Publicada el Viernes, 25 de Octubre de 2013

Nafarroako Gobernua Parlamentuan iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko etorkizunerako plana aurkez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Nafarroako Gobernua Eusko Jaurlaritzari hitzarmena eta ituna aldi berean negoziatzea proposatzeko eskaerak ez du aurrera egin

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “iruzur fiskalaren aurkako etorkizuneko plana aurkez dezan Parlamentuan, une honetan garatzen bukatzen ari den iruzur fiskalaren aurkako planaren balantze arrazoitu eta kuantifikatuarekin batera”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Estatuarekin Nafarroaren Hitzarmen Ekonomikoa negoziatzean mahai gainean jar dezan Nafarroa Ecofinen egotearen eskakizuna, eskubide historiko preskribaezina baita”.

Mozioak beste hiru puntu zituen, guztiak bazter geratu direnak. Lehendabizikoan, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Eusko Jaurlaritzari proposa diezaion aldi berean eta adostasunez jardutea Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Itun Ekonomikoaren negoziazioari dagokionez”.

Bigarrenean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaion “Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Itun Ekonomikoaren negoziazioari dagokienez, aldi berean eta adostasunez jardutearen alde ager dadin”. Idatz-zati hori, aurrekoaren modu berean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik haren alde emandako botoekin eta gainerakoek haren aurka emandako botoekin bazter geratu da.

Halaber, bazter geratu da Nafarroako Gobernuari eskatzea “Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioari begirako helburuei eta plataformari buruzko informazio osoa eman dezan, negoziazioari ekin aurretik”. UPNk, SNk eta PPNk haren aurka bozkatu dute eta, beraz, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman duten babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako ebazpenak argudiatzen du ezen “itunaren eta hitzarmenaren aurkako erasoa bateratua eta aldiberekoa” dela eta, hortaz, “horien defentsa ere bateratua eta aldiberekoa izan behar” duela. Gainera, negoziazio-gaiak “berberak” direla dio.

Ildo horretan, proposatu duen taldeak gai berberetarako baterako konponbideak bilatzearen alde egiten du, are gehiago “lehendabiziko negoziazioak beti bestea baldintzatzen duela” kontuan hartuta.

Hori dela-eta, “Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harreman fiskalen, erreforma fiskalaren eta iruzur fiskalaren aurkako planen” gisako gai esanguratsuen aurrean, zeinak osotasunean ikusi behar diren, “aldebikotasuna da testuinguru egokiena”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 120. zk., 2013-10-22koa)