Publicada el Viernes, 28 de Noviembre de 2014

Nafarroako Eguna 2014 ospatzeko ekitaldia

Parlamentuak Nafarroako haurren egoera aztertzeko saioa egin du, gizarte entitateen eta ikasleen parte-hartzearekin

Parlamentuan Nafarroako Egunaren ospakizunaren harira antolatu den Osoko Bilkuran, haurraren esparruko elkarteak eta lau ikastetxetako ikasleak izan dira nagusi. Kolektibo horren egoerari buruzko hainbat proposamen eztabaidatu eta bozkatu dituzte.

Saioan lau ikastetxek parte-hartu dute, bai eta ANFAS, Caritas, Nuevo Futuro , Haritz-Berri Fundazioa eta Unicef elkarteek ere. Gizartearen ordezkari ezberdinen eskaera eta hausnarketen ingurukoa izan da, errealitate globala zein toki mailako errealitatea aztertu dituzte.

Saioaren hasieran Parlamentuko lehendakari Alberto Catalánek parte hartu du eta esan duenez, “beharrezkoa da haurren eskubideak egiaz bete daitezen aurrerapausoak ematen jarraitzea, Nafarroan ere bai. Eskubide horiek, hain zuzen, 25 urte bete dituela ospatu dugun kontseiluan (Haurren Eskubideen Kontseilua) oso ongi zehazten dira”.

Ildo horretan, lehendakariak azpimarratu du “gazteek gaitasun kritikoa izan dezaten, inkonformistak eta konprometituak izan daitezen eta eman ditugun bizikidetza arauak errespeta ditzaten lortzea da. Parlamentu honek beste behin kolektibo adierazgarrienen parte-hartzea eta proposamenak entzutea sustatu nahi du. Gaur haurren ahotsa izan nahi dugu, bidegabekeria eta ezberdintasunekin amaitzeko dituzuen proposamenak jakin nahi ditugu, giza eskubideak egiaz bete daitezen. Hori da gure helburua”.

Jarraian, Nafarroako haurrek egun bizi duten egoerari buruzko proposamenak eztabaidatu dira; Osoko Bilkuran dauden bederatzi erakundeen bozeramaileek defendatu dituzte oholtzan.

Sandra Pascual-ek (Nafarroako Gurutze Gorriko Gazteriaren zuzendari autonomikoa) ohartarazi duenez, “helduei dagokie maila behartuen oinarrizko behar fisikoak betetzea, bereziki adingabekoenak. Osasun laguntza osoaz, hezkuntzaz eta aisialdiaz mintzatzen gara; eta batzuetan azken hori ahazten dugun arren, maila sozialean era orekatuan garatzen laguntzen du. Eta garrantzitsuena, familiaren maitasuna eta arreta, baina horretarako gurasoen ongizate emozionala beharrezkoa da”.

Raquel Bea-k (Hijas de Jesús, DBHko 3. maila), nabarmendu duenez, “100 milioi pertsona daude Lehen Hezkuntzarako sarbiderik gabe -hori, hain zuzen, Milurtekoaren xedeetako bat da-, eta alfabetatu gabeko 900 milioi pertsona baino gehiago daude. Nafarroak hezkuntzan egiten duen inbertsioa handitu dezan eskatzen dugu hemen, baita munduko beste zonalde batzuetako esleipen solidarioari dagokionez ere. Beharrezkoak ez diren gastuak murrizten baditugu … egin daiteke”.

Lourdes Cuesta-k eta Raquel Mondéjar-ek (ANFAS) “ezgaituen eta diagnostikorik gabeko gaitzak pairatzen dituztenen eskubideak aldarrikatu” dituzte. “Irisgarritasun kognitiboa oso garrantzitsua da. Eskubideez mintzatzen jarraitzen gara, baina Nafarroan ezgaitasun intelektualen bat duten 1.386 adingabe ditugu, horientzat aukera berdintasuna besterik ez dugu eskatzen. Ezgaitasuna duen haur bat izateak ia 40.000 euroko gainkostua dakar urtean. Gaur mendekotasunean inbertitzea bihar autonomian irabaztea da”.

