Publicada el Jueves, 26 de Junio de 2014

Atzerriko edozein hizkuntzak euskarak baino balorazio handiagorik izan ez dezan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

Berezko hizkuntza dela esaten zen eta Arartekoak Foru Komunitateko Administrazioan sartzeko deialdien harira emandako aholkua aipatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren alde emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nafarroako Arartekoaren gomendioa onar dezan eta, horrenbestez, behar diren neurriak har ditzan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan edo haren erakunde publikoetan sartzeko deialdietan ingelesa edo atzerriko beste edozein hizkuntza jakiteak ez dezan izan euskara jakiteak baino balio handiagorik, euskara Nafarroako hizkuntza eta hein batean koofiziala dela kontuan hartuz, salbu eta justifikatutako lanpostu zehatz batzuetan, beste herrialdeetako herritarrekin lotura berezia izateagatik ezinbestekoa denean atzerriko dena delako hizkuntza jakitea lanpostuan aritzeko”.

Zioen azalpenean, Bildu-k, Aralar-Nabaik eta Izquierda-Ezkerrak bultzatu duten mozioak Arartekoak egindako aholkuarekin bat egiten zuen: “ezin dela sustatu atzerriko hizkuntza bat, oro har, eta aldi berean ‘ahaztu’ bertakoa den bat, euskara hain zuzen”. Eta Parlamentuak aitortutako eskubide eta askatasunen defentsarako eta babes maila hobetzeko goi mandataria den aldetik, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai bat gogorarazi zuen. Bertan zehazten denez “euskarak baditu izaera jakin bat eta babes maila bat, atzerriko hizkuntzek ez dituztenak”.

Proposatu dutenek Ogasuneko teknikari eta Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile lanpostuetarako egindako deialdietan euskara ez baloratzea eta ingelesa bai baloratzea nolatan egin zen azaltzeko apirilean egin zuen agerraldiaren edukiaren harira Arartekoak esan zuena babesten zuten. Arartekoak erantzun zuen tratu gutxiesgarri hori saihestu behar dela, “edozein dela ere deialdian ezartzen den hautaketa modua (oposizioa edo oposizio-lehiaketa), modu hori deialdia egiten duen administrazio publikoaren eta lanpostuaren eginkizunen izaeraren araberakoa da”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 63. zk., 2014-05-09koa)