Publicada el Jueves, 27 de Noviembre de 2014

Adierazpen instituzionala, Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela-eta

Osoko Bilkura hasi aurretik Alberto Catalánek hilaren 24ko saioan Eledunen Batzarrak onetsi zuen testua irakurri du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Alberto Catalánek gaurko Osoko Bilkura hasi aurretik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela-eta hilaren 24ko saioan, egun horren bezperan alegia, Eledunen Batzarrak onetsi zuen testua irakurri du.

Honela dio onetsi zen adierazpenak:

l.- Nafarroako Parlamentuak genero indarkeriagatik eraildako emakume guztien memoriari oroitzapen mingarri bat dedikatzen dio bihotzez, haien familia eta lagunei doluminak adierazten dizkie eta indarkeria horren adierazpen guztiak gaitzesten dituela agertzen du, biktimekin duen konpromisoa handituz eta tratu txarrak ematen dituzten guztiei “zero tolerantzia” adieraziz.

2.- Nafarroako Parlamentuak indarkeria sexista mota guztiak eta agerbide guztiak gaitzesten dituela adierazten du, agerikoak izan ala ezkutukoak izan.

3.- Nafarroako Parlamentuak egunero mikro matxismoak jasaten dituzten emakumeei haren elkartasuna adierazten die, bai eta ezarritako rol eta estereotipoak betetzera behartuta dauden, eta beraz egiaz botererik ez duten, emakume guztiei ere.

4.- Nafarroako Parlamentuak indarkeria mota guztien aurka eta legearen, hezkuntzaren, osasunaren eta gizartearen esparruetan gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasuna lortzeko lan egiten jarraitzeko konpromisoa duela adierazten du eta Nafarroako Gobernua zein Administrazio Publikoak premiatzen ditu haiek ere ildo horretan lan egiten jarrai dezaten, izan ere, hori da berdinen arteko bizikidetza gizarte bat eratzeko eta bazterkeria eta indarkeria sexistak errotik desagerrarazteko aukera bakarra.

5.- Nafarroako Parlamentua udalei eta toki entitateei berdintasunaren eta genero indarkeriaren eskumenak berariaz berreskuratu ditzaten eta beharrezkoa den aurrekontu esleipen eman dezaten eskatzen die, bai eta Gobernu estatalari eta gainerako Administrazio Publikoei ere bai, bakoitzak bere eskumenen esparruan, Generoko Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa osotasunean eta modu eraginkorrean aplika dadin.

6.- Nafarroako Parlamentuak ahulgarritasun bereziko egoerak aurreikusteko eta egoera horretan dauden emakumeak artatzeko politikak garatzeko beharrezkoa den inbertsioa lortze aldera jarduteko konpromisoa hartzen du.

7.- Nafarroako Parlamentuak Gobernu estatala premiatzen du Zigor Kodean, Botere Judizialeko Lege Organikoan, Kode Zibilean, Prozedura Zibilaren Legean eta Prozedura Kriminalaren Legean beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, zertarako eta haien familia inguruan generoko indarkeria jasaten duten adingabeko seme-alaben seguritateen babes judiziala eragingarria izan dadin, seme-alaben jagoletza, bisita, zaintza eta hezkuntzaren erregimenari buruzko neurri zehatzak hartzeko beharraren harira epailea berariaz mintzatuko dela ziurtatzeko, seme-alabei babesa eta arreta emango zaiela ziurtatuta, bai eta behin behineko neurri zehatzak hartzea ere, arreta eta babes sozial osorako bestelako neurriak barne.

8.- Nafarroako Parlamentuak emakumearen aurkako indarkeria prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeari buruzko Istanbuleko Hitzarmenarekin bat egiten duela eta Generoko indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira gizartearen gaitz hori errotik kentzeko konpromiso irmoa duela adierazten du jendaurrean.

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua Istanbuleko Hitzarmenaren printzipio eta xedeak gauzatzen ari den generoko indarkeriari buruzko legearen erreforman gehi ditzan premiatzen du.

10.- Nafarroako Parlamentuak emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzukizun sozial eta politikoa hartzen du, hasteko behin gure aurreiritzi, jarrera eta eguneroko jokabideak era pertsonalean zein taldean berrikusita. Erantzukizun hori bere egiten du gauzak alda daitezen eta ez du emakumeen aurkako indarkeria, txikiena izanda ere, baimentzen duen edo emakumeen aurkako erasoak eta jarrera baztertzaileak zuritzen duen hitzaldirik onartuko.

11.- Nafarroako Parlamentuak herritar guztiak gonbidatzen ditu adieraztera emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen duela eta hura errotik desagerrarazteko konpromiso indibiduala zein kolektiboa duela, oro har patriarkatua eta emakumeen bizitzan dauden indarkeria guztiak salatzera, gizarte iraunkor, demokratikoago, bidezkoago eta berdintzaileago batera elkarrekin aurrera egiten jarraitzeko formula gisa.