Publicada el Jueves, 3 de Noviembre de 2016

Parlamentuak 2030 Agendaren konpromisoei aurre egiteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Helburua da erakundeen jarduna aberastea ingurumenaren, landa garapenaren eta eskubide sozialen arloetan, ekintza plan integrala eta parte hartzeko irekia eginez

Parlamentuak, gaur Osoko Bilkurak aho batez onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “egin dezala azterketa bat, argitzeko zein diren, dagozkion eskumenen esparruan, indarrean dituen politikak, programak eta jarduerak, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak dakartzan konpromisoei aurre egiteko. Azter dezala, halaber, zein diren ildo horretan abian jarri beharko lituzkeen politikak, programak eta jarduerak”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, gainera, Foru Gobernuari honako hau eskatzen zaio: “2030 Agendak dakartzan konpromisoei aurre egiteko indarrean dauden eta abian jarri beharko liratekeen politiken, programen eta jardueren azterketa egin ondoren, ikuspegi orohartzailea eta zeharkakoa izanen duen ekintza-plana diseina eta abian jar dezala”.


Bestalde, hirugarren puntuan Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “2030 Agendak dakartzan konpromisoei aurre egiteko gauzatzen diren politika horien guztien segimendu estua eta eraginkorra egin ahal izateko, adierazle sistema argi, zehatz eta eraginkor bat presta eta abian jar dezan”.


Azkenik, Parlamentuak Foru Gobernuari eskatzen dio “2030 Agendak dakartzan konpromisoei aurre egiteko eginen duen lana gizarte eragileekin uztar eta koordina dezala, Agendak berak planteatzen duen moduan”.


Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean gogora ekartzen da joan den ekainaren 7an Parlamentu Irekia jardunaldia egin zela, Garapen Jasangarriko Helburuei buruz, Gizarte Entitateen Plataformarekin batera, eta, horri dagokionez, haren kezkei erantzuteko eskatzen da, “estrategiak eta politikak eskatu baitzituzten, baita heziketa-, informazio- nahiz sentsibilizazio-neurriak ere, eta politika horietan eta horien segimenduan gizarte zibilaren egitekoa aitortzea”.


Proposatzaileen iritziz, 2030 Agendaren “kontraesan eta hutsuneen” gainetik, “merezi du ahalegina egitea, eta ahalegin hori sistematikoa, ordenatua eta planifikatua izatea, eta ez da, noski, hutsetik hasiko den lana, gaur egun Nafarroako Gobernua eta udalak lanean ari direlako ingurumenean, landa garapenean eta eskubide sozialetan; politika horiek, nolanahi ere, osatu eta aberastu daitezke, plan edo programa integral baten barruan”.


Horren haritik aitortzen denez, “gaur egun indarrean diren eredu, ikuspegi, politika eta interes kontrajarriek biziki zailduko dute helburu horiek denak eskuratzea; dokumentuaren osaketan bertan interes eta ikuspegi horien arteko tentsioa agertu da, eta dokumentuaren erredakzioan bertan ere horren isla suma daiteke”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (94. NPAO, 2016-07-01ekoa)