko daukaten eskubidea. Horretarako, Nafarroan aplikatzekoa den Doako Laguntza Juridikoari buruzko Erregelamendua aldatuko da, errekurtsoak aurkezten dituzten pertsonak eskubide horren onuradun izan daitezen.