Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatzen du Nafarroako Parlamentuak.

Haren eginkizun nagusia da herritarrak babestea administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean.

Arartekoaren erakundea uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeaz sortu eta arautu zen. Foru lege hori 2000ko ekainaren 22an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

2007ko martxoaren 22tik, Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak dihardu karguan, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatu baitzuen martxoaren 15ean.

Bere eginkizunen artean, arartekoak ikerketak egiten ditu, eta Foru Komunitateko botere publiko eta erakundeak behartuta daude hari presaz laguntza ematera. Halaber, administrazio publikoei neurri berriak hartzeko oharpenak, gomendioak eta iradokizunak egin ahal dizkie. Arartekoak interesdunari beti ematen dio egindako ikerketa eta kudeaketaren emaitzaren eta administrazioak emandako erantzunaren berri.

Autonomia dauka, eta inongo agintarik ez dio jarraibiderik ematen. Ukiezintasuna eta immunitatea dauzka.

Arartekoak ondoko baten laguntza izan dezake, eta askatasunez izendatu eta kargutik kenduko ditu bere eginkizunak betetzeko behar dituen aholkulariak eta konfiantzazko langileak. Bere aurrekontuaren aurreproiektua egiten du, eta hura Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuko kontusail bat izanen da.

Pertsona naturalek nahiz juridikoek, inongo mugarik gabe, arartekoarengana jo ahalko dute eta parte har dezala eskatu egintza, ebazpen eta jokabide jakin batzuk argitzen, baldin eta horiek pertsona bat edo pertsona talde bat kaltetu badute eta Nafarroako foru edo toki administrazioan sortu badira.

subir