Publicada el Lunes, 22 de Octubre de 2007

Adierazpen instituzional bat onetsi da, Nafarroako Parlamentuak Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunekin bat egiteko eta ospakizun horiek babestekoa.

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunekin bat egiteko eta ospakizun horiek babesteko adierazpen instituzionala, Nafarroako Ezker Batua-Izquierda Unida de Navarra foru parlamentarien elkarteak aurkezturikoa.

Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:

"Adimen Osasunaren Nazioarteko Eguna 1992ko urriaren 10ean ospatu zen lehenbiziko aldiz, jendearengan adimen-osasunari buruzko oharmena sustatzeko asmoz.

Adimen Osasunaren Nazioarteko Federazioak aldarrikatua izan zen, eta Osasunaren Mundu Erakundeak besterekin batera babestua.

Mundu guztian 400 milioi pertsona inguruk dituzte adimen-nahasteak, nahaste neurologikoak edo alkohola eta drogak gehiegikeriaz kontsumitzearekin zerikusia daukaten beste batzuk.

Datorren urriaren 10ean ospatuko den Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunak arretagai izanen du suizidioa, ekidin daitezkeen garaiz aurreko heriotza askoren arrazoi nabarmen gisa aintzat hartua. Aurtengo leloa hauxe izanen da: "Sentsibilizatzea eta arriskuak mugatzea: adimen-gaixotasuna eta suizidioa".

Helburua, esan bezala, sentsibilizatzea eta arriskuak mugatzea da; izan ere, adimen-gaixotasun larri bat ez diagnostikatu eta ez tratatzearen ondorio izan ohi da, maiz asko, suizidioa.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Europan urtero 58.000 pertsona hiltzen dira beren buruaz beste eginda (horietako 4.500, Espainian); alegia, auto-istripuz hiltzen diren 51.000 pertsonek osatzen dutena baino multzo handiagoa.

Eta gutxienez ere suizidio horien % 65en jatorria depresioaren arloko nahasteak izan ohi dira.

Hori guztia dela-eta, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak honako hau adierazten dute:

1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du datorren urriaren 10ean Adimen Osasunaren Nazioarteko Eguna, lelo gisa "Sentsibilizatzea eta arriskuak mugatzea: adimen-gaixotasuna eta suizidioa" duena, ospatzearekin, eta ospakizun hori babesten du.

2.- Nafarroako Parlamentuak deritzo lan egin beharra dagoela, bai botere publikoetatik bai gizartearen osotasunetik, adimen-gaixotasunen bat daukaten pertsonen gizarteratzean eta laneratzean egiazko aurrerapausoak emateko eta pertsona horiekiko bereizkeria- eta bazterkeria-adierazpenei bukaera emateko.

3.- Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du administrazio publiko guztiak oharturik egon daitezen adimen-osasuneko programez arduratzearen eta haietara behar adinako baliabideak bideratzearen premiaz".