Publicada el Viernes, 26 de Octubre de 2012

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den hezkuntza-instalazio publikoei buruzko plan bat aurkez dezan Sarrigurengo gaur egungo, epe ertaineko eta epe luzeko eskolatze-beharrizanei erantzute aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat ahobatez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “sei hilabeteko epean hezkuntza dotazio publikoen plan bat aurkez dezan –azpiegiturak eta baliabideak eraikitzeari dagokionez- gaur egun dauden eta epe ertain eta luzean egonen diren eskolatze-premiei erantzuteko, Sarrigurengo herrian, eskola-adinean dagoen biztanleriaren premien arabera eta Sarrigurengo udalez gaindiko proiektu sektorialean jasotako dotazio-konpromisoen arabera”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Sarrigurengo ikastetxe publiko batean haur eta lehen hezkuntzako ikaspostu bat segurta diezaien halakorik eskatzen duten ikasle edo familia guztiei. Datorren ikasturterako eta hurrengoetarako”. Idatz-zati horrek UPNren, SNren, Nabai-ren, Bildu-ren, I-Eren eta atxiki gabeko bi parlamentarien babesa eta PPNren abstentzioa jaso ditu.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua gonbidatzen da “bi urteko epean behar diren ekintzak gauzatu ditzan, zertarako eta, pixkanaka, bi urte horietan, erantzuna emate aldera 0-3 urteko ikasleak Sarrigurenen eta ikastetxe publiko batean eskolatzeko eskari guztiei”. SNk, Nabai-k, Bildu-k, I-Ek eta atxikitu gabeko bi parlamentariek haren alde bozkatu dute, PPNk ez du bozkatu eta UPNk haren kontra bozkatu du.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “Sarrigurenen bigarren hezkuntzako ikastetxe bat eraiki dezan, bertan derrigorrezko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irakaskuntzak eskaintzeko”. SNk, Nabai-k, Bildu-k, I-Ek eta atxikitu gabeko bi parlamentariek haren alde bozkatu dute eta UPNk eta PPNk ez dute bozkatu.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak Eguesibarreko demografiaren garapenari dagokio “hezkuntza egiturak eta eskaintza handitzea” eskatzea arrazoitzeko, “ikastetxea eskolatze-eskariari erantzun egokia emateko gauza ez” delako.

Ildo horretan, proposatu duen taldeak dioenez, “0-3 urteko ikasleentzako ikaspostu publikoek ez dute betetzen ezta eskariaren herena ere”; Haur eta Lehen Hezkuntzako ikaspostuek ikastetxearen “egitura-ahalbideak gainditzen dituzte”; eta Bigarren hezkuntzako derrigorrezko mailetako eta derrigorrezkoak ez diren mailetako ikasleek “beste toki batzuetara jo behar” izaten dute, baina horiek ere “saturatuta” daude.

Egoera horretan, Nafarroako Gobernuari oroitarazten zaio konpromisoa hartu zuela egoera horri konponbidea emateko Sarrigurengo udalez gaindiko proiektu sektorialaren bitartez, eta aurreikusi zuela “2007rako 0-3 urteko hiru ikastetxe egotea, lehen hezkuntzako bi ikastetxe egotea (950na ikasposturekin) eta bigarren hezkuntzako ikastetxe bat egotea”.

Egungo errealitatea da Sarrigurenerako aurreikusitako hazkundea (Nafarroa osoko jaiotze tasa altuenetako bat duten 12.000 biztanle baino gehiago) “espero zena” izan dela, “eta aurreikusi eta eraiki diren etxebizitza gehienak bete” egin direla. Hori dela-eta, ikastetxea “ez da nahikoa”, gaur den egunean 700 ikasle hartzen baititu, “sartu daitezkeenak baino 200 gehiago” alegia.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 79. zk., 2012-10-05ekoa)