Publicada el Jueves, 27 de Noviembre de 2014

Osasuna klubak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen zorraren berregituratzea onesten duen Foru Legea onetsi dute

Zor dituen 49,5 milioien ordainketa erraztu diote klubaren ondasun higiezinak ordainean emanda eta 15 urterako 4 milioirainoko abala emanda

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, Osasuna klubak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen zorraren berregituratzea onesten duen Foru Legea onetsi du gaur.

Irakurketa bakarrean izapidetuta (Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin), UPN, Socialistas de Navarra eta PPN parlamentu-taldeek bultzatu duten legearen xedea da “Osasuna klubak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen zorraren ordainketa berregituratzea (abenduaren 31n 49,5 milioikoa izango da), batez ere klubaren ondasun higiezinak ordainean emanda eta 15 urterako 4 milioirainoko abala emanda, era horretan haren jarduera finantzatzeko epe laburrera behar dituen kreditu eragiketak edo maileguak ziurtatzeko.

Ase ez den zerga-zorraren diferentziala, bi aldeen adostasunarekin “hirugarren enpresa” batek ebazten duen tasaziotik heldu den zenbatekoarekikoa, interesik gabeko hiru urteko moratoria baten bidez ordaindu beharko da (lehen mailara igotzen bada interesekin) eta 30 urteko gehieneko geroratze baten bidez. Ondoko baliabideak hartuko dira hori ordaintzeko: ikus-entzunezkoen eskubideetatik eratortzen den zenbatekoaren % 25; jokalarien eskualdatze-eskubideetatik eratortzen direnen % 25; eta Gobernutik babes-kontratuak direla-eta jasotako zenbatekoen % 100.

Bestalde, Osasunak Taxoare arrazoizko prezioan alokatu ahal izango duela ziurtatzen du, 75.000 euro urtean bigarren mailan eta 150.000 lehen mailan (Hiri errentamenduei buruzko 29/1994 Legean xedatuarekin bat gaurkotu ahalko da), eta Sadarren lagapena bakarrik kontserbatze-gastuak bere gain hartuta lortzen du. Nafarroako Gobernuak “eskubide lehenetsia” izango du eskualdatutako finketan kirol, hezkuntza nahiz kultur jarduerak sustatzeko eta Osasunak 14 urtetik behitiko gazteentzako kirol jarduerak ahalbidetzeko konpromisoa hartzen du.

Klubak tasazioa jasotzen duenetik zenbatzen hasita hilabeteko epean ondasunen eskualdatze-eskritura publikoa gauzatu beharko du (hortik aurrera beste hilabete bat izango du errentamendu-kontratua gauzatzeko). Gainera, Osasuna klubak bere estatutuak aldatuko ditu, kontrol batzorde bat ezartzeko. Batzorde horretan Administrazioaren ordezkari bat egonen da, egiaztatze aldera foru lege honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla “harik eta zerga-zorra osorik ordaindu eta abalak iraungi arte”.

Xedatzen denez, lege hau onesteak “ez ditu erantzun beharretik salbuesten Osasuna klubak zituen aurreko administratzaileak, beren karguetan jardutean erru edo zabarkeria larriz egindako egintza edo ez-egiteengatik”. Ildo horretan eta talde guztien babesarekin eta atxiki gabekoen abstentzioarekin onetsi den talde sozialistaren zuzenketa baten bidez exijitzen da Osasunak 2005-14 epearen kanpo auditoria bat eskatu dezan Parlamentura igortzeko. Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da Parlamentuari eska diezaion Kontuen Ganberak Nafarroako Ogasunak Osasuna klubarekin 2005-14 epean burututako (edo burutu behar izan zituzkeen) jarduera guztien auditoria bat egiteko. Era berean Parlamentuari igortzeko, kluba premiatzen da Nafarroako Gobernuari bideragarritasun planak eman diezazkion, bai eta haren izaeraren edo egoera juridikoaren egon izan zitezkeen aldaketen berri eman ere.

Gauzak horrela, legearen azken xedea Nafarroako Komunitateak Osasuna erakunde “enblematikoaren” jarraikortasunean duen interesa eta klubak, “muturreko larritasuneko finantza-egoeretan” murgilduta, Zerga Ogasunarekin duen zorra kobratzea bateragarri egitea da. Proposatu dutenen ustez zor hori “ezin izanen zitekeen beste egoera batean kobratu”. Hori gutxi balitz, Nafarroako Gobernuak finantza-entitateen aurrean abalatu diren zenbatekoen aurrean (Gobernuak 2003an abalatu zituen 18 milioietatik 7,2 kitatu gabe daude oraindik) erantzungo luke.

Atxiki gabekoek aurkeztu dituzten bederatzi zuzenketak bazter utzi dituzte.

Atxiki gabekoen proposamena bazter utzi dute

Osasuna klubari bere zerga-zorren gerorapena onesteko mugak eta baldintzak ezartzen dituen lege proposamena, atxiki gabekoek aurkeztu dutena, bazter geratu da UPN, SN, PPN, Bildu, Aralar-Nabai eta I-Eren aurkako botoekin.

Atxiki gabekoen testuak, besteak beste, klubak bizi duen egoera ekonomikoaren atzean egon litezkeen erantzukizun politikoak argitzea proposatzen zuen.

Gainera, ondasunak ordainean ematea legalki babestuko zuen txosten juridiko bat eskatzen zuen, ondarea ematea “estatuaren laguntza” gisa ulertzekotan Europar Batasunak ezarritako irizpidearen aurkakoa izan zitekeela esaten baitzen,

Halaber, Osasunaren tributuei buruzko datuak, txostenak eta aurrekariak Parlamentuaren esku jartzea eskatzen zen eta (lau hilabeteko epean) kanpoko auditoria bat eskatzera premiatzen zen, batez ere 2000 urtetik aurrera gertatutakoan.

Osasuna kluba hartzekodunen konkurtsoan sartuko balitz, epaileari Ogasuna konkurtso administratzaile hartzekodun izendatzea eskatzea aurreikusten zen. Eta Kirol Sozietate Anonimo (KSA) bihurtuko balitz, zorpetutako zenbateko osoaren ehuneko jakin bat ordaintzera behartuko litzateke, halako moduz non geroratzearen iraupen osoa (30 urte) murriztuko litzatekeen. Eta lehen mailara igoko balitz, geroratzearen epe maximoa gehienez ere 12 urtera murriztuko litzateke.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 124. zk., 2014-11-14koa)