Publicada el Viernes, 20 de Febrero de 2015

Gizartearen Justiziaren aldeko Nazioarteko Eguna

Nafarroako orkestra eta banda gazteetako 160 musikarik baino gehiagok errezitaldi bat eman dute atondoan, Oxfam Intermonek berdintasun ezaren aurka borrokatzeko burutu duen kanpaina babesteko

Nafarroako Parlamentuak gaur arratsaldean kontzertuei hasiera eman die berriro, Nafarroako orkestra eta banda gazteetako 160 musikarik baino gehiagok eman duten berdintasun ezaren aurkako eta gizartearen justiziaren aldeko errezitaldi baten bidez.

Kontzertua Oxfam Intermon erakundearen elkarlanarekin antolatu da, Gizartearen justiziaren aldeko nazioarteko egunarekin bat eginez. Ekitaldia Parlamentuaren egoitzaren atondoan izan da, berrehun pertsonen aurrean. Besteak beste, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Alberto Catalan, eta hainbat taldetako parlamentariak bertaratu dira errezitaldira.

Richard Casimir, Sagrado Corazon ikastetxeko biolin irakaslea, izan da kontzertuko zuzendaria eta honako orkestra eta bandetako 160 musikari gaztek parte hartu dute: Nafarroako Valentziako Erkidegoaren Etxearen Banda Sinfonikoa, Uharteko Musika Eskola, Irabia-Izaga Banda, San Ignazio Orkestra, Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala, Sagrado Corazon Orkestra Gaztea, Joaquin Maya Udal Musika Eskola eta Plaza de la Cruz BHI.


Taldeak honako abestiak jo ditu: Haitiko Choucoune, Richar Casimir zuzendariak egin dituen konponketekin; Ennio Morriconeren Gabriel’s oboe; Jay Ungarren Ashokan farewell (C. Custerren konponketak, R. Casimirren egokitzapena) eta Robert Kerren Ode to the plains and wild horses running.


Kontzertuaren hasieran, Alberto Catalan bertaratutako guztiei zuzendu zaie “musikari gazte hauek guregan hain gaizki banatuta dagoen mundu hau aldatzeko konpromisoa piztu dutelako eskerrak emateko. Gaur garrantzitsuena ez da kontzertua, arrazoia baizik, alegia, Gizartearen justiziaren aldeko nazioarteko eguna ospatzea, NBEk 2007an ezarri zuen moduan. Munduan hiru pertsonatik bat pobrezia egoeran bizi da. Pobrezia errotik kentzeko lan egitea pertsonen duintasunaren alde, giza eskubideen alde, lan egitea da. Mila esker zuen laguntzarengatik”.


Enrique Abadek, Oxfam Intermon erakundearen eskualdeko delegatuak, adierazi duenez, “kontzertua Gizartearen justiziaren aldeko eguna bake eta armonia giroan ospatzea xede duen ekitaldi berezia da, non egoera okerrenean dauden horien alde egin eta hausnartzeko bidea musika den; duintasunez bizi daitezen laguntzeko, haien gaitasun eta giza bertuteak garatzeko. Arteak bizitzan esperientziak barneratzen eta interpretatzen laguntzen badigu, orduan musikak lagun gaitzake hobe ulertzen, hein handi batean, gizakion nahia, batez ere behartsuenena, indarra sustrai kulturaletan bilatzea dela, baita bidea hausnarketa espiritualean, adierazpena artean, eta askatasuna naturan. Gaur hemen gaztetasuna, musika eta Parlamentua batu egin dira, ez dago Gizartearen justizia ospatzeko modu hoberik”.


Oxfam Intermon pobreziaren aurka eta ez bakarrik haren ondorioen aurka borrokatzen duen GKE bat da. Horregatik, osotasunean jarduten du Afrikako, Amerikako eta Asiako 41 lurraldetan: garapenerako eta ekintza humanitariorako ia 500 programetan laguntzen du, bidezko merkataritza bultzatzen du eta gizartea sentsibilizatzeko eta mugiarazteko kanpainak sustatzen ditu, esaterako Berdinak nazioarteko kanpaina, mundu osoan mugako ezberdintasun ekonomikoa areagotu dela salatzen duena eta egoera hori konpontzeko aukerak ematen dituena.