Publicada el Jueves, 3 de Marzo de 2016

Parlamentuak gizarte politikei buruzko osoko bilkura monografikoa eginen du ostiralean

Eledunek 20ko minutuko txanda bana izanen dute eta bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen dituzte gehienez, eta Gobernuak ere jarrera hartzeko txanda izanen du

PPN foru parlamentarien elkarteak eskaturik, Parlamentuaren Osoko Bilkurak ostiralean (09:30) eztabaida monografikoa eginen du: Nafarroako gizarte politiken egoeraren azterketa eta haiek hobetzen laguntzeko neurriak. Eztabaida sorta bateko hirugarrena izanen da ostiralekoa. Aurretik eztabaidagai izan dira erabakitzeko eskubidea (EH Bildu parlamentu-taldea) eta enpleguaren sustapena (PSN parlamentu-taldea).


Mahaiak onetsitako arauei jarraituz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, PPN foru parlamentarien elkarteko eledunak emanen dio hasiera eztabaidari, talde horrek proposatu baitu monografikoa. Gehienez 20 minutuz hitz eginen du.


Jarraian gainerako parlamentu-talde eta parlamentari elkarteetako eledunek jardunen dute, horiek ere 20 minutuz gehienez. Eserleku kopuru handiena duen taldea izanen da lehena eta eserleku gutxien dituen taldea azkena.


Txanda hori bukatutakoan Nafarroako Gobernuaren ordezkari batek hitz egin ahal izanen du eztabaidagaiei buruzko bere jarrera azaltzeko, 20 minutuz.


Eztabaida amaitu eta gero, bilkuran ordubeteko etenaldia eginen da, ebazpen proposamenak aurkez daitezen Mahaiaren aurrean. Talde bakoitzak gehienez bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen ditu. Proposamenen baterako defentsa eginen da 10 minutuz, gehienez ere, handienetik txikienera. Gainerako taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia ere azaldu beharko dute eledunek.


Aurretik egindako eztabaida monografikoei buruzko arauak direla eta, Mahaiak iragan otsailaren 15ean erabaki du posta elektronikoz aurkeztu behar direla ebazpen proposamenak, eta eztabaida egin bitartean in voce zuzenketak aurkezteko aukera ere izanen dela, betiere erroreak edo akats tekniko, terminologiko nahiz gramatikalak zuzentzea badute helburu.


Eztabaida amaitu ondoren, ebazpen proposamenen bozketa eginen da.