Publicada el Jueves, 1 de Octubre de 2015

Parlamentuan Errigora proiektua aurkeztu dute

Ikastolen Elkartearen, Sortzenen eta AEKren laguntzarekin eta bertako produktuak banatuta, Nafarroako hegoaldean euskara zabaltzea du xede

Nafarroako Parlamentuan gaur arratsaldean Errigora proiektua aurkeztu dute, Zazpiak Bat Harreman Sarea agentziaren ekimen bat da, Nafarroako hegoaldeko berezko produktuz osatutako saskiak banatzen laguntzea xede duena, “elikatzeko sobiranotasuna” indartzeaz gain, “etekinen zati batekin eremu ez euskalduna deritzonean euskararen alde lan egiten duten sektoreak laguntzeko” aldera.


Xabier Gojenolagoitiak, Ibai Sueskunek eta Imanol Iberok azaldu dutenez, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta AEKren elkarlanarekin ikasturte bakoitzean bi kanpaina garrantzitsu egingo dira (udazkena eta udaberria), eta haiek izango dira “Euskal Herriko mailan” saskiak merkaturatzetik eskuratzen den laguntza ekonomikoa zein proiekturi bideratuko zaion zehaztuko dutenak.


Saskien produktuak “nekazaritzako irizpide ekologikoekin lan egiten duten enpresa txikiek” aukeratuko dituzte (orburuak, zainzuriak, arroza, olioa…), eta hortaz, “kalitate bikaina” bermatua dago. “Zergatik urrutiko produktuak kontsumitu geurean baditugu? Geurea kontsumi dezagun, izan ere, gainera paregabea da”.


Errigora proiektua 2012an sortu zen, Ikastolen Elkartearen laguntzarekin talde txiki batek 1.500 saski baino gehiago banatzea lortu zuenean. Lan horri esker, “Tuterako Argia Ikastolarentzako 34.000 euro inguru” lortu ziren.


Ekitaldian Maria Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Dabid Anaut (EH Bildu) parlamentariak egon dira.