Publicada el Jueves, 20 de Noviembre de 2014

Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren onarpenaren XXV. urteurrena ospatzeko Ekitaldia

Catalán-ek Parlamentuak gaztetxoenen eskubide eta askatasunekin hartu duen konpromisoa berretsi du eta beraiei eskatu die haurtzaroan gertatzen diren bidegabekerien ahotsa izateko

Gaur, Nafarroako Parlamentuak Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren XXV. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin du, Nafarroako Unicef erakundearekin batera. Gainera, Teresianas (60), Santa Catalina (40) eta Santísimo Sacramento (40) eskoletako nahiz Hegoalde Ikastolako hainbat ikaslek parte hartu dute.

Saioa Osoko Bilkuren aretoan egin da eta, besteak beste, Carmen Alba Gobernuko ordezkaria, Ana Elizalde Iruñeko Udaleko jarduneko alkatea, José Iribas Hezkuntza kontseilaria, Iñigo Alli Gizarte Politikarako kontseilaria, Javier Enériz Arartekoa, Joaquín Gálvez NJANko presidentea, Teresa Nagore Familia eta Haurtzarorako Institutuko zuzendaria eta Álvaro Navarrete Nafarroako UNICEFeko presidentea bertan izan dira; bai eta Samuel Caro, Txentxo Jiménez eta Koldo Amezketa mahaikideak eta parlamentari gehienak ere.

Ganberako presidenteak, Alberto Catalánek eman dio hasiera ekitaldiari eta, lehenik eta behin, Unicefen lana azpimarratu du, “bai haurren eskubideekin bai egunero munduan bortxatzen diren oinarrizko eskubideekin bat datozen balioen sustapenarekin eta sentsibilizazioarekin engaiatuta dagoen erakundea” dela esanez.

Konbentzioari dagokionez, Giza Eskubide Unibertsalen Adierazpenean oinarrituz haurrak oinarrizko eskubide eta askatasunen subjektutzat hartzen dituen lehenengo nazioarteko legea dena, Presidenteak Parlamentua “beteko genuela hitz eman genuen” testuaren edukiarekin bat datorrela errepikatu du.

Zentzu horretan, Catalánek 2005ean Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko Foru Legea onartu zela gogorarazi eta hori “adin txikiko ahulenen babesean gertaera garrantzitsua izan dela, Ganbera 1989ko Konbentzioan jaso ziren eskubideekin bat datorrela baieztatzen baitu” gehitu du.

Ildo horretatik, eta Nafarroari dagokionez, Presidenteak azpimarratu du “krisialdiak eragindako babesgabetasun edo ezegonkortasun egoerak egon daitezkeen arren, errealitatea beste herrialde batzuetan gertatzen denarekin alderatuta oso desberdina dela, horietan haurren eskubideak oraindik bermatu gabe daudelako”.

Deialdi bat eginez amaitu du Catalánek. “Erakundeei, familiei, komunikabideei eta gazteei arduratsuak izateko” eskatu die, eta “bereziki gaztetxoen ardura” azpimarratu du, “etorkizunean agintariak” izango direnez, “horiena baita haurtzaroan gertatzen diren bidegabekerien ahotsa izateko ardura”.

Ondoren, lau ikastetxetako ordezkariek ekitaldirako idatzi diren manifestuak irakurri dituzte. Carlos Larrayoz-ek (Teresianas) eta Mafalda Uli-k (Hegoalde) Lehen Hezkuntzakoa irakurri dute eta Verónica Goñi-k (Santa Catalina)eta Javier Razquin-ek (Santísimo Sacramento) Bigarren Hezkuntzakoa.

Jarraian, beste bi ikaslek, Julen Sansebastián-ek eta Nekane Pilco-k, ekitaldian izan diren parlamentari eta agintariei Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren ale bana banatu diete.

Eta amaitzeko, Parlamentuko lehenengo presidenteordeak, Samuel Carok, Haurren Konbentzioarekin bat egiteko Adierazpen Instituzionala irakurri du. Adierazpena, Haurtzaroaren aldeko paktu Nafarra sortzeko lan egiteko konpromisoa dela-eta, joan den astelehenean mahaiaren bileran eta Bozeramaileen batzordean aho batez onartua izan zen.

Honela dio onartutako adierazpenak:

“1.- Nafarroako Parlamentuak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat egiten duela publikoki adierazten du.

2.- Nafarroako Parlamentuak, foru-eskumenei dagokienez, adierazpenaren edukia betetzen dela bermatzeko ahal duen guztia egingo duela hitz ematen du. Haurrentzako politikak egiteko eta garatzeko lanak bultzatuko ditu, gizarte zuzenago eta berdinago baterantz aurrera egin ahal izateko.

3.- Nafarroako Parlamentuak Haurtzaroaren aldeko paktu Nafarra lortzeko lan egiteko asmoa duela adierazten du. Paktuak eskubideen eta haurren ongizatearen oinarrizko bi ezaugarriak babestu beharko ditu: pobreziaren kontrako babesa eta kalitatea eta berdintasuna hezkuntza-sisteman”.