Publicada el Viernes, 23 de Diciembre de 2011

Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsita

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak 2010eko Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du gaur, UPN eta SN taldeek haren alde emandako botoekin, PPN taldearen abstentzioarekin eta Nabai, Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeek kontra emandako botoekin.

Bere garaian Comptos Ganberak igorritako txostenaren arabera 2010eko kontu orokorrek Foru Komunitateko Administrazioaren ekonomia eta finantza egoeraren ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Honako hauek dira txostenean jasotzen diren kontuak: Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen kontuak, sozietate eta fundazio publikoak, Parlamentua eta haren mendeko organoak (Comptos Ganbera eta Arartekoa).

Txostenaren datuen arabera, 2010ean Foru Komunitateko Administrazioaren gastuak 4.301 milioi eurokoak izan ziren eta diru-sarrerak 4.410 milioikoak. Aurreko ekitaldiaren datuei dagokienez, gastuak % 1,6 murriztu eta diru-sarrerak % 4,5 handitu ziren.

Gastuen 4.300 milioietatik, 1.547 transferentzia arruntei egokitu zitzaizkien, 1.164 langileei, 575 gastu arruntei eta antzeko kopuru bat kapital transferentzietan erabili zen. Diru-sarrerei dagokienez, zeharkakoak 1.655 milioikoak izan ziren eta zuzenak 1.600 milioikoak. Gainontzeko kontzeptuak funtsean pasibo finantzieroei (595 milioi) eta prezio publikoei (395 milioi) dagozkie.

Azken hiru urteetako kontuen bilakaerak diru-sarrera arrunten % 3ko jaitsiera eta gastuen mantentzea islatzen du, aurrezki gordinaren % 20ko murrizketarekin (gastu eta diru-sarrera arrunten arteko ezberdintasuna). Foru Komunitateko Administrazioaren zorra 2008ko 815 milioitik 2010eko 1.524ra igaro da, Nafarroako BPGaren % 8,20a dena.

“Hortaz –azpimarratzen du txostenak-, diru-sarrera arrunten jaitsiera gastu arruntena baino proportzio handiagoan eman izana, bai eta 2008-2010 aldiko zorraren handitze nabarmena eta, ondorioz, finantza kargarena, errekurtso arrunten etengabeko gutxitzea eragiten ari da”. Txostenak aurreko urteekin alderatuta 2010ean inbertsioak gutxitu direla ere azpimarratzen du.

Enpresa publikoei dagokienez, txostenak nabarmentzen du 2010. urtearen bukaeran Gobernuak sektorea berregituratzeko plana onetsi zuela haren kopurua 38tik 13ra murrizteko. 2010ean enpresa publikoek kontsolidatu gabeko 28,7 milioiko galerak eduki zituzten, aurreko urteko emaitzak hobetzea dena. Hau Sprin enpresaren datuen ondorioa da 100 milioiko galera izatetik 8 izatera igaro baitzen.

Txostenak zuzemenean gardentasuna eta eraginkortasuna hobetzeko aholku sorta bat du. Hauen artean, nabarmentzekoa da kontuak Parlamentura bidaltzeko data aurreratzea., Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak irailaren 15ean finkatzen duena. Comptos Ganberaren aburuz, egungo bitarteko teknikoek itxiera ekitaldiaren amaieratik hurbilago dagoen data batean egitea ahalbidetzen dute. Halaber, honek Comptos Ganberak ikuskatutako kontuak oraingo epea baino lehen aurkeztea ahalbidetuko luke.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 36 zk., 2011-12-02koa)

Iruña, 2011ko abenduaren 23a