Publicada el Viernes, 26 de Junio de 2015

2015 LGTBI harrotasunaren eguna omentzeko ekitaldia

Ainhoa Aznarezek "loturak apurtzen eta gizartea politika publikoen erdigunean kokatzen laguntzen duten ekintza aldarrikatzaile eta ausartak" aurrera eramaten jarraitzera dei egin du

Datorren igandean ospatuko den LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien sexu-orientazioari dagokionez giza eskubideak defendatzeko ekitaldi instituzionala egin du. Parlamentuko lehendakari den Ainhoa Aznarezek esan duenez, aldarrikapen hori egiteko beharrezkoa da oztopoak gainditzea xede duten neurri legegileak onestea.


Ekitaldia Ganberaren egoitzaren atondoan egin da eta bertan izan dira Sergio Sayas (UPN), Miren Aranoa, Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Tere Saez, Fatima Andreo (Podemos-Ahal Dugu), Ainhoa Unzu, Nuria Medina (G.P. PSN) bai eta lesbiana, gay, transgenero, bisexual eta intersexualen (LGTBI) kolektiboek, HIESAren aurka borrokatzen duten elkarteek, talde feministek eta bestelako gizarte entitateek osatzen duten E-28-J Plataformaren ordezkariak ere.


Ainhoa Aznarezek ekitaldiari hasiera eman dio eta azpimarratu du ezen “beharrezkoa” dela “gizartea politika publikoen erdigunean kokatzen laguntzen duten ekintza aldarrikatzaile eta ausartak aurrera eramaten jarraitzea”.


Testuinguru horretan, lehendakariak adierazi duenez, “gaur, hemen, homosexualak gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistema baten aurka egin zen altxamendutik berrogei urte baino gehiago igaro direnean, ausardiaz gure egunerokoan aurrera egin dezagun oztopatzen diguten loturak apurtzen laguntzen duen ekimen oro gogo handiz hartzen jarraitzen dugu”.


Amaitzeko, Ainhoa Aznarezek E-28-J kolektiboari eskerrak eman dizkio parlamentua “hautatzeagatik”, “erakunde hau herritar ororentzat irekita egoten hasteko modu on bat. Hemendik kolektibo eta erakunde guztiek hurbiltasun eta irekitze eskaintza hau bere egin dezaten animatzen ditut”.


Maider Lazkanok, Lugatibe izeneko Kattalingorri elkartearen sail gazteko kideak eta Ihesaren aurkako Batzordearen kide den Angel Leranozek E-28-J Plataformak LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira idatzi duen adierazpena irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren.


Horrela, E-28-J Plataformaren ordezkariek hauteskundeen esparrua baliatuta eta LGTBI pertsonen errealitatea hobe ditzaketen aurrerapauso legalak eskatze aldera alderdi politikoekin izan dituzten elkarrizketen berri eman dute.


Ildo horretan, Lazkanok eta Leranozek esan dutenez, beharrezkoa da 2014ko urrian Kataluniako Parlamentuak onestu zuen antzeko lege bat bultzatzea, zeinak LGTBI kolektiboari “eskubide berdintasuna eraginkor egingo duten tresna legalak” emateko, “era horretan bazterkeria eta indarkeria egoerei amaiera eman dakiekeen”.


E-28-Jko ordezkariek hezkuntzaren alorrean ere “inklusio politikak eta aniztasun afektibo-sexualaren aldeko inguru bat” egon dadin erraztuko duen “esparru sozial eta normatibo berri” bat beharrezkoa dela azpimarratu dute. Amaitzeko, hurrengo Gobernua 2009an aitzindaria izan zen genero identitatea dela-eta bazterkeriarik ez egoteari eta pertsona transexualen eskubideak aitortzeari buruzko foru legea gauzatuko dela ziurtatzera premiatu dute.


Ekitaldiari amaiera emateko ostadarraren bandera zintzilikatu da, Nafarroako Parlamentuko aurrealdean zintzilikatuta egongo da datorren astelehenera arte.


Adierazpen instituzionala

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ekainaren 28an ospatzen den LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzional bat onetsi du.
Onetsi den testuak honakoa dio:

“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitatea LESFOBIA, HOMOFOBIA, TRANSFOBIA, BIFOBIA ETA INTERFOBIArik gabeko eskualdea dela adierazten du.

2.- Nafarroako Parlamentuak askatasun sexualaren bandera (ostadarraren bandera) leku ikusgarri batean jarriko du ekainaren 28an ospatuko den LGTB Harrotasunaren eguna dela-eta.


3.- Nafarroako Parlamentuak 2005ean Diputatuen Kongresuak onetsi zuen sexu bereko ezkontzaren legearen 10. urteurrena oroitzen du.


4.- Nafarroako Parlamentuak orientazio sexuala eta genero identitatea dela-eta diskriminaziorik eta bazterkeriarik gabeko gizarte aske baterantz aurrera egiten lagunduko duten ekimen politikoak sustatzeko konpromisoa hartzen du.


5.- Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die haien baldintza sexuala edo genero identitatea dela-eta era batean zein bestean erasotuak, gutxietsiak edo baztertuak izan diren pertsona guztiei. Era berean, egiazko berdintasun eraginkorraren aurka egiten duten ekintza sozial eta politiko guztiak baztertzen ditu.


Geroa Bai, EH Bildu-Nafarroa, Podemos-Ahal dugu, Partido Socialista de Navarra eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek adierazpenaren bost idatz-zatien alde bozkatu dute. Union del Pueblo Navarro eta Partido Popular de Navarra parlamentu-taldeek 2. idatz-zatiaren aurka bozkatu dute eta ez dute 3. idatz-zatia bozkatu. Partido Popular de Navarrak ez du 4. idatz-zatia bozkatu eta UPNk haren alde bozkatu du.