Publicada el Jueves, 13 de Septiembre de 2012

Nafarroako Gobernua hedabideen sektorearen lan egoeraren gaineko azterlan bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpena ahobatez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “hedabideen sektorearen lan egoeraren gaineko azterlan bat egin dezan”.

Azterlanak, besteak beste, honakoak jasoko ditu: “profesionalen kopurua, jardunean nahiz langabezian daudenena; horien jarduna arautzen duten hitzarmenak; gerta daitezkeen egoera irregularrak; lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak eta sektorearekin lotutako enpresak”.

Gainera, jaso beharko da “Komunikazioaren sektoreak Nafarroako BPGan duen inpaktu ekonomikoa, produkzio-esparru guztiak barne (kazetaritza enpresak, publizitatea, blogak, ekoizleak, Komunikazio Fakultatea, …), kontuan hartuta diru-sarrera materialak ez ezik, hedabideen bidez “Nafarroa” marka nazionalean eta, zenbaitetan, nazioartean hedatzetik (San Ferminak, kirol ekitaldiak, etab.) heldu den etekina ere”.

Nabai eta Bildu parlamentu taldeek hala eskatuta, in voce aurkeztu duten gehitze zuzenketa onetsi baita, azterlanak “pluraltasunaren”, “euskararen presentziaren” eta “ahultasunen, sendotasunen eta eragin eremuen” analisia egingo du; era horretan, hedabideen sektorea “bultzatzeko”.

Zioen azalpenean, PPNk hedabideen eta kazetarien “egoera txarrari” egiten dio erreferentzia, Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakariak Parlamentuko Kultura Batzordean eginiko agerraldian agerian utzi zuen moduan.

Proposatu duen taldeak azpimarratzen du “erabateko ezjakintasuna” dagoela “gizartean eragin handienetakoa duen sektore” honen inguruan eta, “itzulkin ekonomikoaz gain, aniztasun ideologikoa ere” ematen duela adierazi ondoren, oroitarazi du “kazetaririk gabe ez dago kazetaritzarik eta kazetaritzarik gabe ez dago demokraziarik”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 49. zk., 2012-05-18koa)