Publicada el Jueves, 10 de Marzo de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da hurbiltasuneko elikadura produktu eta zerbitzuak kontrata ditzan

"Enplegua sortzeko eta landa eremuko populazioaren finkatzea sustatzeko" funtsezkoa den sektore bat "egonkortzen eta garatzen" laguntze aldera

Nafarroako Parlamentuak gaur egindako osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “jarraibideak eman ditzan, hurbiltasunekoa eta, ahal den neurrian, ekologikoa izan dadin ikastetxe publikoetara, ospitaleetara, zahar-etxeetara eta gainerako zentro publikoetara bideratutako elikadura-produktu eta -zerbitzu guztien kontratazio publikoa, kasuko sektoreekin lankidetzan (sindikatuak, ekoizle-kooperatibak, kontsumitzaile-kooperatibak, eta abar) eta legedi indardunarekin bat”.

Onetsi den erabakiaren bigarren atalean, berriz, Foru Gobernua premiatzen da “lizitazio-prozeduretan agertuko diren gizarte- eta ingurumen-klausulak zehatz ditzan, produktu horiek erostean edo zerbitzu horiek kontratatzean ez dakion prezioari soilik errepara esleipena egiteko irizpide gisa, eta eskaintzen gizarte- eta ingurumen-alderdiak ere har daitezen aintzat”.

Kontuan hartu beharreko gizarte- eta ingurumen-alderdi batzuk aipatzen dira; besteak beste, “berdintasunari buruzko klausulak: enpresan emakume langileek egiten duten ehunekoa, norberaren bizitza eta lana bateragarri egiteko neurriak, eta sexu-jazarpeneko edo sexua dela-eta sorturiko jazarpen-jarrerak prebenitzeko neurriak; eta tokiko enplegua sustatzeari buruzko klausulak: lurraldeko enplegu-zentroen bidez kontratatzea langileen ehuneko zehatz bat, enplegu bulegoetan izena emandako pertsonak kontratatzea, kontratazio mugagabeko portzentaje handiak, eta prestakuntza-ekintzak sustatzea esleitutako zerbitzuari atxikitako langileen artean”.

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak sustatutako erabakiak, zioen azalpenean, “kontratazio publikoa” aldarrikatzen du, esanez administrazioek ezar ditzaketen neurrietako bat dela, “nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea egonkortzen eta garatzen” laguntze aldera, funtsezkoa baita hura krisitik ateratzea “enplegua sortzeko eta landa eremuen despopulatzea prebenitzeko”.

Horren harira, apustu egiten du hurbileko nekazaritzako elikagaien alde, eta gogora ekartzen ditu “erosketa publiko arduratsua” sustatzen duten Europako zuzentarauak. “Halatan, jada badira adibideak beste herrialde batzuetan —Frantzian edo Italian, kasu—, non tokiko elikagai ekologikoak eta tradizionalak sartzearen aldeko apustua egiten baita eskoletako eta ospitaleetako jantoki-zerbitzuetan”.

Proposamenaren egileak dio, azkenik, Administrazio Publikoak “aitzindari” izan behar duela “enpresen erantzukizun sozialari dagokionez, interes orokorraren mesedetan eta merkatu jasangarriagoak eta gizarte inklusiboagoak eratzen lagunduz”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (9. NPAO, 2016-01-28koa)