Publicada el Jueves, 20 de Diciembre de 2012

17/2001 Foru Legea, Nafarroan Merkataritza arautzen duena, aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, jaiegunetan irekitzeari dagokionean 17/2001 Foru Legea, Nafarroan Merkataritza arautzen duena, aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Nabai-k aurkeztu duen Foru Lege proposamenak Nafarroaren eskumenak erabiltzea du helburu. Horrela, “Estatuak jaiegunetan libreki irekitzearen inguruan onetsitakoaren aurrean, Merkataritzaren Mahaiaren esparruan araututakoari eusteko, alegia, urtean 4 jaiegun baino gehiagotan ez irekitzeko”.

Zioen azalpenean, proposatu duen taldeak agerian utzi du merkataritza txikiak “egoera zaila” bizi duela gure erkidegoan. “Urte asko darama pairatzen saltoki handiak garatzearen ondorioak eta merkataritza-jarduera hiriguneetatik urruntzea”.

Horri dagokionez, adierazten da ordutegien liberalizazioak “zailtasun gehigarri” bat dakarkiela komertzio txikiei, familienak edo langile gutxikoak izateagatik ordutegien arloan saltoki handiekin “lehiatzerik ez” dutenei.

Halaber, “familia eta lana bateragarri” egiteari dagokionez ordutegi horiek sektoreko langileei dakarzkieten ondorio negatiboak azpimarratzen dira.

Hartara, Batzordean eztabaidatuko den Foru Lege proposamenaren 33. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatzen duen artikulu bakarrak honakoa dio:

“2. Merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak urtero, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatokiari entzun ondoren eta urteroko irailaren 1a baino lehen, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, horren barne direla egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak. Gehienez ere lau izanen dira egun balioduntzat joko diren igande eta jaiegunak”.

· www.parlamentodenavarra.es
·Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 93. zk., 2012-11-12koa)