Ángel Iriarte-k (Caritas) 7.435 familia-unitate artatu dira aurten eta horietatik “3.106 adingabekoak dituzten familiak dira, 1.037 guraso bakarrekoak eta horietan guztietan, 68tan izan ezik, emakume bat da familiaren burua. Botere publikoei dagokie oinarrizko beharrak asetzeko gutxieneko diru-sarrerak bermatzea, familietako arazoak adingabekoek jasaten baitituzte. Guztion artean susta ditzagun baliabiderik gabeko haurren sozializaziorako guneak eta kontziliazioa posible egin dezagun. Baztertuek duintasuna eskatzen dute, ez limosna”.

Mar Fernández de las Heras ikasleak (Atarrabiako La Presentación ikastetxea, DBHko 4. maila) aipatu duenez, “Nafarroan txikienen ahulgarritasuna areagotu da krisiaren eraginez. Haurren % 30 inguru pobreziaren atalasean eta gizarte bazterkeriako arriskuan bizi da. Ikastetxeetako kalitate pedagogikoa ere kaltetu da. Hemen hori horrela bada, nola izango ote da lurralde azpigaratuetan? Eskubideez asko hitz egiten da, baina betebeharrak ahaztu egiten dira. Nafarroako Parlamentuan berriki onetsi diren konpromiso eta hitzarmenak praktikan jartzera premiatzen dugu”.

Gabriel Rudo-ren ustez (Nuevo Futuro), “familiei oinarrizko baliabideekin laguntzea funtsezkoa da. Azken xedea gizartea heztea izan behar da diru-laguntzei lotutako haurrak izatetik haur aktibo eta autonomoak izatera igarotzeko”.

Itxaso Iriarte-k (Hegoalde Ikastola, Lehen Hezkuntza) “hezkuntzan, osasunean, aisialdian eta giza harremanetan adingabekoen oinarrizko beharrak ase daitezen” eskatu du. Amaitzeko, “elikagaien bankuei laguntza handitzea, eskola publikoa eta pribatua zein euskarazko eta gaztelerazko hezkuntza berdin tratatzea. Diru publikoa hobe kudeatu behar da, besteak beste, eskolaz kanpoko jarduerak dohain izan daitezen eta gurasoen lanaldia murriztu dadin”.

Eugenio Lecumberri-k (Ilundain Fundazioa) “gizartearen eta familiaren arreta gabeziak artatzeko baliabideak mugitzearen” alde egin du, “ekonomiaren kolokatasun testuinguru honetan areagotzen ari baitira. Larria da gabezia horiek disfuntzioak eta tratu txarren esperientziak dakartzatelako, bai eta etxean erreferentzia okerrak izatea ere. Pobrezia tasarik handiena 16 urtetik beherakoei eta 65 urtetik gorakoei dagokie. Esparru horretan haurren bizitza laburtzen da eta garaia baino lehenago sartzen dira helduaroan”.

Maider Gabilondo-k (Unicef Nafarroa) baieztatu duenez, “Haurren Eskubideen Kontseilutik 25 urte bete dira eta, babes legalean aurrerapauso handiak eman diren arren, haurtzaroa da oraindik ere talderik ahulena, lurralde aberatsetan ere bai”.

Andoni Urrutia-k (Sancho III el Mayor BHI, 1. DBH) defendatu du “gizarte ezberdinetan dauden ezberdintasunak neutralizatzeko haurtzaroan esku-hartzeko erabakia. Haurren pobrezia mota guztien aurka borrokatu behar da, baina nabarmenena desnutrizioa da”.

Parte-hartzeak bukatu direnean, ebazpen proposamenak bozkatu dira. Lehen lehendakariorde Samuel Carok eman ditu bozketaren emaitzak (50 boto alde eta abstentzio 1).

Jarraian, Mahaiko kideek Nafarroako armarriaren margolan bat eman diete Osoko Bilkuran parte hartu duten elkarte eta ikastetxeen ordezkariei.

Ondoren, Carok ikasleei eta gizarte eragileei eskerrak eman dizkie egindako ekarpenengatik eta “haurren eskubideen eta arretaren alde egiteagatik, gizartearen kolektibo ahulenetako bat baita” eta saioari amaiera eman dio.

Hauek izan dira parte hartu duten elkarteak: Unicef, Caritas, Gurutze Gorria, Anfas, Nafarroako Nuevo Futuro elkartea, Haritz-Berri Fundazioa eta Iruñeko Hijas de Jesús, Atarrabiako La Presentación, Nafarroako Sancho III El Mayor BHI (Tafalla) eta Iruñeko Hegoalde Ikastola.

Parlamentu-talde guztiak bertaratu dira saiora.