Publicada el Jueves, 1 de Diciembre de 2016

Parlamentuak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Legea onetsi du

"Trantsizio-plana" da, 100 milioiko hornidura du, eta lau urteko "hutsune finantzarioa" beteko du, 2009-2012 aldirako Planaren hurrenez hurreneko luzapenen ondoren

Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Foru Legea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin. Lege horrek, toki ogasunek Nafarroako tributuetan funtsaren transferentzia arrunten kargura, 100 milioiko zuzkidura dauka; horietatik 40 milioi lehen urtean banatzekoak dira, 20 milioi bigarren urtean eta beste 40 milioi hirugarren urtean.

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren bidez Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak…) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak (azpiegitura eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), bestalde, Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira. Plan horrek hurrenez hurreneko luzapenak izan ditu, Parlamentuak, 2015eko abenduaren 22an, 2009-2012 bitarteko plana azken aldiz balidatu zuenez geroztik.

Legearen bidez izapidetze “azkar eta zorrotza” lortu nahi da (aldeko hiru txosten behar dira, teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa), eta hark arautzen duen Toki Inbertsioen Planak hiru atal ditu: Inbertsio programa, toki programazioa, eta libreki erabaki beharreko jarduketak.

Inbertsio Programaren atala 34 milioiz hornituta dago, eta bertan jarduketa zehatzak jasotzen dira hiru arlo hauetan: uraren goi hornidura (20,4 milioi), hiri hondakinen tratamendua (9,5) eta belaunaldi berriko banda zabalerako sarbide sareak hedatzeko azpiegitura pasiboak (4 milioi).

Toki Programazioaren atalari 43 milioi esleitu zaizkio. Oinarritzat hartu da eskatutako inbertsioaren beharraren araberako sailkapena, zeina “irizpide teknikoei eta banaketarako justiziari” erreparatuta baloratu baita, halako moldez non aurreko Toki Inbertsioen Planaren babesean bizilagun bakoitzeko jasotako diru kopuruak ere kontuan hartzen baitira. Halaber “interes sozialeko” irizpideak erantsi dira, “azpiegiturak eta ekipamenduak mendekotasun legearen babeseko pertsonen eta desgaitasuna edo mugitzeko zailtasunak dituztenen beharretara egokitzen laguntzeko, bai eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleen beharretara ere”.

Arau orokor gisa, ez da sartuko 15 urte baino gutxiagoko azpiegiturak konpondu edo berritzeko lanik, salbu eta udal ekipamenduetako lanak, “indarra duen araudiari egokitu beharra dagoenean”, edo berri samarrak diren eraikuntzak mendekotasuna duten pertsonentzat egokitzeko lanak.

Halaber, inbertsio lerro berri bat gehitu da, 1,2 milioikoa (0,6 milioi lehen urtean, 0,4 milioi 2018an eta 0,2 milioi 2019an), osasuneko edo irakaskuntzako erabilera duten lurzatiak urbanizatzeko. Horrelako obretarako % 70eko diru-laguntza jaso daiteke (BEZaren kenkaria aplikatzeko eskubidearekin) edo % 85ekoa (BEZik sortu gabe). Gehieneko diru-ekarpena ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen toki entitate bakoitzeko.

Toki entitateek egindako eskaerak aintzat hartuz, aurreikusi da finantzaketa izatea ur horniduraren, saneamenduaren eta euri uren toki sareetarako (11,26 milioi), kaleetan zoladura emateko, sareekin (13,54) edo sarerik gabe (1,6), kaleko argietarako (5), eraikin publikoak hobetu eta egokitzeko (6,6) eta populazioguneetarako bideak konpontzeko (5 milioi).

Ur horniduraren, saneamenduaren eta euri uren toki sareetako obretarako eta kaleetan zoladura eman eta sareak egiteko jarri diren baliabideen lurralde-banaketa hobea lortze aldera, kontuan hartuko da kasuan kasuko eskumenaren titularra den toki entitateak 2015eko urtarrilaren 1ean izandako biztanle kopuru ofiziala. Horrela “argiago zehaztuko da nola kalkulatu behar den toki entitate bakoitzeko gehieneko diru-ekarpenaren muga, beheko tarteetako portzentajeak handituz”.

Bi kasuetan, bai Inbertsio Programan bai Toki Programazioan, hizpatutako zenbateko osoaren % 5 gorde ahalko da, gehienez, larrialdikotzat kalifikatutako eskaerei erantzuteko (haien inbertsio osagarriak barne) edo salbuespenezko finantzaketa behar duten inbertsioak ahalbidetzeko.

Ildo horretan, larrialdikotzat kalifikatuko dira kaleko argi guztiak eta ur horniduraren, saneamenduaren eta euri uren toki sare guztiak osasun arloko arrisku edo arazo larriak daudenean; halakoei “berehala” ekin beharko zaie.

Gainera, Inbertsio Programa eta Toki Programazioa direla eta, Legeak % 40tik % 50era igotzen du obraren hasierako ordainketa, % 20 uzten du obraren erdi alderako, eta gainerakoa lanen amaierarako.

Libreki erabaki beharrekoen atalerako, hau da, toki entitate onuradunek libreki zehaztu beharreko inbertsio-jarduketetarako, 23 milioi jarri dira, eta horietatik 17 milioi izanen dira 3.000 biztanle baino gutxiagoko herrientzat. Azken horiei, “aurreko planen filosofia baztertuz, saria eman nahi zaie landa-eremuak edo eremu behartsuak izateagatik”.

Atal horretan, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren babesean emandako baimenarekin gauzatzen diren obrak finantzatzea aurreikusten da. Kasu horretan, presa handiagoa dagoenez, egin behar diren egokitasun-txostenak eskatzeko epea maiatzaren 2ra arte luzatu da, baina urtarrilaren 31ra arteko epeari eutsi zaio 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako.

Gerakin negatiboak dituzten udal eta kontzejuek, bestalde, Libreki erabaki beharrekoen atalean jasotzen dituzten diru kopuruak aurreko ekitaldiko saldo negatiboa finantzatzeko erabili beharko dute.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (115. NPAO, 2016-10-07koa)
• Zuzenketak (132. NPAO, 2016-11-10ekoa)
• Irizpena (138. NPAO, 2016-11-23koa)