Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

1936ko errepresioaren biktimei buruzko foru legea aldatzeko proposamena aintzat hartu du Parlamentuak

Haur lapurreten biktimei ere erakunde-babesa eman nahi zaie identitaterako eskubidea erabili ahal izateko eta legez kontra kendu dizkieten senitartekoak bilatzeko

Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea onetsi du aho batez.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako foru lege proposamen horren xedea da haur lapurreten biktimei ere errekonozimendua, ordain morala eta erakunde-babesa ematea, beharrezkoak baitituzte identitaterako eskubidea erabili ahal izateko eta “frankismoak ezarritako generoko errepresioaren itzalpean bidegabeki eta legez kontra kendu zizkieten” senitartekoak bilatzeko.

 

Memoria historikoaren arloan detektatutako hutsuneak betetzeko ahaleginean, Nafarroako Gobernuak “babestu, akonpainatu eta lagunduko ditu beren haur baten desagerpena pairatu zuten amak, aitak eta anai-arrebak, edonolako odolkidetasuna dutela ere, bai eta beren identitate biologikoa bilatzen duten pertsonak ere, horren barne direla laguntza psikologiko eta juridikoa (doako laguntza) eta bitartekaritza”.

 

Gertatutakoa gizartean eta auzitegietan salatu duten elkarte eta norbanakoek egindako lanaren balioa goraipatu ondoren, haur lapurtuen zentsua egitea proiektatzen da, horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Dokumentu Funtsarekin hitzarmen bat eginda, adopzio irregularreko kasuak argitzen saiatzeko eta baimenik eman ez zuten ama biologikoak identifikatzeko.

 

Horretarako, 1936ko uztailaren 18tik 1990eko urtarrilaren 1era bitartean Nafarroan izan ziren jaiotzei buruzko artxiboak, erregistroak, espedienteak edo historia medikoak zaintzen dituzten erakunde publiko nahiz pribatu guztien lankidetza eskatuko da. Zentsua ez da publikoa izanen, eta interesdunei kopia emanen zaie beraiei buruzko dokumentazioarena.

 

Bestalde, Foru Komunitatean lurpetik ateratako gorpuzkien hezur laginak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren ardurapean kontserbatzen dituen DNA bankuak berak haur lapurretak pairatutako pertsonen laginak ere jasoko ditu, bai ama biologikoen kasuan, bai pertsona adoptatuen kasuan ere.

 

Baldin eta argitze eta bilaketa prozesuan lurperalekuren bat ireki beharra suertatzen bada, 33/2013 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusten den bezala, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du kostua; horretarako kontu-sail ekonomiko bat izanen du, frankismoaren biktimen gorpuak hobietatik ateratzeko kontu-sailetik independentea, urtero eginen duen lan planaren barnean.

 

Proposamenak Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa ere aipatzen du. Organo horretan ordezkaritza izanen dute haur lapurreten biktimek, Parlamentuak, administrazio publikoek eta gaiarekin lotura duten elkarteek, bai eta historiako, auzitegi-medikuntzako eta arkeologiako gaiekin zerikusia duten entitate akademiko eta profesionalek ere.

 

Azkenik, testuan Nafarroako Gobernuari urtebeteko epea ezartzen zaio ekitaldi instituzional bat egin dezan Foru Komunitatean haur lapurreta masiboaren biktima izandako 200 bat pertsonen eskakizunen alde. Errepresio frankistaren alderdi hori “bereziki grinatu zen familia ugariekin, emakume pobreekin eta gabezia kultural edo ekonomikoak zituztenekin”, gehitzen da.

 

Azkenik, Estatuari eskatzen zaio behar diren lege aldaketak egin ditzala horrelako delituak gizateriaren aurkakoen kategorian sartzeko (delitu preskribaezinak izateko), fiskaltza espezializatu bat eta DNA banku bat sor ditzala eta ikerketa lanak nahiz artxiboetarako sarbidea erraz ditzala.