Publicada el Jueves, 25 de Abril de 2013

Nafarroako Gobernua gizarte-bazterkeriari buruzko diagnosi bat eta Nafarroako Gizarteratze Plan berri bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Ohartarazten da Nafarroan bazterketa arriskuan dagoen biztanleria % 35 igo dela, 2010ean % 9,7 izatetik 2011n % 13,1 izatera igaro baita

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako gizarte-bazterketari buruzko diagnosi bat egin dezan, horretan oinarrituz Gizarteratze Plan berri bat abian jarri ahal izan dadin 2014an”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, PPNk aurkeztutako gehitze-zuzenketa baten bidez gehitu dena. Bertan, Foru Komunitateko gobernua deitzen da “plan hori Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin batera egin dezan, departamentu hori prestatzen ari den Gizarteratzerako Plana kontuan hartuta”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak “krisiarentzako irtenbide sozial eta solidario” bat bilatzearen alde egiten du. Horretarako, sozialisten ustez beharrezkoa da “ongizate-estatua eta gizarte-politikak sendotzea, zabaltzea eta hobetzea”.

Horren karietara, proposatu duen taldea Pobreziaren eta Gizarte-bazterkeriaren aurka borroka egiteko Europako Sareak (EAPN) egindako txostenaren ondorioei dagokio, izan ere, txostenak dio Nafarroan, pobrezia eta bazterketa arriskuan dagoen biztanleria % 35 igo dela, 2010ean % 9,7koa eta 2011n % 13,1ekoa baitzen.

Ildo berean eta sare horren beraren beste txosten bat erreferentzia hartuta (Proposamen berriak garai berrietarako, 2013), azpimarratzen da “pobrezia-tasa baxuenak heldu direla gizarte-babeseko indizea handiena izan denean; horren adibiderik argiena Nafarroa eta Euskadi dira”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 25. zk., 2013-03-01ekoa)