Publicada el Jueves, 23 de Junio de 2016

Gobernuak "aldaketaren bidean" egindako lana aldarrikatu du Barkosek

PSNren jabeldura bati erantzunez, zeinak Gobernuari leporatzen baitio "paralisia, opakotasuna eta elkarrizketarik eza", baina jarrera proposatzaile eta negoziatzailea eskaintzen baitio

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek adierazi du bere Gobernuaren legegintzaldiko lehen urteko jardunak frogatzen duela "aldaketaren bideari ekin zaiola. Lan asko egin da, oso ongi egin ere".

Kontrolerako Osoko Bilkuran PSNk aurkeztutako jabeldurari erantzunez, lehenbiziko kudeaketa-urtea betetzeko hilabete falta delarik, Uxue Barkosek sozialistei eskua luzatu die, Parlamentuan aukera "aurrerakoiago" baten alde boto gehiago biltzeko, eta PSNrekiko elkar ulertzea "egiaz ongi etorria" izanen dela erantsi du.

Horrela erantzun dio Barkosek PSNko eledun María Chiviteri. Azken horrek lehen kudeaketa-urtea kritikatu du, baina aldi berean ziurtatu du jarrera "proposatzailea" eta elkarrizketaren aldekoa izanen duela. "Erronkari eutsiko diot", esan dio lehendakariak.

Egin duen balantzean Uxue Barkosek esan duenez, "ongi edo gaizki egin dugula esan ahalko digute, akordio programatikoaren ildoak onartu edo baztertu ahalko dira, Gobernuak egin duen kudeaketa lana ezbaian jarri ahalko da, baina ezin da esan lanik egin ez denik, eta uste dut lan asko egin dela, oso ongi egin ere".

Gobernuburuak azaldu duenez, "Gobernuak bere helburuari eusten dio: ongizatea, ilusioa eta etorkizun hobearen esperantza sortzea, gogotsu eta buru-belarri lan eginez".

Barkosek departamentu bakoitzaren kudeaketari buruzko azalpena egin du. Adibidez, gizarte politiken atalean azpimarratu du Gobernuak Sanferminen aurretik aurkeztuko duela Parlamentuan Errenta Bermatuari buruzko Legea, irailean edo urrian onets litekeela eta "haurrei eta adinekoei berariazko arreta" emanen diela.

Esan du, gainera, 3.000 pertsona gehiagok jasotzen dituztela mendekotasuneko laguntzak eta 4,7 milioi euro gehitu zaizkiola gizarte enplegu babestuaren kontu-sailari, udalek kontratazioak egin ditzaten.

Barkosek azpimarratu du Osasun Departamentuan aurrekontua % 5,9 handitu dela eta Hezkuntza Departamentuan ratioei buelta eman zaiela, "berrikusi eta hobetu" egin dela Ingelesezko Ikaskuntza Programa, lan eskaintza publikoaren deialdia egin dela lehen aldiz bost urtean, eta Foru Komunitate osoan D ereduan ikasi ahal izatea bermatu dela.

Garapen ekonomikoaren atalean, laguntza publikoen zenbait deialdi aipatu ditu: nekazaritzako elikagaien industrientzako, klusterrak garatzeko, I+G+Brako eta ikerketa zentroentzako laguntzak.

Barkosek nabarmendu du, halaber, Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkaritza berreskuratu dela eta Gobernua eztabaidatzen ari dela Europarako lehenbiziko ekintza plana, Europako organoetan erakundeen presentzia indartzeko edo diru funts gehiago lortzeko.

Azpimarratu du, halaber, segidako hiru luzapenen ondoren Nafarroak badituela aurrekontu onetsiak, eta zerga-erreforma "ongi funtzionatzen" ari dela.

María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) adierazi du Foru Gobernua "minialdaketaren, paralisiaren, opakotasunaren eta laukotetik kanpoko alderdiekiko elkarrizketarik ezaren" Gobernua dela. Barkosek bidelagunen hautaketa zilegizkoa egin zuen, eta urtebete geroago hauek dira beraren hautaketaren ondorioak".

Chivitek gogoratu du PSN abstenitu egin zela orain urtebete inbestidurako bilkuran, "beharrezkoa iruditzen zitzaigulako UPN oposiziora pasatzea, eta aldaketarako aukera eman behar zelako, baina handik urtebetera ezin dugu esan agindutako aldaketa hura egin denik. Sozialistok jarraituko dugu jarrera proposatzailea izaten, eta atsedenik hartu gabe bilatuko ditugu Nafarroako arazoak konpontzea ahalbidetuko diguten akordioak. Lehendakaria, bila itzazu bestelako gehiengoak Foru Komunitatearen garapena sustatzeko”.

Javier Esparzak (UPN parlamentu-taldea) Barkosi kritikatu dio "dena sekulakoa dela eta izugarri ongi doala" uste izatea, baina erantsi du Gobernua gai izan dela "haserre edukitzeko UGT, CCOO, ELA, LAB, EHNE, UAGN eta CEN", eta esan du Gobernuak ez duela adostasunik "ez barnean bere bazkideekin, ez kanpoan". Osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte politiken arloetako kudeaketa kritikatu du, eta ziurtatu du inbestidurako hitzaldia "gezur hutsa" izan zela eta horregatik "ekainaren 26an herritarren zigorra" jasoko duela hauteskundeetan.

Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi du errealitatea ukaezina dela, "hau da, aldaketa ukaezina" dela, eta oposizioko alderdiei eskatu die "helduak izateko eta ukapenetik aldaketaren onarpenera igarotzeko. Nahiko nuke ulertuko bazenute aldaketa hemen dagoela, nafarrentzat ona izaten ari dela eta norabide horretan jarraituko duela".

Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) azpimarratu du aldaketa abian dela Nafarroan eta "itzalak baino askoz gehiago" direla argiuneak. PSNren arazoa da hauteskundeetan hutsaltasun politikoan gelditu zela eta orain jarrera proposatzailearekin mozorrotu nahian ari dela. Aldaketa politikoa PSNren mende ez egotea positiboa izan zen, haren historia aldaketa zapuztea izan delako".

Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) esan du Gobernuaren lehen hilabete hauetako balantzeak "irribarrea eta ilusioa" eragiten diola "aldaketa lortu dugulako UPN, PSN eta PPNren koalizio handirik gabe, nahiz eta oraindik gauza asko egon hobetzeko eta aldatzen jarraitzeko. Gure taldea zorrotza, eraikitzailea eta zintzoa izanen da" Gobernuarekin.

Ana Beltranek (PPN foru parlamentarien elkartea) azpimarratu du Barkos “errealitatea bihurritzen aditua" dela, eta eskatu dio "kalera jaisteko, Gobernu hau ezerk bereiztekotan ideologia-kolpeka kudeatuta egoteak bereizten baitu. Nor dago pozik Gobernu honekin? Inor gutxi", ez dielako konfiantzarik eragin inbertsiogileei, gurasoei, langile publikoei edo osasun zerbitzuen erabiltzaileei".

José Miguel Nuinek (I-E foru parlamentarien elkartea) gogora ekarri du nola "orain urtebete lauko gobernuak erabaki zuen aldaketa egitea Nafarroako gizartearen erabakiari jarraituz, eta PSNk erabaki zuen ez zuela aldaketa horrekin bat eginen. Espero dut PSOEk Nafarroan zein Estatuan bira egin eta aldaketaren aldeko jarrera hartuko duela".