Publicada el Jueves, 30 de Junio de 2016

Patenteen sorrera sustatzeko eskatzen duen erabakia onetsi du Parlamentuak

Ikerketaren eta garapenaren arloan diharduten enpresen kultura berritzailea sendotzen lagunduko duen plan baten bidez

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, erabaki bat onetsi du non Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Foru Komunitatean patenteen sorrera susta dezan, jarduera berritzailearentzako babesa ziurtatuz, patente-ekoizpenerako pizgarriak emanez eta plan bat garatuz”.

Plan horrek honako ekintza hauek jaso behar ditu: “jarraitzea babes ekonomikoa ematen patente espainiarren eta europarren ekoizleei, bai eta merkatura begira jabetza industriala babesteko beste bide batzuei ere; espainiar eta europar patenteen ekoizpena sustatzea, bai eta merkatura begira jabetza industriala babesteko beste bide batzuk ere; prestakuntza ematea espainiar eta europar patenteen ekoizpenari buruz, bai eta merkatura begira jabetza industriala babesteko beste bide batzuei buruz ere; Europako Patenteen Bulegoarekiko harreman formalak iraunarazi eta indartzea; patente-ekoizpenarentzako sari bat abian jartzea; eta lortutako emaitzak jakinaraztea”.

PSN parlamentu-taldeak sustatu duen erabaki horren zioen azalpenean dei egiten da patenteen ekoizpenaren martxa berreskuratzeko, horrela, ekintzailetza sustatuz eta ikerketaren eta garapenaren arloan diharduten enpresen kultura berritzailea sendotuz, 2010etik izandako beherakada handia zuzentzeko.

Horri dagokionez, eta Europako Patenteen Bulegoak –Espainiako Gobernuaren babesik ez duen erakundea– eman dituen 2015eko datuen arabera, Nafarroan 56 patente eskatu ziren, eta aurreko urtean, berriz, 76. Datu horiek eta beste batzuk, hala nola atzerriko lankidetza urria edo I+G+B arloko gastuaren eta patente kopuruaren arteko desoreka, kontuan harturik, egoerak “iraganeko autokonplazentziatik urruntzera” eraman behar du Foru Komunitatea.

Horiek horrela, “jabetza industrialak neurtzen du lurralde batek bere potentziala ezagutzeko eta jakintza ustiatzeko daukan ahalmena, hura proiekzio ekonomiko bihurtzen duela; patenteak dira, hartara, jakintzaren arloko posizionamendua markatzen duen adierazle numerikoa”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (53. NPAO, 2016-04-18koa)