Publicada el Viernes, 30 de Septiembre de 2016

Harrera ofiziala, Euskaltzaindiak bere osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan egitearen kariaz burutua

Hualdek azaldu du Legebiltzarrak gure hizkuntzaren bidez gure kultura indartzearren Euskaltzaindiarekin lan egiten jarraitzearen alde duen jarrera

Euskaltzaindiak Foru Legebiltzarraren egoitzan osoko bilkura egitearen kariaz, Nafarroako Parlamentuak harrera ofiziala egin die euskaltzainei, lehen lehendakariorde Unai Hualde buru izan duela.

Ekitaldia erakunde-aretoan egin da, eta Unai Hualderen solas bat izan da entzungai. Hualde jaunak nabarmendu duenez, “... erakundeak berebiziko eginkizun bat du: Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko herriok partekatzen ditugun altxor kultural handienetako baten gramatika-legeak babestu, ikertu eta garatzea. Euskararenak, alegia. Gure arbasoek beren askotariko gizarteak garatzeko tresna gisa menderik mende erabilitako hizkuntza, hainbat gorabehera historikoren ondorioz diskriminatua. Eta gu aspalditik gabiltza egoera hori konpondu nahian”.

Testuinguru horretan, Hualdek Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna aipatu du, eta adierazi du ezen, 2000n onetsi zenetik, "estatu kide guztiak behartzen dituela hizkuntz aniztasuna errespetatzera, eta beren-beregi debekatzen" duela "hizkuntzan oinarritutako diskriminazioa".

Horretarako, “gure hizkuntza erkidea babesteko” lana bultzatzeko asmoz eta “hizkuntzagatiko diskriminaziorik ezaren oinarrizko eskubidea”ren babesean, Hualdek Nafarroako Parlamentuaren eta Euskaltzaindiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena aipatu du, parlamentu-lexikoaren bateratzea helburu duena. “Hemendik, gurekin lan egitera animatu nahi zaituztet, gure hizkuntzaren bidez gure kultura indartzen laguntzen duten lankidetza berriak garatze aldera”.

Euskaltzainburu Andrés Urrutiak adierazi du euskarak, “identitate ikurra eta bazterketarik gabeko komunikazio elementua izateaz gain, gizarte gisa batu eta kohesionatu egiten gaituela. Arrazoi horiek nahikoa eta sobra dira hizkuntza zaintzeko, baita ikuspegi instituzionaletik ere. Hori guztia zehaztu behar da orain esku artean daukaguna bezalako ekimen eta proiektuetan. Ez dago Nafarroa ulertzerik euskararik gabe; hizkuntza bakar bat, kolore eta ukitu asko dituena. Ehun urtetik gorako erakundea gara, eta Nafarroako gizartearen bizimoduan eta Nafarroako Parlamentuan ere gaude, eta egoten segituko dugu”.

Jarraian, opari-truke bat izan da. Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Unai Hualdek Nafarroako Gorteetako hautetsontziaren erreprodukzio bat eman dio Euskaltzaindiari, eta euskaltzainburu Andrés Urrutiak, berriz, “euskal hizkuntza irudikatzen duen eta Europaren historian sustraitzen den” beirate baten forjazko eta zilarrezko erreprodukzio bat.

Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, UPN parlamentu-taldeko Óscar Arizcuren, Geroa Bai parlamentu-taldeko, Koldo Martínez eta Isabel Aranburu, EH Bildu Nafarroa parlamentu-taldeko Adolfo Araiz, Dabid Anaut eta Bakartxo Ruiz, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeko Laura Pérez eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko Marisa de Simón.